Julen Garate: "Beste burutazio batzuk baditut eta espero dut jarraipena ematea"

Ainitze Agirrezabala 2017ko mai. 26a, 12:26

Julen Garate 'Argi estalia' liburuaren aurkezpenean. (Ainitze Agirrezabala) Liburua arrunta dela diozu, baina prozesua berezia izan da, ezta? Duela dozena bat urte, Cadaquesera (Girona, Katalunia) joan nintzen oporretara, eta han hasi nintzen liburua idazteko burutazioekin. Ideia burutik kendu ezinda nenbilen, baina liburua bakarrik idazteko nahikoa ahalmen ez dudanez, Juan Luis Zabala Pipiri, Edurne Lazkanori eta Aitor Arrutiri laguntza eskatu nien. Orduan, ordea, ez zen posible izan proiektua martxan jartzea, baina duela bi urte Pipik Berrian eszedentzia eskatu zuenean baiezkoa eman zidan, eta martxan jarri genuen egitasmoa.   Egia da, oro har, idazleak liburua bere txoko bakartian idazten duela, baina kasu honetan pixka bat desberdina izan da, lagunartean borobildu dugun zerbait. Zenbat du zuretik, eta zenbat da taldearena? Gidoi nagusia nahikoa osatuta nuen, eta garbi nuen zer istorio kontatu nahi nuen eta eleberriak zer egitura izango zuen. Gero, Pipik asko moldatu du, eta Arrutik eta Lazkanok bizitasuna eman diote. Zer kontatzen duzu liburuan? Getariako Askizu auzoko baserri bateko familia baten istorioa kontatzen da. Ama hiltzen denetik hasten da kontakizuna. Amaren testamentua irakurtzera joaten dira hiru seme-alabak eta etxeko Juan morroia, baina azken horrek ez du onartzen testamentua. Lehen testamentu hura atzera botaz gero, eta bigarrena irakurri beharko balitz, amak eskutitz bana utzi zien laurei aurrez irakurtzeko. Eta eskutitz horietan kontatzen dira amak bizi zela esan gabe utzi zituenak. Liburua mende aldaketarekin hasten da, eta 60-80 hamarkadetako kontuak kontatzen dira. Liburuaren zatirik bereziena azkena da, eta hori da gaur egungoa. Liburuaren azala Azkoitiko Iñaki Zabala Ali artistaren margolana da. Zer dela eta? Margolanak garrantzia berezia du; ez, ordea, marrazkia azalean agertzen delako bakarrik. Esanahi berezia du, eta esan dezakegu eleberriaren gako nagusienetakoa hor dagoela. Argi estalia da lanaren izena, eta liburuko pertsonaia batek adinako pisua du. Liburua irakurri ahala ulertzen eta lotzen da guztia. Baina, horretarako, irakurri egin beharko da. Argi estalia artelana testamentuan agertzen da, baina berez jaso behar duenak ez du hartu nahi, uste duelako ez duela baliorik. Beste kapitulu batean, esaterako, familia margolan horri esker libratzen da apustu bat galtzetik. Zure lehen liburua duzu. Gehiago argitaratzeko asmorik bai? 50 urte egin behar ditut, eta idazlea-idazlea esaten dena ez naiz, baina nire zaletasunetako bat da idaztea. Asko gozatu dut elkarlan honekin, eta beste burutazio batzuk ere baditut eta jarraipena ematea espero dut. Hori bai, ez da erraza izango lan talde hau berriz osatzea Erraza izan al da liburua argitaratzea? Buruko min handienak bukaerako zuzenketek eman dizkidate. Luze joan dira, eta orain ere berriz irakurri eta zuzentzeko gauzak ikusi ditut. Edizioari dagokionean, hasieran, argitaletxe batek lagina aurkeztuta baiezkoa eman zigun, baina horrek ez du agintzen bukatu arte. Gero, osoa irakurri zutenean, agian garai ona ez zelako, ezetz esan ziguten, eta autoeditatu egin behar izan dugu. Horrek ere buruko minak eman dizkigu. Atzo aurkeztu zuen Julen Garatek 'Argi estalia' eleberria Azkoitiko Intxausti jauregian. Lotura honetan irakur daitezke liburuaren aurkezpeneko xehetasunak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide