Gabonetako Loteriak 2,35 milioi euro inguru utzi ditu Azkoitian eta Aizarnazabalen

Julene Frantzesena 2021ko abe. 22a, 14:33

Bosgarren sariaren zati bat egokitu da Azkoitian zein Aizarnazabalen. Hain zuzen ere, 89.109 zenbakia izan da sariduna. Zenbaki horren 395 dezimo saldu dituzte Jausoro auzoko Ogi Berri kafetegian eta Aizarnazabalgo Troxka tabernan. "Pozez eta emozioz" hartu dute berria Azkoitian zein Aizarnazabalen.

Espainiako loteriaren Gabonetako zozketak 2,35 milioi euro utzi ditu Azkoitian. Bosgarren sarietako baten zati bat egokitu da Azkoitian; hain zuzen ere, 89.109 zenbakia izan da sariduna. Zenbaki horren 395 dezimo banatu ditu Kale Nagusiko Fuente de la Fortuna administrazioak; horietako batzuk administrazioko leihatilan eta besteak Jausoro auzoko Goxo Goxo kafetegian nahiz Aizarnazabalgo Troxka tabernan saldu dira.

Kale Nagusiko Fuente de la Fortuna administrazioan zenbaki horren 60 serie zituzten. "Etxera bidean gindoazen albistearen berri izan dugunean, eta berriz dendara itzuli gara", adierazi dute loteria dendako arduradunek. Ez da aurreneko aldia Fuente de la Fortuna administrazioak Gabonetako eta Erregetako zozketan aurreneko sarietako bat banatzen duela, eta gaurkoan ere "urduritasun eta ilusio handia" sentitu dituztela azpimarratu dute.

Goxo Goxon ere pozarren ospatu dute bosgarren saria, eta hura kafetegian saldu dela jakin bezain pronto hainbat saridun eta auzotar bildu dira atarian. "Lanean nengoen, eta jendea deika hasi zait, esanez sariren bat suertatu dela kafetegian. Ateratzeko falta zen bosgarren saria saldu dugula ohartu gara, eta berehala etorri dira auzotarrak, xanpaina eta guzti. Denon artean ari gara ospatzen".

Aizarnazabalgo Troxka tabernan "pozez eta ilusioz" hartu dute berria. Tabernako langileek azaldu dutenez, saria atera bezain pronto hasi da telefonoa jotzen, eta herritarrak "oso pozik" agertu direla kontatu dute. "Oso pozgarria da saria hemen erortzea. Herrian bi taberna soilik ditugu, eta horietako batean saria egotea izugarria da", adierazi dute Troxkakoek.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide