Leire Lizarralde: "Gauzak eraldatzeko, atrebentziatik jarduteko aukera eskain dezaket"

Ane Olaizola 2025ko urt. 14a, 09:22

Leire Lizarralde (Ane Olaizola)

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak lehendakari berria du: Leire Lizarralde (Azkoitia, 1999). Aldaketa garaian, trantsizioan, da elkartea, baina errelebo beharrean segitzen du indarrez ekiteko.

Nola hartu duzu Maxixatzen Euskaldunon Elkarteko presidente kargua?

Gogotsu hartu dut. Proposamena iritsi zitzaidan, eta buelta asko eman gabe esan nuen baietz. Elkarteari ekarpen bat egiteko konpromisoarekin sartu nintzen taldera, Maxixatzenek herrian duen funtzioan sinesten dudalako, eta horren heinean, nire onena emateko prest nago.

Zein izango da zure egitekoa elkartean?

Elkartearen ordezkari legala naiz ni, eta zenbait unetan baita aurpegia ere. Administrazioarekin harremanetan arituko naiz, eta herrira begira erreferentziazkoa izan naiteke, baina ez zait bereziki aldatuko Maxixatzenen dudan rola. Gainera, azpimarratzekoa da talde bat dagoela Maxixatzenen atzean, erabakiak taldean hartzen direla, eta bide orria egikaritzeko ardura duena dinamizatzailea da; orain arte Julen Garate izan da dinamizatzailea, eta orain Oihana Sudupe.

Zer gauza berri eman nahiko zenioke elkarteari?

Gaztetasuna eman diezaioket. Gaztea izatearen esperientzia faltak eman dezake bertigo apur bat, baina sinesten dut momentu honetan Maxixatzenek haize berria behar duela, eta gauzak eraldatzeko, atrebentziatik jarduteko aukera eskain dezakedala uste dut.

Urteetan Idoia Alberdik bete du zeregin hori, eta azken urtebetean, lehendakariorde izan zara zu. Haren esperientzia jaso al duzu?

Esango nuke taldekide guztiengandik jaso dudala zerbait. Aipatu dudan moduan, Maxixatzenek talde izaerarengatik egiten du aurrera, eta horri eutsi behar zaio; ezin da bakar baten gain jarri ardura guztia.

Elkarteak hausnarketa prozesu bat egin zuen duela bizpahiru urte, aurrera egin edo jarduera bere horretan uztea erabakitzeko. Prozesu horretan batu zinen zu taldera.

Maxixatzenek aurrera egiteko beharra zuelako, hau da, Azkoitiak euskara elkarte bat behar zuela sinetsita, hartu nuen parte prozesuan, eta horregatik sartu nintzen taldera. Izan ere, gaur egungo baldintzetan, udalak zein euskararengatik urrunago daudenek behar dute herrian euskal dinamika hauspotuko duen talde bat. Elkarteko kideek gonbidatu ninduten aktiboki taldean aritzera, eta nahiko modu naturalean egin nuen urratsa. Lehendik ere nahiko gertu bizi izan dut euskaren aldeko militantzia, euskararen eta euskal gizartearen garapenean aritzen den erakunde batean, Elhuyarren, egiten baitut lan.

Zein da elkartearen gaur egungo egoera?

Biziberritzeko eta indarberritzeko saiakeran dabil elkartea. Prozesu hartan erabaki zen aurrera egitea, baina ez edozein baldintzatan; taldeak indartu eta bizitu egin behar du, eta saiakera horretan gabiltza. Taldekideen artean nekea antzematen da, une batzuetan etsipen puntu bat ere bai. Jende historikoa dago taldean, sorreran egon zena eta proiektuan lan pila bat egin duena. Horrek nekea sortzen du, eta errelebo falta dago. Aldi berean, egungo testuingurua aukeratzat ere badugu: zuzendaritza aldatu da, dinamizatzaile berria dago, eta UKT [Urolako Komunikazio Taldea] eta Maxixatzen banatu zirenetik, saiatzen ari gara elkartea indartzen.

Aldaketa garaian al da, beraz, elkartea?

Baietz esango nuke, eta, gainera, egon behar du. Euskaltzaleen Topagunea ere Taupa mugimendua bihurtu da, sinetsita komunitatean indarra jarri behar dela eta gauzak egiteko beste modu batzuk behar direla. Trantsizioan gaude, eta egon behar dugu, nahitaez. Gizartean aldaketak abiadura handian ari dira gertatzen, eta aurrera ez badugu egiten, atzera egingo dugu. Aldaketa garaian bai ala bai egon behar dugu.

Era berean, azkenaldian herritarrak zein bazkide berriak batu dira Maxixatzenera, eta elkarteak abenduan egin zuen batzar orokorra orain arteko jendetsuena izan zen. Etorkizuna bermatua duela esango al zenuke?

Hausnarketa prozesu hartan herritarrak inplikatu ziren, batzarra ere jendetsua izan zen, eta pozgarria da hori. Baina konpromiso puntualak dira horiek, eta benetan proiektua sostengatzeko eta indarberritzeko lekuko sakonagoa behar dugu. Ikusi dugu jendea badagoela prest, maila desberdinetan bada ere, parte hartzeko eta ekarpena egiteko, eta guri badagokigu komunitate hori zaintzea eta entzutea, gure proiektuak zentzua hartzen duelako hori baldin badago. Baina elkarteak etorkizuna bermatuta izango du baldintza batzuk betetzen badira. Zer baldintza? Erreleboa, esaterako. Gaur egun, taldean pertsona berriak ditugu, baina une honetan, proiektua sostengatzen duten asko dira parte hartze prozesuan 'aurrera edo atzera egin' esan zutenak. Benetako indarberritzea ez da egun batetik bestera emango, trantsizio bat izan behar du, eta erreleboa egoteko, aldaketak emango dira. Maxixatzen une horretan dago. Babes soziala, politikoa eta instituzionala izango du elkarteak berme, eta baldintza horiek betetzen badira, elkarteak aurrera egiteko indarra izango du.

Zein dira Maxixatzenen lehentasunak?

Askotan aipatzen da euskalgintza bidegurutzean dagoela, eta Maxixatzen ere hala dago. Aipatutakoaren bidetik, taldea indarberritzea da lehentasunetako bat, proiektuak bidea egin behar badu. Horrez gain, herrian eragitea ere bada lehentasuna. Orain arte, euskararen sustapenean eragitea lehentasuna izan da, baina orain izugarrizko erronka dugu Azkoitiak arnasgune izaten jarraitu behar badu. Azkoitia arnasgune den heinean, pribilegio batzuk izan ditugu orain arte: testuinguruak euskaldun bihurtu gaitu, baina testuingurua aldatzen ari da, eta arnasgune izaerari eusteko ardura dugu herri moduan. Batzuei dagokie maila instituzionalean eta politikoan pausoak ematea, eta euskaldunon komunitateari dagokigu hiztun kontziente zein ahaldunduak izateko bide aktiboa egitea. Eragiletza horretan, Maxixatzenek rol aktiboa eduki behar du.

Herritarrak kontziente al dira arnasgune izaera ez galtzeko betebehar batzuk dituztela?

Ez gara guztiz egoeraren jabe. Urrats handiak egin dira, eta horrek ahalbidetu du leku batean egotea, baina euskaldunon kontzientziak Azkoitian asko egin du ahultzera.

Elkarteak ohiko norabideari eutsiko al dio aurrerantzean?

Norabidea berbera izango da, baina irekiko ditugu bidezidor batzuk, eta beste batzuk itxi; baloratu beharko dugu orain arte zer egin dugun eta horretan jarraitzeak zentzurik ba al duen. Bide berriak irekitzen ari gara, eta, esaterako, Kafe Mundialak egitasmoa jarri dugu martxan. Jatorri atzerritarra duten pertsonak modu goxoan eta atseginean euskarara hurbiltzea da horren helburua. Izan ere, Azkoitia asko ari da aldatzen, eta migrazio mugimenduak pisu handia dauka. Egun, biztanleen %13 baino gehiago jatorri atzerritarreko bizilagunak dira. Maxixatzen elkarteak badu ardura zubiak eraikitzerakoan, euskaran eta euskal kulturan ardaztutako komunitate bat nahi badugu izan. Norabide hori estrategikoa da.

Horrez gain, haur, gazte eta helduengan eragin nahi dugu, eta, esan bezala, taldea gaztetzea ere behar dugu; erakargarri bihurtu behar dugu Maxixatzen. Bide horretan, gazteei zuzendutako egitasmoak ere egin beharko ditugu.

Euskara Mahaia koordinatzea ere bada elkartearen beste egiteko bat. Zein da talde horren funtzioa?

Euskara Mahaiak ibilbidea egina du. Euskararen sustapenean eragitea du helburu, eta hainbat egitasmo gauzatzen ditu. Egia da ikastetxeen plangintzak asko baldintzatzen duela mahai horren dinamika, baina espazio estrategikoa da, eta potentziala du. Ekosistema horretan guztiok egon behar dugu, eta helburua baldin bada Azkoitiak arnasgune izaerari eustea, Euskara Mahaiak funtzio garrantzitsua du.

Udaberrian Euskaraldia egingo da, eta Azkoitiko dinamika ere koordinatuko duzue.

Erronka dugu hor: talde moduan uste dugu Euskaraldiak ezin duela berbera izan Azkoitian eta Gasteizen. Hizkuntza ohiturak denean eragin behar dira, baina Euskaraldiak eduki behar du gaitasuna tokian-tokian zentzu bat hartzeko. Beraz, asmatu behar dugu Azkoitian zer zentzu izan behar duen. Helburua da adin guztietako azkoitiarrak aktibatzea, euskaraz bizi direnak zein euskararengandik urrunago daudenak, gutxienez jakin dezaten Euskaraldian gaudela.

Lortu al da aurreko aldietan?

Ez behar bezainbeste. Pertsonalki, uste dut ahobizi eta belarriprest roletatik asko ezin dela eragin; harreman edo kolektibo batzuetan eragingo da, baina bestelako salto bat behar dugu Euskaraldiak Azkoitian zentzua izan dezan. Aurreko aldien balorazioa positiboa da, jendeak parte hartu duelako, baina iruditzen zait gehiago egin daitekeela.

Urtebete igaro da Azkoitia UEMAra batu zenetik. Orain arteko zer balorazio egiten duzue?

Balorazioa positiboa da, UEMAn egoteak ematen dizkigulako erronkei erantzuteko tresna batzuk; beste berme bat, akaso. Baina zalantza dugu herritarrengana zenbat iritsi den. Herritarrek antzematen al dute UEMAn gaudela? Zer eskaintzen die haiei UEMAn egoteak? Balorazioa baikorra da, baina gehiago egin daitekeela iruditzen zait. Erakundeek zein euskalgintzako eragileok erronka dugu horretan, egoeraren diagnosia egin eta aurrera begirako norabidean elkarrekin joan gaitezen. Bidea dugu egiteko, eta Azkoitian erantzukizuna dugu pauso aurrerakoiak egiteko, maila sozialean eta politikoan. Begirada estrategikoa behar dugu, eta ekosistema horretan guztiok gara beharrezkoak, baita UEMA ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide