Xabier Amuriza ia-ia K.O. utzi nuenekoa

Urola Kostako Hitza 2016ko mai. 10a, 17:26

Juan Luis Zabala. 'Inon Izatekotan' blogean.

Hedabideetan agertu da albistea: plazako bertsolaritza behin betiko utzi du Xabier Amurizak, 75 urte betetzearekin batera. Horrek gogorarazi dit duela mende laurden pasatxo ere, 1991ko martxoan, bertso mundua behin betiko uztetik oso gertu izan zela Amuriza, eta neuk oharkabean eta nahi gabe emandako ukabilkada gaizto bat izan zela ia-ia behin betiko azken kolpea, atzera-bueltarik gabekoa. Zorionez, ez nuen eraitsi; edo, eraitsi banuen, ez nuen behintzat K.O. utzi eta altxatu zen, eta indartsu gainera. Amurizaren Enaz banaz liburu autobiografikoa (Bertsolari Liburuak, 1999) argitaratu berritan irakurtzen ari nintzela jabetu nintzen zortzi urte lehenago egindakoaz. 9. kapituluko Barriro errezelopean atala (324-327 orr.) irakurtzean izan zen zehazki. Atal horretan, Amurizak gogora dakar, etenaldi baten ondoren plazetara itzulia zelarik, “saihetsetako bat” jaso zuela 1991ko martxoaren 21ean, Gasteizen Jon Sarasuarekin batera egin behar zuen saiora zihoala, Urkiola gainean Euskaldunon Egunkaria irakurtzeko geldialdi bat egin, eta Inazio Etxanizen artikulu hau begien aurrean agertu zitzaionean: Nere errezelua  Garai batetik ona aldaketa aundia bizi izan duela bertsolaritzak ez da dudarik. Joan den igandean lau orrialde agertzen ziren EGUNKARIAren erdi-erdian, Nafarroako Bertsolaritzaren txapelketa dela-eta. Telebistak ere astero badu edozein bertsozalek gustora ikusteko moduko saio atsegingarri bat. Irratian ere ageri oi dira bertsolariak eta irrati batzutan dexente gaiñera. Ala ere, aitortu bearra dago irratiak leendik ere tarte ederrak eskaini izan dizkiola norbaitek “euskaldunon kirol nazionala” deitu zion oni. Esan bear, beraz, garai onak bizitzen ari dela bertsolaritza. Jarraitu artikulua irakurtzen, Juan Luis Zabalaren Inon Izatekotan Berria.eus-eko blogean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide