Maite Lopez: "Asmoa ez da liburu asko saltzea, esperientziatik ikastea baizik"

Urola Kostako Hitza 2018ko eka. 26a, 09:32

Literatura profesionalean lehenbiziko pausoa eman du Maite Lopezek. 'Pienso, luego escribo' izeneko poema liburua argitaratu du, autoedizio prozesu baten bitartez.

Maite Lopez, 'Pienso, luego escribo' liburua eskuetan duela. (Kris Fernandez) Isilpean. Horrela eraman du Maite Lopezek (Azkoitia, 1985)  bere lehen liburuaren argitalpena. Idaztea txikitatik gustatzen zaion arren, Pienso, luego escribo  poema liburua kaleratu izanak "harridura" sortu du bere inguruan. Izan ere, liburua fisikoki eskuan izan arte, ez die proiektu literarioaren berri eman, ez familiari, ez bikote kideari eta ez lagunei. "Espero baino erantzun hobea jaso dut, ordea". Nola sortu da liburua? Betidanik gustatu izan zait idaztea, eta zerbait argitaratzeko gogoa ere izan dut. Hainbat poema nituen idatzita eta argitaletxe batzuetara bidaltzea erabaki nuen. Bi argitaletxek interesa agertu zuten, nire harridurarako. Oso pozik hartu nuen interesa. Horrela, gehiago idazten hasi nintzen, liburua osatu arte. Noiz jakin zenuen liburua amaituta zegoela? Zaila da gero hori jakitea! Hala ere, liburu bat inoiz ez dagoela amaituta uste dut. Nire kasuan, poema kopuru jakin bat nuen idatzita, eta liburu bat osatu zitekeela pentsatu nuen. Argitaletxearekin hitz egin nuen eta tamaina polita zela esan zidaten. Orduan erabaki genuen amaituta zegoela. Gairik badu? Poesia liburua da, eta lau urtarotan zatituta dago. Urtaro bakoitzak bizitzako garai bat adierazten du: udaberria haurtzaroa da, uda heldutasuna, udazkena gainbehera eta tristura eta negua bukaera. Poemek bizitza agertzen dute, edozeinena izan daitekeen bizitza. Haurtzarotik hiltzeko momentura bitartean izaten ditugun beldur, sentipen edota emozioak agertzen ditu liburuak. Hitzek duten boterearen jakitun izanik, idaztea hitz egitea baino nahiago duzula esan duzu. Barruan daramazuna ateratzeko balio izan al dizu liburuak? Bai, azkenean, esaten ausartzen ez zarena idatziz errazago azaltzen duzu. Ahoz esaten ez dakidana idatziz azaltzen saiatzen naiz poema hauen bitartez, eta horretarako, hitz jokoak, metaforak edota bestelako baliabideak erabili ditut. Lehen liburua duzu, eta poesiara jo duzu. Ez zara errazenetik hasi! Poesiak berak ni deitu nauela uste dut. Pentsatu ditudan gauzak poema bitartez sortu ditut. Ez da nik aukeratu dudan zerbait izan; horrela sentitu dut eta horrela egin dut. Gauza bera esan dezaket hizkuntzaz; hori ere horrela atera zait. Gaztelaniako irakaslea naiz, eta agian, horrek eragin egin dit. Circulo Rojo argitaletxearekin plazaratu duzu liburua. Samurra izan al da prozesua? Nire kasuan, autoedizioa da; izan ere, lehen liburua izanik, argitaletxeek ezin dute apustu garbirik egin idazle berri baten alde. Horregatik, prozesua luzea izan da. Ez da liburua idaztea bakarrik, azala, biografia, maketazioa... dena zuk aukeratu eta egin behar duzu. Lana da, baina argitaletxeak gidatu egiten zaitu. Liburua esku artean izan zenuenean, nori erakutsi zenion lehenbizikoz? Nolako erantzuna jaso duzu? Familiari eta bikotekideari erakutsi nien, eta ez zuten sinisten. Liburua esku artean eduki arte, inork ez du ezer jakin. Isilpean eraman dut prozesu guztia. E­z zait gauzak esatea gustatzen, benetakoak edo errealak diren arte. Zerbait gaizki irten zitekeen, beti duzu arrisku hori, eta ez nuen nahi ametsa zapuztea. Espero baino erantzun hobea jaso dut familiaren eta lagunen aldetik, denak oso pozik daude. Lanekoak, adibidez, txaloka hasi zitzaizkidan... Harrituta, baina gustura nago. Liburua kalean da. Zer espero duzu? Nire asmoa ez da liburu asko saltzea, esperientzia honetatik ikastea baizik, eta, ahal bada, hurrengo liburu bat argitaratu ahal izatea. Badakit poesia ez dela genero erakargarriena, eta publiko oso zehatza duela. Baina, egia esan, poesia boladan jarri da. Garai bateko poesiak eta gaur egungoak ez dute zerikusirik, orain ez da hain landua. Pertsonei errazago iristen zaien poesia da gaur egun egiten dena. Eta liburu honen kasuan, erraz irakurtzekoa dela esango nuke. Gai eta hiztegi aldetik, gertukoa da. Nik adierazi nahi nuena eta gero irakurleak  jasotzen duena desberdinak izan daitezke, baina artearen alde ederra da hori. Helburua ez da gustatzea, zerbait transmititzea baizik. Hori nahi dut lortu nik, irakurleari zerbait sortzea barruan eta pentsaraztea. Zein dira zure erreferentziazko idazleak? Izan dudan formazioagatik eta sortzen didaten interes bereziagatik, nire idazle erreferenteak klasikoak dira: Virgilio, Catulo, Safo, Homero, Garcia Lorca eta Gloria Fuertes. Etorkizunean, aukera izanez gero, gustatuko al litzaizuke idazle bezala lan egitea, irakaskuntza utzita? Literaturatik bizitzea oso zaila iruditzen zaidan arren, aukera sortuz gero, nire ametsa egia bihurtzea izango litzateke idaztetik bizitzea. Irakaskuntzak gauza on asko eman dizkidan arren, literaturan eta idazle lanetan gehiago sakontzea gustatuko litzaidake. Orain, idazteko denboraren bila ibiltzen naiz; aldiz, idazle izatera bakarrik bideratuko banintz, ikertzeko, pentsatzeko eta idazteko behar dudan denboraz gain, lasaitasuna edukiko nuke, idazteko hain beharrezkoa den lasaitasun eta zuzentasun hori, hain zuzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide