Joxe Aizpurua Azkoitiko Izar Etxetxo baserriaren mandioan idia ferratzen. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala)
Denboraren joanarekin, belaunaldi berrien etorrerarekin eta bizi ohituren aldaketekin asko dira desagertu edo desagertzear diren ogibideak. Asko eta askotarikoak ziren duela hamarkada batzuetara arte ezinbestekoak ziruditen lanbideak. Esaterako, gaur egun bizargina, serora, errementaria, sastrea edo telefonista aurkitzea lasto artean orratz galdua bilatzea baino zailagoa da.
Inguruotan banaka batzuren esku dagoen beste lanbide bat da ferratzailearena. Urrestillan bazen bat ezaguna; Joxe Mari Arruti zena, baina haren faltan, gaur egun, Urola Kosta eskualdeko baserrietako ganaduei "manikura" egiteaz eta ferrak jartzeaz Joxe Aizpurua Soroa (Asteasu, 1951) arduratzen da. Asteasuko Olarreaga Goikoa baserrian jaio zen Aizpurua, eta mutil kozkorretan aitarengandik ikasi zuen ganadua ferratzen: "Aita ferratzailea zen ogibidez, eta baserrian egurrezko ferratoki finkoa zuen. Asteasuko eta inguruko herrietako baserritarrek gurera ekartzen zuten ganadua ferrak jartzera: Aizarnatik, Errezildik, Aiatik, Zizurkildik, Larrauldik... egunero izaten zuen lana gure aitak. Gogoan dut Erdoiztatik barrena, zaldi parearekin goizean garaiz aterata etortzen zela baserritar bat, eta gurean abereak ferratu ondoren, arratsaldean egiten zuela etxerako buelta".
Eraikuntzan egin du lan urte luzez Aizpuruak, baina etxegintzan urrezko aroa gainbeheran hasi zenean, mutikotan aitak irakatsitako ofizioari heldu zion. Ferratoki eramangarria eta beharrezko lan tresnak hartu, eta Asteasu, Tolosa, Hernialde eta Zumarraga aldean eta Urola Kostan baserriz baserri ibiltzen da. Azkoitiko Izar Etxetxo, Bentauste eta Balentziaga baserrietako ganaduak asteasuarraren bezeroak dira. Azpeitiko Agite baserria ere bisitatu ohi du Aizpuruak, baita Zumaiako Sarrondo, Getariako Bizkarra, Zarauzko Azti eta Orioko Oliden ere.
Aldatu den ofizioa
Ferratzailearen jardunaz galdetuta, Aizpuruak dio ganaduari ferrak jarri edo errena duten abereei sendaketa egiteaz gain, beste hainbat gaitz ere tratatzen dituela: "Mingainean ahobizarrak dituzten idiek gaizki jaten dute, eta afekzio horri aurre egiteko, mingaineko pikortak eta ahoko beste bi zain mozten dizkiegu. Ebaketaren ondoren, odola parrastan botatzen dute, baina, gero, azkar hasten dira jaten".
Urteen joanarekin, ferratzailearen jarduna «pixka bat» aldatu dela adierazi du asteasuarrak. "Aita zenaren garaian ganadu asko izaten zen, eta goizean hasi eta iluntzera arte aritzen ginen ferraketan. Aldatu beharreko ferra kopuruaren arabera desberdina da lana, baina garai onenetan igoal ferratzen genituen egunean bost idi pare". Bestalde, ferratze prozesua ere "nahikoa" aldatu dela gaineratu du. "Garai batean, ferratoki finkoan, ganadua oso-osorik airean jartzen genuen. Ferratoki eramangarrian, aldiz, ganadua zertxobait altxatzen dugu, baina hiru hanka lurrean izaten ditu eta ferratu beharrekoa, berriz, egurrezko oinarri bati lotzen diogu, lana behar bezala egiteko". Erremintei dagokienez ere, sasoi berriekin batera garaiko teknologia erabiltzen hasi da Aizpurua, eta azazkalak txukuntzeko lehen lima erabiltzen bazuten ere, gaur egun esmerila darabil.
Oinak babesteko, pertsonek oinetakoak nola, abereek ferrak erabiltzen dituzte. Aizpuruaren aburuz, garai batean ganaduak baserrian "lan asko" zuen, baina gaur egun idiak, esaterako, probarako bakarrik erabiltzen dira. "Horregatik, garai batean, nahitaezkoa zen idiak ferratzea, soroan zerbait gogorra zapalduz gero, errendu egiten ziren eta".
"Hiltzeko moduko sustoa"
Orioko Oliden baserrira idia ferratzera joan zen batean, "egundoko sustoa" pasatu zuen Aizpuruak. "Olidengo jabeak harakinak dira, eta ni idia ferratzen utzi eta lanera joan ziren. Lanak bukatzean, ukuilura abiatu nintzen ganadua han lotzeko, baina idiak jo eta lau-bost metrora bota ninduen. Gero, astindu ederra eman zidan". Lurrean etzanda zela, idiak hiru aldiz egin ziola eraso dio asteasuarrak. "Kolpe handiak" izanagatik, lurrean etzanda "geldirik" geratu zen, ihes egiten hasiz gero, "berriz eraso" egingo ziola iritzita. "Oldartu zitzaidan azken aldian, idia gainean ikusi nuen, eta ‘akabo!’, pentsatu nuen. Ferratu berria zegoen, eta hankarekin zapaltzen baninduen, lehertuko ninduela uste nuen. Baina, antza, ganaduak ez du zapaltzera egiten. Artean, nonbait, ez zen nire unea, eta zorionez hemen nago oraindik, bizirik".