Ruben eta Ane Lizarralde aita-alabak Atraskuan, Candinskyren margoa atzean dutela. (Ainitze Agirrezabala)
Musikari dioten maitasuna tinta beltzez dute zizelkatuta azalean. Ezkerreko eskumuturrean bi kortxea dituzte tatuatuta; lehena bigarrena baino beheraxeago dago, eta azken horrek azpian azentu bat du, ezkutuko mezu batekin: "Bizitzan behean gauden uneak beti daude, baina goian gauden horiei eman behar diegu garrantzia", azaldu du irudiaren esanahiaz Ane Lizarraldek (Azkoitia, 2001). Berak diseinatu zuen irudia, eta etxeko hirurek tatuatu zuten: amak, aitak eta berak.
Musika dute pasio Ruben Lizarralde (Azkoitia, 1970) eta Sara Alberdi (Azkoitia, 1967) senar-emazteek, eta maitasun hori transmititu diote Ane alabari ere. "Ane amaren sabelean zela, Joe Jacksonen kontzertu batera joan ginen", esan du Lizarraldek. Musika maitatzen, beraz, mundura sortzerako irakatsi diote gurasoek alabari. Ane hitz egiten baino lehen biolina jotzen hasi zela esatea ere ez da puztea. Alberdiren esanetan, TVE 2 telebista katean eskaintzen zuten musika heziketan oinarritutako
El Conciertazo saioarekin sartu zitzaion alabari biolina jotzen ikasteko "harra". Hala, lau urterekin, Azkoitiko musika eskolan hasi zen, pentagramen ordez koloreak oinarri dituen Suzuki metodoaren bidez biolina jotzen.
Biolina eta ukelelea
Musika du bidelagun egunerokoan Ane Lizarraldek, eta kanturako ere zaletasun handia eta ahots eztia ditu: "Musika dena da niretzat; betetzen nauen zerbait da. Nire sentimenduak musikaren bidez azaleratzen ditut".
Biolinak, ordea, ez dio kantuak sortzeko nahi besteko aukera ematen, eta aitaren gitarrarekin jolasean aritu izan da. "Biolina melodikoa da, eta ahotsari laguntzeko egokiagoa da beste instrumenturen bat". Alabaren kantatzeko eta melodia eta letrak sortzeko grinaz jabetuta, amak ukelelea erosi zion duela hiru urte. "Sarean dauden tutoretzen bidez, neure kasa ikasi dut ukelelea jotzen, eta dagoeneko dozena bat kantu sortu ditut". Konposatutako aurreneko abestiari,
Argia piztu izenekoari, "maitasun berezia" dio, baina ez du ahazteko hamar urterekin sortu zuen
Oroitzapenak kanta. "Amak pianoa jotzen du, eta umetan nota batzuk erakutsi zizkidan, eta pianoan konposatu nuen nire lehen abestia". Kantuetan islatzen duenaz galdetuta, adierazi du "oro har, eguneroko bizipenak" kontatzen dituela, "pozak, penak eta desamodioa" oinarri hartuta.
Modu zuzenean ez bada ere, Ruben Lizarraldek egunerokoan musika du langai. Azkoitiko Atraskua tabernako barra du lantoki, eta musika belarrien gozagarri. Musika zainetan daraman zale sutsua da. Izatez San Martin auzokoa da, eta gaztetan Ardatz elkartean igarotako uneak ekarri ditu gogora: "Belaunaldi desberdinetako jendea elkartzen ginen, eta musikarako zaletasun handia genuen. Sasoi batean, San Martingo jaietan Rock Radical Vascoko taldeak ekartzen genituen: Hertzainak, La Polla Records…".
Musika entzun bakarrik ez, ordea, sortu ere egin izan du. Instrumentua jotzen "nahikoa berandu" hasi zela dio, 17 urterekin. "Azkoititik lau mutil joaten ginen auto-stopean Azpeitira, Amaia Garmendiarengana. Izan ere, musika eskolara joanez gero, solfeoa ikasi beharra genuen. Amaiak lau akorde erakutsi zizkigun, eta euskal kantak jotzen genituen,
Morts pour la patrie eta halakoak".
Gero, Jo! taldea sortu zuten, eta bost urteko ibilbidean bi disko kaleratu zituzten. Ondoren, Pause taldean aritu zen gitarra jotzen Lizarralde, eta, egun, Passepartout taldeko kidea da. "Zenbaitek esan izan dit: 'Baina adin horrekin eta horrela...' Nik, ordea, bizi egiten dut musika. Lagun giro ederra dugu, eta kanta bat jo eta hotzikara sortzea izugarria da. Pentsa, Gaztea irratiko maketa lehiaketan finalera iritsi gara, eta publikoaren saria jaso dugu".
Aita eta alaba, eskutik
Musikatik bizitzea "ezinezkoa" dela argi du Ruben Lizarraldek, baina garrantzitsuena "gozatzea" dela dio. Nolanahi ere, musikaren munduan izan duen ametsa bete duela esan dezake. "Beti esan izan diot Sarari, egunen batean gustatuko litzaidakela Anerekin eszenatokia partekatzea, eta begira, dena modu naturalean etorri zaigu". Anerentzat ere "egundoko esperientzia" da aitarekin oholtzan izatea, "une berezia da oso".
Aita-alabek Bergarako gaztetxean eskaini zuten estreinako kontzertua. Lizarralderen esanetan, arreba Bergaran bizi du eta haren senarrak proposatu zion ilobari gaztetxean jotzea. "Gonbidapenak jasoz gero, Anek azkar esaten du baietz. Biok joan ginen, eta hor hasi zen kontua". Harrezkero, Azkoitiko herri galdeketaren egunean, maiatzaren 7an, ere jo zuten.
Alabaren musika ibilbidean makulu sendoa da aita, baina trebetasuna hartu ahala, garbi du Anek hegoak zabaldu eta bere bidea egingo duela.