Zer jaso duzu Gu, banda liburuan?
Azkoitiko Musika Bandaren 150 urte luzeko historia biltzen saiatu gara. Ni kazetaria naiz, ez naiz historialaria, eta ez naiz artxiboetara eta dokumentuetara mugatu, bandaren barruko istorioak jasotzen saiatu naiz, Angel Mari Arenasen laguntzarekin.
Noiz hasi zinen lanarekin, eta nola jaso zenuen Azkoitiko bandaren historia liburuan biltzeko proposamena?
Iaz hasi nintzen lanean, eta urtebete inguru eman dut informazioa biltzen eta liburua osatzen. Arenasek berak proposatu zidan bandaren liburua idaztea, bandaren izenean, eta ardura handia sentitu nuen hasiera batean. Baina oso proiektu ederra iruditu zitzaidan, eta ezin nuen ezetzik esan.
Zer iturrietara jo duzu liburua osatzeko?
Lehenik eta behin, artxibora jo nuen. Imanol Eliasen liburua gida moduan hartu eta XIX. mendeko dokumentuen bila hasi nintzen. Gauza batek bestera eramaten zaitu, artxibo batek beste batera, liburu batean beste baten aipua agertzen da eta horrela joaten zara puzzlea osatzen. Bestalde, bandako kide izandako pertsonak elkarrizketatu ditut, zuzeneko lekukotzak jasotzeko eta anekdotak eta paper ofizialetan agertzen ez diren istorio txikiak biltzeko. Alderdi grafikoari dagokionez, Arenasek 3.000 argazki inguru bildu ditu handik eta hemendik; sekulako dokumentazio lana egin du hark. Jende askok lagundu digu liburua osatzen, eta oso eskertuta gaude.
Dokumentazio lan handia izan da, beraz. Zentzu horretan, zer izan da zailena?
Denboran zenbat eta atzerago egin, orduan eta zailagoa egin zait lana. XIX. mendeko dokumentuak ez dira oso ugariak, eta batzuk oso kontu zehatzen ingurukoak dira, gainera. Beraz, zeuk joan behar duzu hutsuneak betetzen, aurkitutako informazioari zentzua ematen saiatzen eta dagoenarekin aurrera egiten. XX. eta XXI. mendeetako informazioa eskuragarriago dago, jendearekin hitz egin dezakezu eta akta liburuak ere badaude; errazagoa suertatu zaigu hori.
Bandak, 150 urteko historian, zer ibilbide izan du?
Harritu egin nau hain ibilbide luzean izan duen jarraikortasunak; gorabeherak gorabehera, aurrera egiteko sekulako indarra eta fundamentoa izan du. Kolektibo guztietan egoten dira une gazi-gozoak, eta bandan ere izan dira, dela politikarengatik edo giza taldeetako funtzionamenduarengatik. Baina musikarekiko maitasuna, zaletasuna eta lanerako gogoa horien guztien gainetik egon dira beti, eta horregatik moldatu izan da oso ondo egoera desberdin guztietara. Herriaren historia ezagutzeko balio du bandaren historia jakiteak.
Zerbait nabarmentzeagatik, esango nuke bi kontuk aldatu dutela gehien banda: emakumeak han parte hartzen hasteak, eta barne funtzionamenduaren demokratizazioak; hau da, erabakitzeko ahalmena, pixkanaka, zuzendariengandik bandako partaideengana igaro da.
Badago atentzio berezirik sortu dizun daturik edo pasarterik?
Musikariei elkarrizketak egin dizkiedanean, guztiek erakutsi didate musikarekiko maitasun ikaragarria eta bandarekiko konpromiso itzela. Orduak eta urteak musika ikasten eta entseguak egiten pasa eta astebukaera eta jaiegun ugari sakrifikatu arren, ez zaie iruditzen esfortzurik egin dutenik. Guztiek diote gozatu egin zutela eta egiten dutela. Inoiz ez zaie aldapan gora egin, eta bandak asko eman dietela aitortzen dute guztiek. Afizioa, hori da gehien harritu nauena.
Urtez urte, asko aldatu al da Azkoitiko banda?
Urte batzuetan, talde txikiagoa izan da, eta beste batzuetan, handiagoa. Baina, orokorrean, musikarekiko afizioa eta herriarekiko konpromisoa izan duen pertsonen taldea izan da musika banda. Nik organismo bizi baten moduan ikusten dut: une jakin batean jaio zen, hazten joan da, aldatzen, garaietara moldatzen, eta bizirauteko grina du oraindik. Osasun ona duela iruditzen zait. Muinean, ez da askorik aldatu, nahiz eta formak, jarduerak edo funtzioa aldatzen joan diren, ezinbestean.
Herriak bandarekiko duen ikuspegiak, berriz, izan al du bilakaerarik?
Garai batean askoz ere garrantzia handiagoa zuen bandak. Herritarren aisialdian pisu handia zuen eta ekitadi instituzionaletan ere ezinbesteko osagaia zen. Hori asko aldatu da azken 40 urteetan; gure aisialdia askoz ere aberatsagoa da, ordutegiak ere aldatu zaizkigu eta ekitaldien egutegia eta zentzua ere ez dira berdinak. Horrek guztiak bere eragina du bandarekiko pertzepzioan. Hala eta guztiz ere, esango nuke bandak oso entzule fidelak dituela eta publiko hori berritzen doala. Jendeari gustatzen zaio banda. Herriko egun seinalatuetan entzuten dugu, eta festa edo ekitaldi bereziekin lotzen dugu.
Bandari lotutako familia da zurea: aita 50 urtez izan zen zuzendari, ahizpak ere aritu dira bandan... Haien gomendiorik jaso al duzu?
Informazio asko eman didate baina gomendiorik ez, horrenbesterainoko konfidantza bazuten, antza. Hori bai, aitak hasieratik esan zidan liburua argitaratu aurretik irakurri egin behar niola, eta hala egin dut, ez baita alferrik izan bandaren zuzendaria mende erdiz.
Bandakoek zer diote egin duzun lanari buruz?
Konforme geratu dira. Bide osoan laguntzen izan ditut, eta zuzenketa batzuk egiten ere lagundu didate bukaera aldera. Espero dut gustura gelditu izana.