Azkoitri triatloi taldeak antolatuta, duatloi festa inklusiboa egingo dute bihar Azkoitian. Hainbat proba jokatuko dituzte egun osoan zehar, baina antolatzaileek eguna bitan banatuko dute: goizean, umeei zuzendutako duatloiak egingo dituzte, eta arratsaldean, helduentzako duatloi herrikoia.
Festa goizean goiz hasiko da Azkoitian, 10:00etatik 12:30 ingurura bitartean dozenaka haur ibiliko baitira antxintxika nahiz bizikleta gainean. Azkoitiko eta Azpeitiko ikasleek parte hartuko dute haurren probetan. Guztira, 400 bat haurrek parte hartzea espero dute antolatzaileek, Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxe guztietako eskola kirolean aritzen diren ikasleek, hain zuzen.
Aurtengoarekin, laugarrenez jokatuko dituzte umeen duatloi probak. Ikasketa mailaren arabera bereizi dituzte irteera orduak: 10:00etan, LH3koen txanda izango da (500-2.000-100 metro); 10:30ean, LH4koena (500-2.000-100metro); 11:30ean, LH5ekoena (500-3.000-200 metro); eta 12:00etan, azkenik, LH6koena (500-3.000-200 metro).
Arratsaldean hiru duatloi jokatuko dituzte, 16:00etan hasita; zehazki, federatuta dauden kadete mailakoen duatloia izango da jokatuko duten aurrena. 16:10ean, berriz, duatloi egokitua hasiko da, eta handik bi minutura, duatloi orokorra. Antolatzaileek emandako izen emate datuen arabera, 60-70 pertsonak parte hartuko dute arratsaldean.
Aldaketa ugari
Antolatzaileek aldaketa ugari egin dituzte aurtengorako. Nagusiena kokapenarena da, Trenbidearen Zumardian izango dute-eta proba guztiek irteera eta helmuga, festa Alde Zaharretik hara lekualdatuta. Haurren probakoak herriko plazatik abiatu ohi ziren, eta eliz ataritik nahiz Altzibartik igaro. Ordea, zapatuan azokara jende askok jotzen duela eta, "kexak" izan zirela azaldu du Haritz Uranga Ebro antolatzaileak. Hori hala, hark adierazi du haurren duatloiaren kokapena aldatzeko proposamena egin ziola udalak herriko triatloi taldeari. "Azkoitrik ez du inongo arazorik izan lekua aldatzeko, baina umeen probaren kokapena aldatzeak helduena aldatzea ere eskatzen zuen. Azpiegitura oso handia behar da triatloia antolatzeko, eta lan handia zen haurren duatloia egin ondoren, eguerdian, helduen duatloirako boxak, arkua eta abar beste leku batera mugitzen hastea". Gainera, "lasaitasun apur bat" ere hartuko dute ibilbide aldaketarekin antolatzaileek. "Haurrak Juin industrialdean bueltaka ibilita, babestuago sentituko gara".
Beraz, Trenbidearen Zumardiako lautadan, hango kaleetan eta Juin industrialdean zehar ibiliko dira aurten korrikalariak eta txirrindulariak. Auzune horretako belardian jarriko dituzte partaideentzako boxak, eta bertan muntatuko dute sari banaketarako podiumaren plataforma.
Lekualdaketak, era berean, "zirkuitua lautzea eta erraztea" ekarri du. "Gure helburua izan da ahalik eta jende gehienak parte hartzeko modua izatea, eta horregatik, bizikleta gaineko ibilbidea moztu eta guztiz laua izatea erabaki dugu. Zirkuitu itxiagoa sortu dugu, nahiz eta bira gehiagokoa izango den. Santa Kutzeko malda ere saihestu egin dugu, bizikletan ibiltzera ohitu gabe zegoen jendearentzat aldapa hori eragozpena izan zitekeela pentsatzen baikenuen". Kirolariek bi kilometro egingo dituzte aurrena korrika, zortzi kilometro eta erdi bizikletan, eta azken kilometroa korrika.
Bide berriak aukeran
Kokapenaz eta ibilbideaz harago, parte hartzeko bide berriak eskaini dituzte; izan ere, helduen duatloi herrikoian binaka eta erreleboka parte hartzeko aukera ere izango da. Azken modu horretan parte hartzeko, kirolari batek korrikako bi zatiak egin beharko ditu, eta besteak, aldiz, bizikleta gainekoari dagokiona. "Banakako probak izan arren, beste lagun baten babesean egiteko erraztasuna eskaini dugu. Askotan esan ohi da bizikletan ondo moldatzen dela bat, baina ez korrika, edo alderantziz. Halakorik gertatu ez dadin, bi lagun elkartu eta batek proba korrika eta besteak bizikletaz egiteko aukera izango du", esan du Ebrok.
Lehen hiru gizonezkoek eta emakumezkoek sari bana jasoko dute, baita kategoria bakoitzeko lehen sailkatuek ere. Binakako eta errelebokako sailkapenetan, berriz, aurreneko bikote mistoa eta gizonek zein emakumeek osatutako lehen bi bikoteak sarituko dituzte.
Guztiz herrikoia
Aurtengo proba guztiz herrikoia izango da; "inoiz baino herrikoiagoa", dio Ebrok. Azkoitrikoek hasieran ez zuten proba antolatzeko Euskadiko Triatloi Federazioarekin harremanetan jartzeko asmorik, baina, azkenean, haien eskakizunez egingo dute federatutako kadeteentzako proba. "Boxerako hesiak-eta federazioari eskatu genizkionean, beraiek bultzatu gintuzten kadete federatuentzako proba antolatzera, haientzako distantzia egokia zela eta". Ebrok dioenez, Euskadiko zirkuituan "oso proba gutxi" izan ohi dituzte kategoria horretako neska-mutilek.
Epaileak kadete federatuen proba zuzentzen ibiliko dira, baina, bestelakoan, "laguntzeko" egongo dira. "Epaileak ez dira zorrotzak izango, ez dira-eta araudia goitik behera aplikatzen ibiliko. Haiek egongo ez balira bezala jokatzea erabaki dugu guk, eta horregatik, gainerako proba guztietan laguntzeko egongo dira. Partaideek lasaitasunez parte har dezaten nahi dugu".
Azkoitriren helburua da jendeak parte hartzea, eta aurten "edonork parte harte hartzeko moduko duatloia" prestatu nahi izan dute. "Ikusten dugu duatloi munduko probetan gero eta jende gutxiagok parte hartzen duela, eta horregatik, kirol hau indartzea eta ikusgarri egitea nahi dugu". Bide batez, kirola probatzera animatzeko deia zabaldu nahi izan dute Azkoitrikoek. "Euskal Herriko zirkuituan proba pila bat daude, eta ea inguruko jendea probatzera edota beste pauso bat ematera animatzen den. Gure taldean esku zabalik hartuko genituzke kide berriak", esan du Ebrok.
Probarako ezinbestekoak
Probei ekin aurretik, dortsalak jasotzea ezinbestekoa izango dute partaideek, eta horretarako aukera 14:30etik 15:45era bitartean izango da. Boxak, berriz, 14:30etik 15:55era artean zabalduko dituzte. Arropen zaindegia eta dutxa zerbitzua ere eskainiko ditu Azkoitrik 18:00etara bitartean; izan ere, antolatzaileek ordu horretarako aurreikusi dute sari banaketa ekitaldia.
Trafikoan eragina
Biharko proba errepide gainekoa izanda, Azkoitiko Udalak jakinarazi du trafikoan eragina izango duela. Batetik, Trenbidearen Zumardia kalean ezingo da aparkatu biharko 18:00etara arte. Gune horren ordezko moduan, Intsausti kaleko lehengo Lidl supermerkatuaren egoitza zaharraren atzealdean aparkatzeko gomendioa egin du udalak.
Bestalde, San Martin auzorako sarrera-irteeretan ere eragingo du duatloiak. Udalaren arabera, goizean "ez da arazorik egongo" ohiko bideetatik auzora sartzeko edota handik irteteko. Arratsaldean, ordea, Ertzain-etxeko bidea erabili beharko dute ibilgailuek, Nemesio Otaño kalea, hain zuzen. Gainera, Beidazar kalean txandakako zirkulazioa ahalbidetuko dute bi norabideetan. Duatloi herrikoiak ordubete inguru iraungo duela aurreikusi dute antolatzaileek.
Autobusei dagokienez, bihar Donostiatik 15:05ean irteten den UK01 zerbitzuak Txerloian eta Altzibarko biribilgunean egingo ditu geldialdiak. Julio Urkixoko, San Martingo eta Altzibarko geralekua bertan behera utzi dituzte ordu horretako autobusarentzat.