Herritarrek zerbitzuen sektorean erosketa egiteko, bonuak salduko dituzte beste urte batez Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak, eta kanpainan parte hartu nahi duten saltokiek eta ostalaritza zein merkataritza establezimenduek hilaren 21era arte eman dezakete izena, udaletxeko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan. Aurrez, azkoitia.eus atarian jaitsi daiteke eskaera orria, diru laguntzen atalean.
Martxoaren 25ean, asteartez, jarriko dituzte bonuak salgai. Azken urteetan bezala, lehenengo Internetez jarriko dituzte saltzen, eta hilaren 28tik aurrera presentzialki erosi ahal izango dira, Kontzejupean, 10:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara.
Guztira, 666 bonu jarriko dira salgai; 200 Interneten, eta gainontzeko 466ak aurrez aurre. Ohi bezala, herritarrek %50eko deskontua izango dute txartelak erabiltzerakoan: hau da, bonu bakoitzak 30 euro balioko du, eta 60 euroko balioa izango du. Maiatzaren 25era arte gastatu ahal izango dira bonuak.
Bonu bakoitzak 10 euroko balioa duen sei txartel izango ditu, koloreka banatuta, trukatu ahal izango diren establezimenduak bereizteko. Era berean, txartel laranja bosit euroko bi zatitan banatuta egongo da, "erabilera erraztearren".
Antolatzaileen arabera, bonuak txarteletan banatzearen arrazoia da udalaren laguntza "establezimendu edo zerbitzu mota guztietara iristea", erosketak sektore edo saltoki gutxi batzuen artean egin ordez.
Txartelak, kolorearen arabera, honako toki hauetan trukatu ahal izango dira:
- Arrosa: elikadura, harategiak, arrandegiak, fruta dendak eta edari dendak.
- Laranja: okindegiak, kafetegiak, jatetxeak, tabernak, gozotegiak, gozoki dendak eta baserrietako produktuak (azoka).
- Berdea: moda, oinetakoak, osagarria, kirol dendak, mertzeria eta bitxiak.
- Urdina: ile-apainketa, estetika, masajea, dentista, podologia, optika, farmazia, parafarmazia, lurrin-denda, drogeria eta belar-dendak.
- Morea: zerbitzuen sektorea, inprentak, paper-dendak, bidaiak, aholkularitzak, gasolindegia, loradenda, iturginak, beirateria, dekorazioa, burdindegia, etxetresna elektrikoak, estankoak, tindategia, informatika, pentsuak, autoeskola, aseguru-etxeak eta argazki-dendak.
- Horia: orokorra. Establezimendu guztietan erabili ahal izango da.