Laburbira zirkuituak zortzi film labur erakutsiko ditu bihar Baztartxon

Andoni Elduaien 2025ko mar. 17a, 09:00

Eneko Sagardoyren 'Betiko gaua' film laburraren irudietako bat. (distributionwithglasses.com)

Guztira, zortzi film labur ikusteko aukera izango dute herritarrek ordu eta erdi pasatxo iraungo duen emanaldian. 20:00etan hasiko da emanaldia Baztartxo antzokian. Sarrerak 3 euroan eskuratu daitezke.

Bihar, asteartea, Azkoitian egingo du geldialdia Laburbirak, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariak. Martxoaren 6an Donostiako San Telmo museoan aurrestreinaldia egin eta gero, Euskal Herriko 50 herritan ikusi ahal izango dira zirkuituak aurtengo urterako hautatu dituzten zortzi film laburrak, tartean Azkoitian. Bihar, 20:00etan hasiko da emanaldia Baztartxon, eta sarrerak 3 euroan eskuratu daitezke.

Laburbiraren aurtengo ediziora 35 lan aurkeztu dira, baina horietarik zortzi hautatu dituzte. Orotara, 97 minututako film labur sorta osatu du zirkuitu ibiltariak "ikusleei ahalik eta emanaldi aberasgarriena eskaintzeko" asmoz. Askotariko lanak ikusi ahal izango dituzte herritarrek bihar arratsaldeko emanaldian, bai edukiz, bai estiloz. Gainera, horietako batzuk dagoeneko zenbait zine jaialditan saritu dituzte.

Hain justu, Ekain Martinezen Prosopagnosia, Sonia Estevezen Plazer bat, Eneko Sagardoyren Betiko gaua, Ekain Irigoienen Europa, Karmele Mitxelenaren Pentsatzen dut, Jone Arriolaren Hor konpon, Nerea Ayalak, Patricia Fañanasek, David Modroñok eta Iraia Yartok elkarrekin sortutako Goodbay Kepler eta Alba Lozanoren Utländsk film laburrak emango dituzte.

Hogei urteko "bide arrakastatsua" du Laburbirak, eta emanaldien bitartez, bi helburu bete nahi ditu: batetik, euskal zinemagintza hauspotzea, zinemagileei lanak erakusteko aukera emanaz, eta bestetik, herritarrei euskaraz sortutako film laburrak ezagutaraztea. "Euskal zinemagintzaren erakusleiho erreferentziala bihurtu da Laburbira, eta zirkuitu egonkor eta zabal bat eskaintzen duen neurrian, industria osoaren pizgarri moduan ere eragiten du", azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide