Luciano Juaristi, Goiko Losan. (Ane Olaizola)
Ez dabil jende askorik kalean, baina batek baino gehiagok geratu eta zoriondu du Luciano Juaristi
Atanillo (Azkoitia, 1932) pilotari ohia. Berak botako du aurtengo Andramaixetako txupinazoa, eta "azkoitiar guztien izenean" egingo duela adierazi du.
Inoiz pentsatu al zenuen Azkoitiko Udaletxeko balkoira aterako zinela festetako txupinazoa botatzera?
Behin pilota uzten duzunean, halako gauzak alboan uzten dituzu. Gauza horiei ez diezu bueltarik ematen. Gure etxean, ni baino lehenagokoak baziren pilotari izugarriak izan zirenak, baina horiek falta dira. Nik neuk ez dut sekula pentsatu txupinazoa botako nuenik.
Nola hartu duzu udala zutaz gogoratu izana?
Gure familia oso famatua izan da. Badirudi nire osaba (Atano III.a) atzo hil zela, baina gaur egungo askok ez dakite nor izan zen. Beharrezkoa da halako gauzak egitea, ondorengoak ez daitezen ahaztu lehengo pilotariez. Horrelakorik egiten ez bada, jendea ahaztu egingo da haiek nortzuk izan ziren.
Txupinazoa baino lehen, pilotaren mundua omenduko du udalak, eta zuk ere aitortza jasoko duzu. Norbaitekin gogoratuko al zara?
Nola ez, nire osaba izango da gogoratuko naizen pertsonetako bat. Bera bakarrik ez, handiak izan baitziren Atanotar asko. Azkoitiko herriarekin ere gogoratuko naiz.
Azkoitia, pilotaren sehaska lehenengo aldiz irakurri nuenean hunkitu egin nintzen. Harrez gero, Azkoitian pilotaren inguruan zerbait egiten denean, ekimen hori herriaren eta herritar guztiena dela uste dut, ez bakarrik pilotariena eta pilotaren bueltan lana egin dutenena.
Andramaixek ospatzeko ohiturarik ba al duzu?
Andramari bezperan, arratsaldean, Salbera joaten naiz, eta, ondoren, afaritara joaten gara etxekoekin. Hurrengo egunean, hemen baldin banago, pilota partidatara joaten naiz. Normalean, kanpora joaten gara gero.
Nola ikusten duzu Azkoitiko pilotaren panorama?
Azken urteetan ez dut askorik jarraitu. Punta-puntara ateratzen badira, orduan bai, jarraitzen ditut. Baina ez du inork irteten. Akordatzen naiz lehengo zaharrek esaten zutena: kirola egiteko larre motzean hazitakoa behar du izan. Uste dut hori dela gaur egungo arazoa.
Zer gertatzen da, bada?
Bizitzan sakrifikatzen jakin behar da. Gu bizi ginen aldean, orain jendea ondo bizi da. Umeak ikusi besterik ez dago. Langileen seme-alabak izanda ere, egunero gozokiak erosten dizkiete. Sasoi batean, pentsaezina zen hori.
Profesional bezala ibilitakoa zara. Nola gogoratzen dituzu garai horiek?
Larre motzean hazitakoak ginen gu. Kirolari gazte bati beti galdetu behar zaizkio hiru galdera: ‘Kirola egin nahi al duzu?’ Guztiek erantzuten dute baietz. Denek nahi dute hori. ‘Goiko mailan ibili nahi al duzu?’ Noski, horri ere baietz erantzuten diote. Baina hirugarren galdera gogorragoa da: ‘Behar direnak egingo al dituzu hara iristeko?’ Hori erantzutea zaila egiten zaie. Guri ez ziguten hirugarren galderarik egin, baina behar zen guztia oso erraz eman genuen. Baxutik hazitakoak ginen, eta larre motzetik gentozen.
Asko aldatu al da pilota profesionala?
Ikaragarri aldatu da. Pilota bera da aldatu dena; oraingoa oso desberdina da. Askoz ere biziagoa da, eta tantoa errazago irabazten edo galtzen da. Beraz, gorabehera handiak ibiltzen dituzte. Batzuk esango dute zailagoa dela, eta besteek errazagoa. Desberdina behintzat bada.
Zure garaiko pilota profesionaletik zerbait botatzen al duzu faltan?
Ez dut ezer botatzen faltan. Ahal dudana egiten dut gaurko pilota profesionala ulertzeko. Zatarra irizten diot lehengoa eta oraingoa konparatzen ibiltzea. Bi gauza desberdin dira. Oraingoek esango dute gaur egungoa hobea dela, eta erretiratuta daudenak, berriz, usteko dute lehengoa hobea zela. Ez dut hala pentsatzen nik. Pilotari lagundu egin behar diogu etorkizunean ere aurrera jarraitu dezan, nahikoa kostatzen ari zaio eta.
Uste duzu urte batzuk barru pilotarik ez dela egongo?
Ez dakit, baina gauzak asko zaildu egin dira azken urteetan. Sarri ikusten da pilotan ondo jokatzen dutenak erretiratu egiten direla, eta gero inork ezagutzen ez dituztenak jartzen dituzte onenekin jokatzen. Lehen, pilotan hasten zinen, eta onenekin jokatzera iritsi bitartean denbora bat igarotzen zen.