Inoren laguntzarik gabe amaitu berri du Jose Miguel Irizar azkoitiarrak 33.600 piezako puzzlea. Edonork ikus dezake, gainera, Azkoitiko Hizki papertegian baitago eskegita.
Pasa den urtean plazaratu zuen Educa etxe katalanak 33.600 piezaz osatutako puzzlea. 100 argazkiz osatutako muntaia da, eta Adrian Chesterman artista ingelesak sortu zuen Bizitza basatia izenburupean. Duela hamalau egun zintzilikatu zuten Azkoitiko Hizki papertegian (Julio Urkijo Hiribidea, 34), bere jabeak amaitu berri baitu munduko puzzlerik handiena.Zenbat denbora behar izan duzu puzzlea osatzeko?
Zortzi-bederatzi hilabeteko lana izan da. Erraza da egiteko. Pieza asko ditu, eta lana du, baina egiteko erraza da.
Zein prozesu jarraitu duzu?
Puzzlea ez da osorik etortzen, hamar poltsatan dator, eta horrek asko errazten du prozesua.
Zailtasun desberdineko atalak izango ditu, ezta?
Bi ertzak dira zertxobait zailagoak. Berde asko du, eta pixka bat konplikatzen da horregatik.
Diziplina handia behar al da?
Ez, diziplina bati jarraituz gero obligazio bihurtzen da. Egia da, gustatuz gero, sortze prozesua plazera dela. Beraz, zeure buruari gelditzeko ordua jarri behar diozu, biziatu egiten zara-eta. Puzzleak badu gelditu ezin hori, eta garrantzitsua da gelditzen jakitea.
Beraz, diziplina gelditzen jakitean datza.
Dudarik gabe. Niretzat puzzlea egitea estresaren kontrako terapia da. Ni puzzlea egiten ari naizen bitartean hasi daiteke mundua gerran; ez naiz jabetu ere egingo.
Lasaitu egiten zaitu, hortaz.
Erabat. Gustatu egin behar zaizu, baina, nire kasuan, burukominez ahazteko balio dit.
Zenbat denbora eskaini diozu egunean?
Iluntzean ordubetez lantzen nuen eta, bazkalondoan, beste horrenbeste. Denda 16:00etan irekitzen dut, eta aurretik lantzen nuen. Neguan zapatu eta igande arratsaldeetan orduak sartu nituen; uda partean ez.
Non muntatu duzu?
Etxean gela bat dut horretarako, neuretzako den logela da.
Irratia, musika edo telebistaren konpainian?
Ez, ez dago ezeren beharrik, puzzlearen beraren konpainia nahikoa da.
Izango duzu teknikaren bat lanak errazteko.
Normala den bezala, nahi izaten da segituan hastea, baina denbora pasatu behar da aurretik piezak bereizten. Pusketa bat hartu eta, agian, astebete pasatzen nuen piezak banatzen. Koloreak desberdintzen lehendabizi, eta formak gero.
Nolatan hasi zinen munduko puzzlerik handiena egiten?
Aurreneko aldiz 4.000 piezako bat egin nuen, eta hiru hilabete behar izan nituen amaitzeko. Gero, duela sei bat urte, 24.000koa egin nuen, Hizki ireki genuelako eta hementxe zintzilikatzea posible zelako. Momentu horretan merkatuko handiena zen. Gero, etxe aleman batek 32.000 piezakoa kaleratu zuen, baina irakurri nuenaren arabera, jendea kexu zen piezak ez zirelako bat etortzen. Piezaren bat galduz gero ere, ez zuen ordezkorik bidaltzen. Educa-k, berriz, pieza solteak bidaltzen ditu.
Ez da, beraz, betidanik duzun afizioa.
Ez, 30 bat urte izango nituen aurreneko puzzlea egiten hasi nintzenean.
Pazientzia handia behar al da?
Pazientzia baino gehiago, tokia da beharrezkoa. Hilabetean ukitzen ez baduzu, bueltatutakoan piezak utzitako tokian egotea.
Zaletasunak, espazioak eta denda izateak lana errazten dizu, beraz?
Hala da, puzzleekiko zaletasun handia dago oro har, baita herrian ere, kontua da espazioa behar dela, behin amaitutakoan zintzilikatzeko tokirik ez izateak egiten baitio atzera jende askori.
Hizki dendan zurea bezalako puzzlea erostea posible al da?
Bai, hilabete inguru behar izaten du iristeko, eskatu ahala egiten dituzte-eta.
Ba al duzu besteren bat buruan?
Sixtoren Kapera egiteko gogoz nago, 18.000 piezakoa. Hura sabaian jartzea gustatuko litzaidake, baina ikusiko dugu, etxean bada-eta ideia oso gustuko ez duenik.