Ekiola Urretxu eguzki-energia kooperatibaren aurkezpena egin zuten atzo arratsaldean Elkargunean, Azkoitiko Udalak harekin lankidetza hitzarmena sinatu ondoren. Modu horretara, udala kooperatibaren bazkide laguntzaile bihurtu da, eta azkoitiarrek hango bazkide egiteko aukera izango dute, kapital-ekarpen baten bidez instalazioaren jabetzaren zati bat eskuratuz. Hain zuzen, proiektuaren atzoko saio informatiboak herritarren interesa piztu zuen, bete egin baitzen Elkarguneko Herriko Plaza aretoa.
Mondragon Taldeko Krean kooperatibak, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) eta Azkoitiko, Ezkio-Itsasoko, Antzuolako eta Urretxuko udalek osatzen dute Ekiola Urretxu, eta Ana Azkoitia alkatearen hitzartzearen ondoren, Krean kooperatibako kide Hodei Arzakek eman zituen egitasmoaren azalpenak. Ekiolaren aurkezpena egiterakoan, energiaren demokratizazioaz hitz egin zuen Arzakek, haren arabera, proiektuaren bidez, herritarrei aukera eman nahi dietelako "modu errazean" energia sortzeko. Dena den, argitu zuen ez dela autokontsumorako proiektua, baizik eta norbanakoaren fakturara igaroko den sorkuntza kooperatiboa.
Eguzki plakez osatutako 1,25 mW-eko azpiegitura bat eraikiko dute Urretxuko Sasietako Garbigunearen ondoan, eta 1,3 hektareako azalera izango du. Arzaken arabera, lurra "nahiko aproposa" da horretarako, betelan bat egingo baitute azpiegitura jartzeko. "Lur degradatua da, eta horri garrantzia ematen diogu, ez baita erraza izaten baliorik ez duen lekua topatzea: industria lurrak oso garestiak dira, errepidera konexioa eduki behar du, orografia egokia izan, eta aukeran, ez du izan behar nekazaritzarako baliorik. Urretxuko lurrak betetzen ditu baldintza horiek".
Arzaken arabera, eredu fotovoltaikoa hautatzea ez da "kapritxoa", energia berriztagarrien artean, "oso garatuta" dagoen teknologia delako hori, eta halako iniziatibei "erantzun ona" ematen dielako. Dena den, onartu zuen ez dela eredu perfektua hori, baduelako "arazo" bat: "Eguzki orduetan sortzen du energia, baina ordu horietatik kanpo, ez. Hori, maiz, ez dator bat etxean ditugun kontsumo ohiturekin: astegunean behintzat, normalean gehiago kontsumitzen dugu goizetan eta gauetan". Dena den, azpimarratu zuen kooperatibara batzen diren bazkideek bermatuta izango dutela energia, bakoitzari egiten dioten analisi pertsonalizatuaren bidez: "Bermatzen dugu analisi partikularren bidez esleituko diogula bazkide bakoitzaren kontsumoaren energia bolumena; hau da, urteko analisia eginda, norbanakoak justifika dezake urte horretan sortuko duela kontsumitzen duen bezainbeste".
"Inbertsio energetikoa"
Kooperatibak bere kostuak ordaindu ahal izateko, bazkideek diru ekarpena egiten dute, baina bakoitzak ez du kopuru bera ordaintzen; kontsumitzen duenaren arabera egingo du norbanakoak diru ekarpena, bazkide bakoitzak boto eskubide berbera izango duen arren. Arzaken esanetan, bazkideak 1.500 euro inguruko diru ekarpena egingo du kooperatiban, eta estimatzen dute trukean 2.200 kilowatt-ordu jasoko duela urtean; "etxebizitza normal batek kontsumituko lukeena da hori".
Horrez gain, energiaren truke kobratuko die kooperatibak bazkideei; hain justu, kostu prezioa, energiagatik kooperatibari kostatzen zaiona, ordainduko dute horiek: 29 euro megawatt-orduan. "Energiaren merkatu prezioaren mendekotasuna ez da guztiz desagertzen, baina bai zati bat, beti ordainduko duzulako 29 euro. Merkatu prezio historikoa 50 euro megawatt-ordukoa izan da gutxi gorabehera, eta gurea horren azpitik dago; prezio ona da. Baina merkatua azken urteetan gorabeheratsua izan da, eta gutxitan, baina egon izan da 29 euroz azpitik ere. Arraroa litzateke, baina gerta liteke, beraz, merkatua beherago egotea". Ildo horretan, Arzakek azpimarratu zuen bazkideek ez luketela Ekiola Urretxu "inbertsiorako proiektutzat" jo behar, "inbertsio energetikotzat" baizik. Dena den, ñabartu zuen: "Bazkideek, ordea, lasai egon beharko lukete, kooperatiba baten babesean prezio justua ordainduko dutelako".
Horrez gain, Kreaneko kideak azaldu zuen proiektua dagoeneko bideragarria dela, bazkideek betetzen ez duten lekua EEEk estaltzen baitu diruz. Herritarrak proiektura atxikitzen doazen heinean, EEEri itzultzen joaten zaio hark ordaindutakoa, eta "azken helburua" da erakundea kooperatibatik atera eta soilik herritarrek osatzea hura.
Europako Next Generation funtsetik 1.159.643 euroko diru laguntza jaso du Ekiola Urretxuk, eta horrenbestez, kooperatiba behartuta dago bestelako osagai batzuk ere izatera: hain zuzen, ibilgailu elektrikoentzako hainbat karga puntu jarriko ditu kooperatibak, eta hark erabakitako prezioan kargatu ahalko dituzte ibilgailuak kooperatibistek. "Puntu batzuk Urretxun egongo dira, eta aztertu beharko dugu Azkoitian ere jarriko al dugun". Bestalde, bazkideek kooperatibaren inguruko informazioa eskuko telefonoan edukitzeko, aplikazio bat sortuko dute.
2025eko udan martxan
650 bazkiderentzat lekua du Ekiola Urretxuk, eta gaur-gaurkoz 86 kooperatibista ditu. Arzakek jakinarazi zuen egitasmoa egun eraikuntza prozesuan dela, eta laster hasiko dituztela lanak. Datorren martxorako azpiegitura eraikita egotea aurreikusten dute, udan kooperatiba martxan egotea espero dute. Dena den, kooperatibista egiten direnek lehenago ere hasi ahalko dute energia jasotzen, beste Ekiola batzuekin hitzarmena eginda.
Proiektuaren inguruko informazio gehiago nahi dutenentzat, bestalde, bulegoa zabaldu dute udaletxeko Arreta Bulegoan. Gaur, bihar eta etzi izango da zabalik, 09:00etik 13:00etara eta 14:00etik 18:00etara artean. Ostiralean, soilik goizez zabalduko dute. Hara joan nahi duenak argindarraren faktura eraman dezake, bazkide egitearen kostua, amortizazioa eta aurrezkiaren inguruko estimazioa jakin ahal izateko. Bulegoan ez ezik, ekiola.eus atarian ere eman daiteke izena.