Azkoitiko Udalak ingurumen ituna ez duela bete salatu du Eguzkik

Ane Olaizola 2025ko urt. 25a, 09:27

Eguzkiren arabera, iazko aurrekontuetarako 18.000 euroko partida sinatu zuen udalak ibaiaren ondoko baranden azpian saretak jartzeko, 840 metro inguruko zatian, baina taldeak salatu du erakundeak ez duela "metro bakar bat ere" jarri. 

Azkoitiko Udalak oposizioarekin sinatutako ingurumen ituna ez duela bete salatu du Eguzki talde ekologistak, eta azalpenak eskatu dizkio erakundeari. Taldearen arabera, iazko aurrekontuetarako 18.000 euroko partida sinatu zuen udalak ibaiaren ondoko baranden azpian saretak jartzeko, eta modu horretara, hondakinak ibaira isurtzea saihesteko. Hain zuzen, Altzibar auzoko 41 zenbakiaren atariaren aurrean dagoen aparkalekutik Azkoitia eta Azpeitia arteko bidegorrira arteko zatian —840 metro inguruko tartean— jarriko zuela jaso zuten akordio hartan, baina Eguzkik egiaztatu du "metro bakar bat ere ez" dela jarri. "Horrek agerian uzten du sinatutako akordioa nabarmen urratu dela".

"Ingurumenaren arloko akordio bat ez da soilik elkar ulertze politiko baten ondorio, herritarren eskaera eta beharretatik sortzen da. Aurrekontuetan sartzeak kezka horiei erantzun bat ematen die, bizi-kalitatea hobetzeko helburuarekin, eta horrek itun bat bihurtzen du herritarrekin. Gaineratu behar dugu, halaber, itun hau sinatzeak lotura zuzena duela udalak ingurumena babesteko duen betebehar etiko eta legalarekin, eta hori ere ez du bete", azaldu du Eguzkik.

Taldeak gogoratu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Sailak iazko martxoan diru laguntzen lerro bat ezarri zuela toki-erakundeen eskura, kostaldeetan, ibaietan eta lehorretan sakabanatuta dauden hondakinak garbitzen eta zaborrak kontrolik gabe isurtzea eragozten duten edo ibai-ingurunera iristea eragozten duten elementuak jartzen laguntzeko. Haren arabera, Azkoitiko Udalak zaborra ibaitik kentzeko laguntzak eskatu zituen, eta aurrekontuaren %60 jaso zuen. Era berean, apirilaren erdialdean enpresa batek Urola ibaiko zenbait gunetan hondakinak jaso ondoren, udalak Eguzkiri azaldu zion "ingurumen arazo larria" dela eta "arreta kontzientziazio handiagoa" behar direla hondakinak ibaira iristea saihesteko. Horren aurrean, udalaren jarrera gaitzetsi dute ekologistek: "Udalak ingurumen-arazo larri bat dugula onartzen edo ulertzen badu, logikoena egoera hori aurrikusteko neurri zehatzak ezartzea litzateke. Horregatik, udalaren ekimen eza, gutxienez, zentzugabea, desegokia eta arduragabetzat jo daiteke; izan ere, laguntzak eskatzen dituzte eta ibaia garbitzeko inbertitzen du, horretarako enpresa bat kontratatuz. Hori oso positiboa da, baina ez da nahikoa zaborrak ibaian metatzea saihesteko, bereziki kontuan hartuta oposizioarekin aldez aurretik akordio bat dagoela hitzartuta. Are gehiago, zaborrak kentzeko bezala, diru laguntzetarako aurrekontuetan oposizioarekin sinatutako 18.000 euroen erdia baino gehiago subentzionatua izango zatekeen aldundiagatik".

Bestalde, taldeak salatu du udalak aurrez ere ez dituela "bete" gisa horretako beste hainbat itun: haren arabera, 2022an, 25.000 euro erabiltzea erabaki zen ibaiko zaborrak kentzeko. Urte hartan, erakundeak hainbat tona hondakin erretiratu zituen, eta salatu zuen "Urola ibaiaren degradazioa eta itun hori ez betetzea". Era berean, oposizioarekin sinatu zen beste itun bat 22.000 euroko partida bat izan zen sareta horiek instalatzeko, baina ez zen erabilitako partida osoa erabili;"Arrazoizkoa da galdetzea ea aurten jarritako saretak 2022. urteko soberako diruarekin ordain zitezkeen; hala bada, zergatik ez ziren jarri duela 2 urte? Hori dela eta, neurri horiek ezartzeko finantziazio gehigarria lortzeko ekintzarik izan ez denez, udalak noizbait itun hori betetzeko asmorik izan ote zuen galdetzera garamatza".

Eguzkik, bestalde, azalpenak eskatu dizkio udalari, eta galdetu du "zer logika eta helbururekin" jarri duen hark Altzibar auzoko Kattuin errekaren ondoko 84 metroko barandetatik 23 metro sareta: "Zenbait zatitan metro batzuk jarri dira, baina tarte horien artean saretarik gabeko espazio txikiak utzi dituzte, saretadun eta sareta gabeko tarte txikiez osaturiko patroi bat sortuz". Eguzkiren esanetan, udalak ituna "modu arbitrarioan" urratu du: "Gainera, akordioa sinatu zuen jakinda ez zuela beteko", gaineratu du. Horren aurrean, udalari eskatu dio justifika dezala, "informazio zehatz, arrazoitu eta dokumentatuarekin", zergatik ez duen bete itun hori. Horrez gain, ituna betetzeko eta etorkizunean hondakinak ibaira isurtzea saihesteko zer neurri hartuko dituen azal dezala galdegin dio.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide