Jose Luis Larrañaga xake jokalaria omenduko dute zapatuan, Azkoitian

Andoni Elduaien 2023ko api. 19a, 10:10

Jose Luis Larrañagak munduko errekorra lortu zueneko irudi bat. (Azkoitiko udal artxiboa)

Munduko errekorra egin zuen Larrañagak 1982ko azaroan, udaletxean. 605 xake jokalariren aurka aldibereko partidak jokatu zituen hark 31 orduz eta 42 minutuz.

Jose Luis Larrañaga xake jokalari azkoitiarra omenduko dute larunbatean Azkoitiko Elkargunean. 10:30ean hasiko da Anaitasuna Kakute xake taldeak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatutako ekitaldia. Larrañagak munduko errekorra egin zuen 1982ko azaroan, Azkoitiko udaletxeko bilkura areto nagusian, eta 40 urteren ondoren, balentria hura aitortuko diote xake jokalariari.

Urte hartan ordura arte inork egin gabe zuena egitea lortu zuen Larrañagak. 605 jokalariren aurka aldibereko xake partidak jokatu zituen 31 orduz eta 42 minutuz. 535 partida irabazi zituen azkoitiarrak, 42 berdindu eta 28 galdu. 1982ko azaroaren 27ko 17:00etan ekin zion marka saiakerari hark, eta azaroaren 29ko 00:42ean amaitu zuen. 

1979an sortu zen Azkoitiko Anaitasuna Kakute xake kluba, eta handik gutxira Jose Maria Sierra orduko presidentea errekorren Guinness liburua hartuta joan zen taldearen egoitzara. Taldekideak segituan hasi ziren xakeko zer errekor zeuden begiratzen. Branimir Brebrich kanadarrak 1978an egindako marka hartu zuten helburu; 575 aurkariren aurka jokatu zuen Brebrichek urte hartan. 
Orduko presidentea hasi zen errekor kontuarekin hautsak harrotzen klubean. "Sierrak zioen gure klubak hauts zezakeela Brebrichen errekorra. Nigana zuzendu zen, baina hasieran ez zitzaidan burutik pasatu ere egin errekor saiakera egitea. Presidenteak tematuta jarraitzen zuen, ordea". Larrañagak "bi gau" igaro zituen kontu hari bueltaka, eta azkenean, baiezkoa ematea erabaki zuen. "Errekorra egiteko gai nintzela pentsatu nuen".

Errekorra egin zuen azkoitiarrak, baina Vlastimil Hort txekiarrak 636 aurkariren aurka aldiberean jokatu zuen 1985. urtean, eta orduan hobetu zuen xake jokalari azkoitiarren errekorra.

Aitortza ekitaldi irekia

Larunbatean, omenaldia hasteko, Larrañagak orduko bizipenak azalduko ditu Elkargunean. Omenduari harrera egin ostean, errekorra barrutik nola bizi izan zuen adieraziko du hark Gambito de Larra izeneko hitzaldian. Orain arte berak eta ingurukoek bakarrik jakin izan dituzten kontuak emango ditu jakitera hark; besteak beste, urduritasuna, ziurgabetasuna, nekea eta kezka egun hartan nola kudeatu zituen azalduko du jendaurrean. Azalpenen ondoren, berriz, oroigarri bat emango dio Anaitasuna Kakute xake taldeak Larrañagari.

Segidan, Enrique Tejedor xakeko nazioarteko maisuak aldibereko partidak jokatuko ditu 33 kideren aurka. Partida horien hasierako mugimendua Larrañagak egingo du, ordea. Tejedor 2019ko Espainiako xake partida azkarretako txapelduna da, eta Blitz modalitateko 2018ko irabazlea, besteak beste.

Balentria «historikoa»

Xake taldeak Larrañaga omenduko du larunbatean, baina ekitaldiarekin hainbat helburu bete nahi dituzte. Hala azaldu du xake klubeko Jose Luis Fernandez Txelu presidenteak: "Batetik, Jose Luis omendu nahi dugu. 40 urteren ondoren, aitortu nahi diogu sekulako balentria lortu zuela. Orain bezala, lehen ere helburua zen xakea herrian nahiz Gipuzkoan sustatzea eta eskoletan txertatzea. Bestetik, ekitaldiarekin klubeko bazkide berriei klubaren historia zein izan den azaldu nahi diegu. Era berean, belaunaldi berriei erakutsi nahi diegu baliabide gutxirekin gauza handiak lor daitezkeela. Gauzak lortzeko gogoa izatea da gakoa". Haren esanetan, Larrañagak errekorra lortzea "historikoa" izan zen klubarentzat, "are gehiago garai hartan". 

Errekorra lortu eta gero, marka aitortzen zitzaion diploma bat eta Guinness gorbata jaso zituen xake jokalariak. Errekor liburua ere erakutsi zioten behin, baina gerora ez zuen bere izena liburu hartan ikusteko aukerarik izan. "Azken 40 urte hauetan ahanzturan gelditu da kontua", adierazi du Txeluk. Hark azaldu du "Larrañagari omenaldia egiteko unea" dela orain. "Kluba zorretan egon da betidanik Jose Luisekin. Izugarrizko gogoa genuen egun hau antolatzeko; ezin zen gehiago atzeratu".

Larunbateko eguna "une ezin hobean" ospatuko du Anaitasuna Kakute xake taldeak: Preferente mailako taldeak kategoriari eutsi dio, eta gaztetxoak eskolarteko finalera sailkatu dira. Xakea inoiz baino osasuntsuago dago egun Azkoitian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide