Azkoitia tentsio handiko eremu izendatzeko Eusko Jaurlaritzari eskaria egin diezaion eskatu dio Azkoitiko PSE-EEk udalari. Alderdi sozialistak mozio bat erregistratu du udalean horretarako, eta alokairuko etxebizitza publikoa sustatzeko eredu baten alde egin dezan eskatu dio udalari, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin lankidetzan.
Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailak astelehenean aurkeztu zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan tentsio handiko eremu izenda daitezkeen udalerrien zerrenda eguneratua. Hain justu, zerrenda hori jasotzen duen txostena ezagutu ondoren egin du PSE-EEk eskaera udalean.
Udal talde sozialistak duela bi hilabete eskatu zion udalari udalerria tentsio handiko eremu izendatzea. Etxebizitzarako eskubidea "legez aitortutako eskubide subjektiboa" dela nabarmendu dute sozialistek, eta, beraz, administrazio publikoak "behartuta" daude eskubide hori bermatzera, herritarrek etxebizitza duina eta eskuragarria izan dezaten.
Sozialisten ustez, etxebizitzak "lehentasuna" izan behar du EAJren udal-gobernuarentzat. "Babestutako etxebizitzaren aldeko apustuak irmoa izan behar du, hamarkadak daramatzalako haren prezioak handitzen. Etxebizitza-eskubidea, unibertsala izan beharko lukeena, gutxi batzuk bakarrik onar dezaketen luxua bihurtu da", adierazi du PSE-EEk.
Alokairuaren batez besteko errenta %16 igo da azken bost urteetan, eta gainera, Azkoitiak tentsio handiko eremu izateko txostenaren zerrendan sartzeko aplikatutako hiru irizpideetako bat betetzen du: azken bost urteetan salerosketaren prezioa igotzea.
Tentsio handiko eremu izendatuta, besteak beste, kontratua amaitzen zaien errentariek gehienez hiru luzapen lortu ahal izango dituzte urtean, eta gainera, mugak ezartzen zaizkie bost etxebizitza edo gehiago dituztenenei. Era berean, azken bost urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzetan alokairuaren prezioa mugatu egiten da kontratu berrietarako; erreferentziazko prezioek markatuko duten muga izango dute horiek.
Sozialistek gaineratu dute adierazpen hori "funtsezkoa" dela Azkoitian etxebizitza duina izateko eskubidea berma dadin. "Gobernu honek ezin du gehiago itxaron udalerrian sufritzen ari garen arazoa konpondu ahal izateko neurriak abian jartzeko", adierazi du Azkoitiko PSE-EEk.
Horregatik guztiagatik, mozio hau erregistratu dute udalean, Azkoitiko Udalaren osoko bilkurak honako hau onar dezan:
- Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailarekin lankidetza ereduaren alde egitea, alokairuko etxebizitza publikoak sustatu ahal izateko, eta bere eskumenekoak diren neurriak ezartzea, Bizigune bezalako kudeatzaileen nahiz programa publikoen bidez etxebizitzak merkaturatzea sustatzeko.
- Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza sailari eskatzea, maiatzaren 24ko 12/2023 Legean ezarritako izapideei jarraituz, higiezinen merkatuko tentsio handiko eremu izendatzea, diagnostikoan jasotakoaren araberako irizpideak betetzeagatik.