Trikiti eta pandero doinu artean, ehunka lagunek agurtu dute Laja

Ihintza Elustondo 2019ko urt. 15a, 10:06

Trikiti eta pandero doinuak lagun zituztela agurtu zuten atzo, astelehena, Iñaki Garmendia Laja trikitilaria (Azkoitia, 1944). 19:00etan hasita eman zioten azken agurra Azkoitiko parrokian, aretoa jendez gainezka zela. Trikiti eta kultur munduko aurpegi ezagun ugari elkartu zen, hala nola Juan Ramon Azpitarte Imuntzo, Tomas Soraluze Epelde, Izer aita-semeak, Zabale aita-semeak, Saioa Lizarralde, Elustondo anai-arrebak, Joseba Tapia, Xabier Berasaluze Leturia, Xabier Solano eta Urola Kosta eskualdeko dozenaka trikitilari.

Elizkizunaren bukaeran, Xebastian Lizasok, Andoni Larrañagak eta Anjel Larrañagak bertso bana eskaini zioten Lajari, eta horren ostean, dozenaka trikitilarik fandangoa jo zuten. Segidan, senideek Lajaren gorpua atera zuten elizatik, eta ordurako, kanpoan zain zeuden ehunka herritar eta trikitilari ugari. Trikitilariek kalejira jo zuten hildakoaren omenez, eta txalo zaparrada batekin erantzun zuten han elkartutakoek. Jendetza elkartu zen parrokiaren kanpo aldean ere.

60 urteko ibilbidea

Azkoitiarrak 60 urtetik gora eman zituen trikitia eskuetan hartuta. Gutxi izango dira hark zapaldu gabeko plazak, eta asko dira hura erreferentetzat nahiz maisutzat dutenak. Trikitiaren molde klasikoaren eta belaunaldi gazteen arteko lana egin zuela diote adituek.

Laja baserrian jaioa zen Garmendia, eta oso gazterik hasi zen trikitiaren munduan murgiltzen. Ramon Zubizarreta Landakanda pandero jotzaile azkoitiarrarekin osatu zuen bikotea, eta plazaz plaza ibili ziren biak urte askoan. Bi musikariek disko ugari kaleratu zuten 1977 eta 1998 urteen artean.

2002an erretiratu zen plazetatik Landakanda, eta ordutik Mikel Alustizarekin osatu zuen trikiti bikotea Lajak; bi disko kaleratu zituzten elkarrekin: Eguzki begi (Elkar, 2002) eta Non zuztarra, han adarra (Elkar, 2009). Trikitilariaren bizitza jasotzen duen liburua ere bada: Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak 2016an kaleratutako Laja, trikitixaren zubia disko-liburua.

Hona hemen atzoko hileta elizkiunean hartutako irudiak:

(Argazkiak: Ihintza Elustondo eta Ibon Errazu)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide