Jausoroko baso eremua aisialdirako gune berde bilakatuko dute

Andoni Elduaien 2024ko abu. 21a, 12:47

Ibaiaren eta bidegorriaren artean egokituko dute gunea.

Udalaren eskariz Kimubat Taldeak landu du proiektua. Guztira, ia 48.000 euroko aurrekontua izango dute lanek, eta Naturklima fundazioak gauzatuko du, erakunde horren dirulaguntza jaso baitu proiektuak. Klima aldaketaren aurrean "herritarrentzako babesgunea" izango da, udalaren arabera.

Azkoitiko Udalak abian jarri du Jausoro auzoan Urola ibaiaren eta bidegorriaren artean dagoen baso eremua aisialdirako gune berde bilakatzeko proiektua. Udalaren eskariz, Azpeitiko Kimubat Taldeak landu du proiektua, eta aldundiko Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari lotuta dagoen Gipuzkoako klima aldaketaren foru fundazioak, Naturklimak, gauzatuko du proiektua.

Lanketa Gipuzkoako azpiegitura berdeak eta erresilientzia hobetzeko proiektuen eta jardueren barruan kokatuko dute, eta guztira, ia 48.000 euroko aurrekontua izango du. Dena den, udalak jakinarazi du Naturklima fundazioaren dirulaguntza jasoko duela egitasmoak. Guztira, 3.858 metro koadroko eremua egokituko dute, gunea "askoz ere zabalagoa" izatea ahalbidetuz.

Atsedenerako gune berdea egokituta, udalak jakinarazi du bere asmoa dela "zuhaiztia berroneratzea" eta "herritarrei berdegune erakargarria zein atseden hartzeko espazio aproposa eskaintzea". Klima aldaketaren aurrean ere "babesgunea" izango da udalarentzat aipatutako Jausoroko eremu berde hori. Atseden eremua, egonlekua eta mugimendu eremua hartuko ditu barne proiektuak, eta eserlekuak ere jarriko dituzte bai ibaiaren ertzean, bai baso eremuan. Udalaren arabera, gunea jatordu uneetarako ere egokituko dute.

Lanak egingo dituzten eremua gune berdea izanik, landareek ere protagonismo berezia hartuko dute. Guztira, 120 zuhaixka autoktono eta neurri handiko 50 haltz nahiz sahats landatzea aurreikusi du udalak, eta espezie inbaditzaileak erretiratu egingo dituzte. Segurtasun arazoak eragiten dituzten zuhaitz aloktonoak—agertu berria den landarea— eraitsi egingo dituzte, horiek "ihartuta" baitaude. Dena den, asmoa da eraitsitako zuhaitzen enborrak eremuan bertan bioaniztasuna areagotzeko antolatzea, besteak beste, enborrekin jolasak sortuz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide