Udane Juaristi: "Buruak lagundu egin behar dizu margolanak egiten"

Urola Kostako Hitza 2016ko mai. 20a, 10:41

Urtebete da Juaristik Udatxo marka sortu zuela. Koadroak ez ezik, elkastikoetarako, altzarietarako eta kuxinetarako diseinuak ere egiten ditu, ilusioz eta pasioz. Donostian ikus daitezke haren lanetako batzuk.

Urrategi auzoko etxean, ezin toki lasaiagoan du Udane Juaristi artistak (Azkoitia, 1985) sormenaren txokoa. Naturaz inguratutako gunean sortzen ditu Udatxok —hori du izen artistikoa eta marka— bere lan “urbanoak”. Arte Ederrak ikasi zituen, Bilbon, eta pinturan espezializatu zen. Ikasketak bukatutakoan hasi zen erakusketak jartzen, eta “saltseatzen eta ikasten” aritu da urteotan. Zaletasuna eta lana. Non dago batetik besterako muga? Gehiago da zaletasuna. Enkargu bidez zerbait eskatzen didatenean eta asko gustatzen ez zaidanean, lan bihurtzen da. Egin beharrekoa derrigorrezkoa denean, alegia. Kamisetak, altzariak, koadroak, erakusketak… sortzen dudan guztia zaletasuna da. Eta ederra da nire zaletasuna, askotan lan bihurtzen delako. Gustura sortzen dut, gustura aritzen naiz. Koadroak ez ezik, arropetarako-eta diseinuak ere egiten dituzu. Marrazkiak egiten hasi nintzen. Ideia nondik sortu zitzaidan ez badakit ere, arropekin probatzea erabaki nuen. Unibertsitatean serigrafia ikasi nuen, eta ideia bat baneukan. Polita da teknika. Materiala erosi, Interneten saltseatu, eta estanpatzen hasi nintzen. Dena etxean egiten dut, eta diseinu berriak sortu eta sortu nabil: elastikoak, jertseak, poltsak, kuxinak, edredoi nordikoen azalak… Astorerekin ere egin dut lan: arropetarako diseinuak egin dizkiet, udarako eta negurako. Zer teknika erabiltzen dituzu koadroak egitean? Hasieran, pintura soilik erabiltzen nuen obretan, eta, gero, papera sartzen hasi nintzen. Batez ere, argazkiak eta pintura erabiltzen ditut orain. Collageak egiten ditut, transfer teknika erabilita. Argazkiekin eta paperarekin testura desberdinak lortzen ditut, eta horiei kolore biziko pinturak gehitzen dizkiet. Errotuladoreak, arkatzak, Lego piezak, egur zatiak eta metakrilatoa erabiliz egiten ditut nahasketak. Olio pintura ere egin izan dut, baina denbora asko eskatzen du. Gehiago disfrutatzen dut gauza azkarrak egiten. Zure lan askotan pertsonak, hiriak, bizikletak, autoak, ateak, leihoak… ikus daitezke. Diseinuetan, berriz, animaliak. Bai, batez ere horiek gustatzen zaizkit. Hiriak atsegin ditut, baina beti sartzen diet natura ukitu bat lanei. Aurpegiekin ere izan nuen bolada bat. Dena den, egiten ditudan koadroak urbanoak, zikinak dira; lerro askokoak. Papera erabiltzen dut margolanetan, eta horrek narras ukitua ematen die. Argazkien zatiak erabilita, fantasiarekin osatzen ditut lanak. Koadroetan, abiapuntua beti argazkia izaten da, edo argazkiekin egindako muntaketa. Eta horri gehitzen dizkiot elementuak. Jarraitu elkarrizketa irakurtzen, Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide