Isilune Zirkuluak deituta, Palestinako herriari elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin zuten atzo, osteguna, herriko plazan. Hileko hirugarren asteazkenero bezala, dozenaka lagun elkartu zen atzo ere herriko plazan 20:00etarako. Isilune Zirkuluak Nakbaren 77. urteurren egunean egin zuen elkarretaratzea. Nakbak "hondamena” esan nahi du arabieraz, eta 750.000 palestinarren exodoa oroitzen du urtero, maiatzaren 15ean. 1947an Nazio Batuen Erakundeak (NBE) Israelen eta Palestinaren lurren banaketaren ondotik hasi zen ihesaldi handia.
Egun, Palestinako lau milioi errefuxiatu baino gehiago daudela gogoraraziz hasi zuten elkarretaratzea. "Sarraskiak gaur arte jarraitu du, egunez egun, hilabetez hilabete, urtez urte eta hamarkadaz hamarkada. Eta azken urte eta erdian sionistak Gazan egiten ari direna, orduko haren jarraipena besterik ez da. Beste behin elkartu gara, Palestinako herriaren eta gizateriaren aurkako azken erasoen aurrean gure salaketa ozena adierazteko; nahikoa da esateko, eta hemendik Palestinako herriari gure maitasuna eta babesa helarazteko", azaldu zuten.
Atzoko elkarretaratzearen deitzaileek nabarmendu zuten egoera "jasanezina" dela Palestina. "Jasanezina egiten zaigu Israelen eraso bakar bat gehiago; jasanezina handik iristen zaigun odolezko eta sufrimenduzko irudi bakar bat gehiago; jasanezina palestinarren heriotza bakar bat gehiago; jasanezina hainbat herrialderen eta erakunderen konplizitatea; jasanezina konponbidean pausoak eman beharrean, genozidioarekin aurrera egite; jasanezina eta onartezina da genozidio anker horrek segundo bakar bat gehiago jarraitzea mundu osoaren begien aurrean".
2023ko urriaren 7an hasi zen erasoa, eta urte eta erdiren ondoren, komunikabideetan "aipamen eskas bat besterik ez" dela egiten salatu zuten elkarretaratzean parte hartu zutenek. Nolanahi ere, 52.900 pertsonatik gora hildako daudela esan zuten, eta gosea nahiz izurriteak "oso zabalduta" daudela Gazako herritarren artean. "Ezin dugu beste alde batera begiratu. Begi guztiak Palestinan jarri behar ditugu, bidegabekeria eta izugarrikeria horren aurka ari den aldarriarekin bat egiteko".
Palestinako herriaren "eskubide legitimoekin bat" egin zuten plazan bildutakoek, eta "irmo" adierazi zuten "behar den guztietan" jarraituko dutela salatzen Israelen "bihotz gabeko gerra politika sionista genozida" eta Israelgo Estatuarekin "bat egiten duen ororen konplizitatea". Bide batez, adierazi zuten ez dutela onartuko Palestinako herriaren errekonozimendua eta Israelen okupazioaren amaiera ez den beste soluziorik.
Justizia eskatu zuten Palestinan jasaten ari diren "giza eskubideen urraketen" aurrean. "Palestinarren aurkako genozidioarekin amaitzeko eskatzen dugu. Baina eskatzeaz gain, gehiago ere egin dezakegu: Hego Afrikan Apartheid-a mundu mailako boikot kanpainarekin amaitu zen. Horixe bera da Israelekin ere egin dezakeguna, bakoitzak gure ekarpena eginda. Boikota Israelgo produktuei, boikota enpresei, erakunde ezberdinei, harreman diplomatikoei, kultur eragileei, kirolariei… Ikus dezatela ez dugula onartzen egiten ari diren sarraskia", esan zuten.
Elkarretaratzea amaitu aurretik nabarmendu zuten Palestinaren borroka, "justizia unibertsalaren aldeko borroka" dela, "genozidio ororen aurkako borroka" dela. "Giza eskubideen eta herrien eskubideen aldeko borroka da, gutako bakoitzaren eta gure seme-alaben etorkizuneko munduaren borroka da", esanez amaitu zuten.