Inauguratu dute Azkoitiko eguneko zentro berria

Aitziber Arzallus 2025ko mai. 15a, 21:30

Burdinoleta kalean atondu duten zentroari Garbiñe Otegi izena jarri diote, eta orain arte San Jose egoitzan zegoen eguneko zentroa ordezkatuko du. Arratsaldean egin dute irekiera ekitaldia eta jendetza bertaratu da, tartean Azkoitiko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak, zentroaren erabiltzaileak eta haien familiak eta baita Garbiñe Otegiren senideak eta lagunak ere.

Hilabeteetako lanen ostean, prest dute Azkoitiko eguneko zentro berria. Gaur arratsaldean egin dute Burdinoleta kaleko zentroaren irekiera ekitaldia, Azkoitiko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariak bertan zirela. Besteak beste, Eider Mendoza diputatu nagusiak, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatuak eta Ana Azkoitia Azkoitiko alkateak parte hartu dute ekitaldian. Han izan dira egungo zentroaren erabiltzaileak eta haien familiakoak, baita Garbiñe Otegiren senideak ere. Izan ere, eguneko zentro berriari Garbiñe Otegi izena jarri diote. Otegi Azkoitiko bizilaguna zen, eta iaz hil zen istripu batean. Lanbidez arkitekto teknikoa zen, Gipuzkoako Foru Aldundian jarduten zuen, eta Azkoitiko eguneko zentroaren diseinuan eta sustapenean funtsezko lana egin zuen. Zentroari bere izena jarrita omenaldia eta aitortza egin nahi izan dizkiote Otegiri, Gipuzkoako gizarte zerbitzuak hobetzeko izan zuen konpromisoaren lekuko.

Eguneko zentro berriak orain arte San Jose egoitzan zegoena ordezkatuko du, eta proiektuaren sustatzaileen arabera, herrian adinekoei ematen zaien arretan aurrerapauso nabarmena ekarriko du. Besteak beste, kokapenean egin dute azpimarra. Izan ere, herrigunetik askoz hurbilago eta irisgarriago dago zentro berria, eta horrek hiri ingurunearekin eta komunitate bizitzarekin lotura izatea erraztu egiten duela adierazi dute, erabiltzaileen autonomia eta gizartearen parte izatea bultzatuz. Proiektuak 680.478,74 euroko aurrekontua izan du.

Gipuzkoako Foru Aldundia udalerriz udalerri zaintza eredu berria zabaltzeko egiten ari den ahalegina nabarmendu du Eider Mendoza diputatuak, eredu hori "pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin lotuagoa"

 izan dadin. Azkoitiko zentro berria norabide horretan beste urrats bat dela esan du, baita adinekoen eta haien senideen "ongizatearen mesedetan egindako" ahalegin kolektiboa dela ere. Garbiñe Otegiz ere hitz egin du Mendozak. "Askotan ahaztu egiten zaigu funtzio publikoan aritzen direnen lanaren balioa eta lan horrek gizartean duen eragin zuzena. Garbiñek ezagutza, jakintza eta ilusioa eskaini zizkion espazio hau sortzeari, leku atsegina izan zedin, pertsonen zerbitzura egon zedin. Keinu horrekin, betiko geratuko da gogoan".

Lankidetza "giltzarri"

Ana Azkoitiak, berriz, geroz eta zaharragoa den gizartea aipatuz hasi du hitzartzea. "Horren aurrean, erne gaude, zaintzaren ekosistema sendo bat eraikitzen jarraitu behar dugulako. Gure zerbitzuak, baliabideak eta espazioak berritu, aldatu edo egokitu beharko ditugu". Erabiltzaileen eta familien bidelagun "proaktiboak" izan beharra daukatela nabarmendu du, eta horretarako, "giltzarri" dela erakundeen arteko lankidetza. "Udalak eta aldundiak 2022an hitzartutako akordioa da horren adibide. Akordioari esker, San Jose egoitzan unitate psikogeriatrikoa guztiz berritzea eta eguneko zentroa herrigunera ekartzea ahalbidetu dugu. Osasuntsu zahartzea ez da beti posible. Duintasunez, zentzuz, konpainian eta beharrak aseta zahartzea, posible da. Hori da gure ardura eta horretan ari gara lanean".

Alkateak ere Garbiñe Otegi gogoan izan du. "Bere presentziak hemen jarraituko du, gurekin. Uste dut omenaldi oso polita dela zentro honek bere izena hartu izana".

Eguneko zentro berriak 356 metro koadroko azalera du eta 30 lagunentzat lekua; aurreko zentroak baino hamar lagun gehiago har ditzake, beraz. Atsedenlekuak, jangela, bi komun estandar eta bi geriatriko, bulegoa, aldagelak, biltegia eta instalazio gela ditu eraikinak, eta alboko plazan 65 metro koadroko kanpo espazio bat jartzea aurreikusten dute. Oraindik izapidetzeke dituzte hori prestatzeko lanak, baina aire zabaleko espazioa funtsezko jotzen dute erabiltzaileen ongizate fisikoa eta emozionala sustatzeko.

Ate irekiak

Herritarrek eguneko zentro berria bertatik bertara ezagutzeko aukera izan dezaten, aldundiak eta udalak ate irekien jardunaldia antolatu dute ekainaren 11rako. 18:30ean izango da saioa. Sustatzaileen esanetan, "aukera bat izango da herritarrak, interesdunak, ingurukoak eta zainketen arloko eragileak bertaratzeko, zentroa bertatik bertara ezagutzeko eta Gipuzkoako zainketa eredu berrian sakontzeko".

San Jose egoitza

Burdinoleta kalean ez ezik, San Jose egoitzan ere denbora daramate hainbat lan gauzatzen hura ere zaintza eredu berrira egokitzeko. Jarduera horien artean daude Psikogeriatriako Unitatea (UPSI) osorik eraberritzea, komun propioa duten banakako hamabost logela sortzeko. Obra horiek datozen hilabeteetan amaitzea aurreikusten du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide