Koldo Alkorta 'Tili', ardo kopa eskuan duela 'Um blem ble' abesten. (Ainitze Agirrezabala)
Jan-edana ondo errotuta dagoen kultura da euskaldunen artean, eta halako juntadizoetan, izan familiakoa nahiz lagunartekoa, usadioa da brindisa egitea. Ardo zein xanpain kopekin topa egin aurretik, ordea, bada abesti bat mahaiaren bueltan bildutako guztiek kopak gora altxatuta ozen abesten dutena:
Um blem ble, um blem ble, kopa hori, kopa hori, txirri aska, txirri aska, altza kopa hori, altza kopa hori, ieu!.
Um blem ble izenarekin bataiatutako brindis famatuaren sortzailea Koldo Alkorta
Tili (Azkoitia,1954) da, eta barrez dio kanta hura sortu zuen garaian patentatu izan balu, "honezkero aberastu" zela. Izan ere, duela ia mende erdia, Alkortak lagunarteko afari batean bote lasterrean bota zituen hitz haiek "mundu osoan" egin dira ezagun.
Bertsio berritua
Gazte denboran, mahaiaren bueltan otorduren bat izaten zuten aldiro kantuan bukatzen zutela adierazi du Alkortak: "Benito [Lertxundi], Mikel Laboa, eta, oro har, euskal kanta guztiak abesten genituen. Gure kuadrillan kanturako zaletasun handia izan dugu, eta oraindik ere hala jarraitzen dugu, gitarra eta guzti. 20 urte inguru nituela, 1974an, lagunarteko afari batean kopak altxa eta topa egitera gindoazela esan nituen hitz haiek, momentuan inprobisatuta". Alabaina, Tilik dio gaur egun abesten den brindisaren eta originalaren letra ez dela bera. "Orain aldatuta dago, pixka bat, baina, berez, jatorrizkoak hala dio:
Umblemble, umblemble, o paoli, o paoli, txirri aska, txirri aska, altza la kopa Jauregi! Orain, ez iezadazu galdetu zer esan nahi duen, ez du eta ezer ere esan nahi. Fonetikoki asko gustatu zitzaizkidan hitz horiek, eta bertsolariak bezala atera zitzaizkidan, bat-batean: gaztetan, Donostian egon nintzen ingeniaritza ikasten, eta Grosen bizi izan nintzen. Han Jauregi izeneko taberna bat zen, eta asko egoten ginen bertan. Pintxo ederrak izaten zituzten, eta betiere tragoa hartzera joaten ginen. Taberna hartako oroitzapen onak ditut, eta horregatik-edo bota nuen
altza la kopa, Jauregi!".
Um blem ble brindisaren kontuan, baina, "kantua bera baino garrantzitsuagoa da abestiak izan duen zabalpena", Alkortaren esanetan: "Azkoiti-Azpeiti inguruan ondo errotuta dagoen abestia da, baina baita haratago ere, Gipuzkoa osoan, Bizkaian eta Nafarroan, esaterako". Alkortak gaineratu du jendea "harritu" egiten dela brindis horren sortzailea azkoitiarra dela jakitean. "Lehengoan ilobak esan zidan Arrasaten lagunartean topa egin ondoren kontatu zuela
Um blem ble bere osabak sortu zuela, eta ez ziotela sinetsi".
Euskal Herriko mugak pasatuta, munduko hainbat herrialdetan ere abestutakoak dira Alkorta eta haren lagunak
Um blem ble-a. "Azkoitiko Iraurgi abesbatzan mende laurdena baino gehiagoan abestu nuen, eta koruarekin Alemaniara, Wiesbaden hirira, bidaiatu genuenean, hango abesbatzakoei irakatsi genien. Haiek ere badute topa egiterakoan abesten duten kanta, eta guk euskarara itzuli genuen:
Prost, prost, lagunak; prost, prost, lagunak; bete, jaso eta edan, prost, prost, prost... Alemanierazko prost hitzak osasuna esan nahi du euskaraz".
Juntadizoetan, ordea, jendea "gogaikarri" jarri izan zaiola aitortu du azkoitiarrak. "‘Hi, Tili, kantatu ezak [
Um blem ble]!’, entzun behar izaten dut. ‘Kantatu ezak heuk’, erantzuten diet". Azkenerako, aspertu bezala egin naiz kanta hori abesten". Nolanahi ere, brindisaren kantuaren etorkizunaz galdetuta, Alkortak dio "geroan ere biziraungo" duela, "belaunaldiz belaunaldi transmititzen doan abestia" delako.