Ehungarren urteurrena betetzen du aurten Azkoitiko Jasokunde kooperatibak. Urteek aurrera egin ahala guztiz aldatu da kooperatiba, herria bera bezalaxe. Jasokunderen oraingo erronka da – azken 25 urteetan Super BM–, inguruko supermerkatuen lehiari eutsi eta izaera kooperatibista mantentzea. Duela mende bat, berriz, «behar handi bati erantzuteko» jaio zen. Hala azaldu du herriko kronista Juan Bautista Mendizabalek.
Duela ehun urteko Azkoitiak 6.000 biztanle inguru zituen. Mende erdi lehenago, 1846. urte inguruan hasi ziren sortzen aurreneko fabrikak. Azkoitiko esana da pertsonak txapeletik abarketeraino janzten zirela herrian, burutik hasi eta hanketaraino, alegia. Abarketak eta txapelak asko esportatzen ziren orduan, Amerikara esaterako, inguruko guden ondorioz erbestera joan behar izan baitzuten hainbatek. Herriko biztanleriaren erdiak egiten zuen orduan lan txapelak eta abarketak jozten. Gizon eta emakume, zahar eta gazte. Somara egiten zuten gainera abarketekin lanean jarduten zutenek, hau da, josten zuten abarketa bakoitzeko kobratzen zuten.
Herriko kooperatiba jaio baino urtebete lehenago hasi zen Lehen Mundu Gerra. Gudaren ondorioz abarketen produzioak gora egin zuen nabarmen, baina aldi berean, inflazioaren gorakada medio, elikagaien eta beste hainbat produkturen prezioak ere gora egin zuen. Denak egin zuen gora, soldatek izan ezik. Eta jasanezina bihurtu zen.
Behar horrek ekarri zuen kontzientzien piztea eta, beraz, elkarlaneko sindikalismoa sortzea. Bizkaian, sozialismoa zabaltzen hasita zegoen ordurako, ez ordea Azkoitian. Herriko hasieretako sindikalismo hura kristautasunari lotuta sortu zen. Jarraian etorriko ziren sindikatu libre eta abertzaleak.
Testuinguru horretan jaio zen Jasokunde, beharrezko produktuak kantitate handian erosi eta merkeago saltzeko aukera emango zuelakoan. Herriko langile batzuen burutazioetatik jaio zen, San Juan bainuetxean egiten zituzten bileretatik, hain justu. Olioa, pentsua, ardoa, ozpina, lixiba... denetatik ekartzen hasi ziren.
Jasokunderen urte berean jaio zen hainbat pertsona ezagun ere: Anastazio Albizu Aierdi lazkaotar euskaltzalea, gero Azkoitiko apaiz izandakoa; baita Jose Maria Arizmendiarrieta markinarra ere, apaiza eta Mondragon Kooperatibaren sortzaileetakoa. 1915ean jaio zen, baita ere, Koldo Mitxelena euskaltzalea.
Nafarroatik Azkoitira
Kooperatibaren ideiari forma emateko eta estatutuak martxan jartzeko aditu baten beharra zuten, eta Martirietan maisu aritutako Francisco Oyambururengana jo zuten. Herrira jaitsita zegoen ordurako, eta Balda etxean bizi zen. Proiektuari baiezkoa emateko zalantzak izan bazituen ere, segituan hasi zen han eta hemen galdezka zer nolako legedia bete beharko litzatekeen kooperatiba sortzeko, Trapagarango (Bizkaia) Zugaztegieta auzoko Pedro Azkunaga apaiz eta sindikatu libreko kidearekin topo egin zuen arte. Leon XIII kooperatibaren jabea zen, meatzarien gunean.
Azkunagaren gomendioz Jasokundeko kide bakoitzak diru sarrera bera jartzea erabaki zuten. 241 lagunek eman zuten izena azkenean, bakoitzak 25 pezeta jarrita. Hamar urteren buruan 642 ziren bazkideak. Luis Sanmartin eta Jose Gorostegi izan ziren, hurrenez hurren, lehen lehendakaria eta lehendakariordea.
Inguruko baserrietatik ekartzen zituzten produktu asko. Buruhausteak ere hamaika izan zituzten, eta, denborarekin, makinak erosi eta produktuak bertan egiten hasi ziren, merkeago saltzeko. Bazkideak, gainera, bertan erostera behartuta zeuden. Horretarako erabiltzen zituzten kooperatiban erosteko bakarrik balio zuten txanponak. Gero, gerra garaian, pezeten balioa emango zitzaien, dirurik ez zegoelako. Diktadura urteetan itzalduta egon zen kooperatibismoa, gero, indarberritzeko.
Jasokundeko bazkideak
624 bazkide ditu gaur egun Jasokundek.
Batzar Nagusia ospatu zuten aurreko igandean Baztartxo antzokian, eta 590 lagunek hartu zuten parte. Ohiturei jarraituz, elikagaiz betetako otarra banatu zitzaien bazkideei. Mendizabalen ustetan, bazkide horiek guztiak batzea da, hain justu, berririk aipagarriena.
Azken zazpi urteetan izan da lehendakari Juan Luis Uria. Eta datorren urtean lekukoa beste norbaiti pasatzeko asmoa du.
Bitartean, eta
100. urteurrena ospatzeko, ekitaldiz betetako asteburua prestatu dute. Larunbatean, 18:30ean, Musikene Metal Taldeak kontzertua eskainiko du. Aurretik, umeentzak jolasak prestatu dituzte, herriko plazan. Igandean, berriz, kalejira, meza eta trikitilariak izango dira, kasu.