Izaskun Zeziaga Azpeitiko Ingurumen teknikaria, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Eihari Alberdi Energiaren Informazio Bulegoko arduraduna, herritarrei zuzendutako zerbitzu berria aurkezten. (Nerea Uranga/Hitza)
Krisi ekonomikoa eta ingurumena kontuan hartuta, herritarrei zuzendutako beste zerbitzu bat jarri du martxan Azpeitiko Udalak: Energiaren eraginkortasunaren inguruko informazio bulegoa. Energiak Urola Erdiko familiengan zuen eragin ekonomikoaren gainean Ingurugiro Etxeak 2011n egindako azterketan du jatorria zerbitzuak. Informazio bulego berria Azpeitiko udaletxearen Hirigintza Departamentuan dago, eta, besteak beste, energiaren kontsumoa eraginkorragoa izateko informazioa eta dauden diru laguntzen berri emango dute.
Eneko Etxeberria alkateak esan duenez, Azpeitiko Udala hondakinen gainean egiten ari den Gugandik hasita kanpainaren baitako beste zerbitzu bat gehiago da. «Azken batean, energia ondo kudeatzea hondakinak ondo kudeatzearekin oso lotuta dago».
Energiaren Informazio Bulegoa martxan jartzeko izan dituzten arrazoi nagusietako bi krisi ekonomikoa eta ingurumena izan dira. «Krisi ekonomikoak eragina du, eta herriko etxeetan eragin handia duela nabarmena da. Uraren, gasaren edota argindarraren fakturak askotan handiak dira. Diruz urri bagabiltza, faktura horietan nola aurrez dezakegun edo gutxiago nola gast dezakegun jakitea garrantzitsua dela uste dugu», nabarmendu du alkateak.
Baliabide energetikoak
Horrez gain, ingurumen ikuspegitik energia aurreztea eta energia kontsumoan eraginkorrak izatea ere garrantzitsua dela uste du Etxeberriak. «Mundu honetako natur baliabideak ez dira amaigabeak. Baliabideak bukatu egiten dira, eta gakoa hoiek ondo kudeatzean dago. Beraz, oso garrantzitsua da baliabide energetikoen kudeaketan eraginkorrak izatea. Azken batean, energiaren kudeaketa oinarrizko eskubideekin lotuta baitago; bizia bera ezin da energia gabe egin. Esaterako, urik edo gasik gabe ezinezkoa da bizitzea».
2011 eta 2012 urteen artean Ingurugiro Etxeak energiak Urola Erdiko familiengan zuen eragin ekonomikoa aztertu zuen. Azperketa Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako 212 familiaren datuekin egin zuten. Herritarrek boluntarioki hartu zuten parte.
Orain, Azpeitiko Udalak egitasmo harekin lotuta jarri du abian energia eraginkortasunerako bulegoa. «Informazio bulegoaren proiektu hau martxan jartzearen jatorria Ingurugi Etxeak egindako azterketan dago», azaldu du Izaskun Zeziagak, Azpeitiko Udaleko Ingurumen teknikariak.
Pobrezia energetikoa
Ingurugiro Etxeak familien kontsumo ohiturak aztertu zituen, baita kontsumoak etxeetako
ekonomian zuen eragina ere. «Azterketan pobrezia energetikoaren kontzeptua azaldu zen.
Hau da, pobrezia energetikoa, kontsumoarekin lotuta definitzen da. Familia baten sarreren %10 edo handiagoa bada energiaren kostua, familia hori energetikoki pobrea dela esan ohi da. Energia kontsumoa familia horren errentan oso gastu garrantzitsua d», esan du Ingurumen teknikariak.
Informazio gutxi
Ingurugiro Etxeak egindako azterketaren arabera, Urola Erdian pobrezia energetikoan dagoen familia kopurua %10 ingurukoa dela gogorarazi du Zeziagak. «Kopuru garrantzitsua» zela iruditu zitzaien udaleko arduradunei. Gainera, jendeak «informazio falta handia» zuela jabetu ziren ingurumeneko arduradunak. «Gaur egun etxeetako energia kontsumoa murrizteko merkatuan dauden produktuen gaineko informazio gutxi zuten herritarrek, alegia». Hala, informazio bulego bat martxan jartzea erabaki zuten, eta Eusko Jaurlaritzak abian ipinitako Enplegu Berdearen programari esker bulegoko teknikaria hartu zuen udalak.
Energiaren iraunkortasunerako informazio bulegoaren ardura Eihari Alberdik du. Honek azaldu duenez, bulegoan herritarrei emango zaien informazioa honakoa da, besteak beste: «Etiketa energetikoaren inguruko informazioa emango da, etxetresna elektrikoena, argiztapenarena edota orain gutxi arautu duten eraikuntzen zertifikatuarena». Gasaren edo elektrizitatearen fakturak interpretatzen ere erakutsiko dute, baita askotariko tarifen gaineko informazioa eman ere. «Energia berriztagarrien gaineko informazioa ere eskura jarriko dugu, funtzionamendua, araudia eta diru laguntzak azalduz», azaldu du Alberdik.
Bulegoa, udaletxean
Bulego berria Azpeitiko udaletxeko Hirigintzako Sailean egongo da, eta telefono zenbakia 943-080909 izango du. «Herritarrek edozein zalantza izanez gero lasai dei dezatela, eta zalantzak argitzen edota eskatzen duten informazioa ematen ahalginduko naiz», azaldu du informazio bulegoaren arduradunak. 08:00etatik 13:00etara dago zabalik.