Elkarretaratzea egin dute Azkoitian, 'Emakumeak libre eta bizirik nahi ditugu' lelopean

Ana Abarisketa 2015ko aza. 26a, 11:01

19:00etan hasi zen elkarretaratzea plazan. Aurretik, 'Women in black' ekintza egin zuten hainbat emakumek, Kontzejupean.

Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira, elkarretaratzeak egin ziren herriz herri, baita Azkoitian ere. Emakumeak libre eta bizirik nahi ditugu lelopean, berrogeita hamar lagun inguru bildu ziren plazan, Emakumeen Mahaiak deituta. Aurretik, Women in Black ekintza egin zuten dozenaka emakumek, Kontzejupean. Beltzez jantzita eta aurpegiak maskara zuriz estalita, emakumeenganako indarkeria islatzen duten esaldiak irakur zitezkeen. Elkarretaratzean, Eraso sexistei erantzun feminista! pankarta zabaldu zuten. [flickr_set id="72157661697124595"]

Adierzpen instituzionala

Azaroaren 25eko elkarretaratzea zela-eta, hamabost minutu beranduago hasi zen ohiko batzarra udaletxean. Gai zerrendako puntuetako bat zen, Emakumeen Kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguneko adierazpen instituzionala onartzea. EAJk eta EH Bilduk adierazpen bana aurkeztu zuten eta, bozkatu ostean, EAJrena onartu zuten ordezkariek, EAJ, EH Bildu eta PSE-EEren aldeko botoekin. Irabazi Azkoitia Bai abstenitu egin zen. EH Bilduren adierazpenaren alde koalizioak soilik bozkatu zuen, EAJk kontra bozkatu zuen eta eta Irabazi Azkoitia Bai eta PSE-EE abstenitu. Honakoa da Azkoitiko Udalak onartutako adierazpen instituzionala: Azaroaren 25a dela eta, data horixe izendatu baitu Nazio Batuen Erakundeak Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, gure gaitzespenik irmoena adierazi nahi dugu emakumeen aurkako edozein indarkeria-adierazpenekiko, zeinahi ere den (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), bai halaber sexismo-modu guztiekiko, barne daudelarik finenak eta normalizatuenak, hala nola sexuen araberako rol estereotipatuak ezartzea edo bizitzaren esparru askotan emakumeak ikusgai ez egotea, besteak beste. Berretsi nahi dugu, era berean, arazo estruktural baten aurrean gaudela eta, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasunik eza oinarri duenez, ezinbestekoa dela berdintasun-politikak baliatzea, adituek zein nazioarteko erakundeek gomendatzen duten bezalaxe. Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen da; izan ere, oraindik ere aukera desberdinak eskaintzen zaizkie emakumezkoei eta gizonezkoei, eta oraindik ere jaiotza-sexuaren arabera pertsonen askatasuna mugatzen da. Saiatu behar dugu bestelako gizartea eraikitzen, non pertsona guztiek askatasuna izango duten nahi duten bezalakoak izateko, non aukera izango duten potentzialtasun osoz garatzeko, eta non giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten. Gure xedea da pertsona guztiekiko tratu onak bermatuko dituen gizarte batean bizitzea, urrats bat gehiago emango duen gizartea eta, emakumeenganako indarkeriaren aurka agertzearekin batera, emakume eta gizonen arteko berdintasunaren alde argiro azalduko den gizartea. Gure aldarrikapena da pertsonen arteko harremanak errespetuan, autonomian eta berdintasunean oinarrituko dituen gizartea. Errespetatzea ez da bakarrik ez erasotzea; aitzitik, berorren esanahia ere da pertsona bakoitzak, berdintasunik ezak dakarren mugarik gabe, bere bizitza-ibilbidea irudikatu ahal izateko bermea edukitzea. Erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu, tratu onak sustatuko dituen gizartea eraikitzeko orduan, eta horretarako gure aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak gure baitatik berrikusten hasi. Horregatik guztiagatik: Konpromisoa hartzen dugu gure eskuduntzen esparruan udal politika aktiboa, integrala eta koordinatua garatzeko, tratu onen eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde.Lanean jarraituz bai, hezkuntzan eta baita emakumeei bultzada emanez, banaka zein taldeka, diskriminazio eta indarkeria egoerei aurre egiteko behar dituzten tresnak eskainiz. Indarkeria matxista bizi duten emakumeen arreta hobetzeko koordinazio-protokolo lokal edo mankomunatuen esparruan lanean jarraitzea. Eta herritarrak gonbidatzen ditugu berdintasunaren aldeko konpromiso pertsonal eta kolektiboak har ditzaten, urteko egun guztietan, baita azaroaren 25a dela eta burutuko diren ekitaldietan parte har dezaten ere, bai halaber gazteen arteko prebentzio eta hezkuntzarako ekimenean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide