Juan Ignacio Uria zutik artxiboko argazki batean (Onintza Lete Arrieta/Hitza).
Juan Ignacio Uria hil zen atzo, 85 urterekin. Frankismoaren ostean, 1976an, Azkoitiko lehen alkatea izan zena.
Hain zuzen ere,
1976ko otsailetik 1979ko apirila bitartean izan zen Azkoitiko alkatea. Juan Bautista Mendizabal Azkoitiko kronistak azaldu duenez, hainbat herritarrek eskatuta hartu zuen alkate kargua: "Franco hil ostean, orduko Udalbatzak udala utzi zuen, eta ezer ez zen gelditu udaletxean. Hala, herriko hainbat mugimendutakoek eskatuta, ikastolako jendeak, enpresa mundukoek... alkate kargua hartu zuen Uriak. Era horretan, udal hauteskundeak egin bitartean, kargu hori izan zuen". Garai hartan zegoenarekin udala kudeatzeko ahaleginak egin zituen Uriak, Mendizabalen arabera: "Udalak izan behar zuenaz, eta eduki behar zuen kudeaketaz egin zuen lana. Uriak, herriaren antolamenduari garrantzi handia eman zion, eta baita hezkuntzari ere". Trantsizio garaiak ziren, eta "herri barruan bakea" lortzeko ere lan egin zuela nabarmendu du Mendizabalek: "40 urtez frankismoa egon zen, eta herrian bertan bakea izateari garrantzia ematen zion".
Azkoitiko alkate zela,
Bergarako alkateen mugimenduan ere parte hartu zuen Uriak; han bildutakoek amnistia, euskara eta Euskal Herriaren etorkizuna erabakitzeko ahalmena eskatzen zituen agiri bat onartu zuten."Uriak buruan zeukan Euskal Herriko askatasun legea, eta Lege Zaharrak eskuratzeko nahia zuen", adierazi du Mendizabalek.
1977etik Asanblada Konstituziogileko senataria ere izan zen, baita Eusko Legebiltzarreko ordezkaria ere. Madrilen ibili zenean, Euskal Herriko "egoera desberdina" zela azaltzeko ahalegina egin zuen. 1979ko Euskal Autonomi Erkidegorako Estatutua lortzeko eta onartzeko lanean jardun zuen.
"Garai hartan ETA bazegoen, baina abertzaletasunaren kontrako beste indarkeria bat ere ematen zen, eta hori pairatu zuen Uriak. Bere emaztearen botika aurrean lehergailu bat jarri zuten", azaldu du Azkoitiko kronistak.
'Ilustratu' osoa
Euskara eta arte ederren munduan ibilitako pertsona ere izan da Uria; "ilustratua", Mendizabalek azpimarratu duenez. "Izaera zabaleko pertsona izan da, eta alde guztietan izan ditu lagunak", esan du.
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko presidente eta zuzendari ere izan zen, 1977tik 1979ra bitartean. Elkarteak omenaldia egin zion 2012ko urriaren 6an. Elkartean "keizpe handia" zuen gizona zen Uria. Gaur egun Juan Bautista Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Gipuzkoako presidentea da, eta honek dio "ohore" handi dela bera elkarteko kide egin zeneko sarrerako hitzaldia Juan Ignacio Uriak egin izana: "Ohore bat izan zen hori, eta ohore bat izan da 14 urte nituenetik Uria ezagutu izana". Uria Azkoitiko alkate zela, Mendizabalek elkarrizketa bat egin zion: "Orduan nik Donostiako La Salle ikastetxean ikasten nuen, eta bertatik herriko alkateari elkarrizketa bat egitera bidali ninduten. Urte asko dira elkar ezagutu genuela, eta bizipen hauek denak oroituta, orain haren heriotzarekin hunkituta nago".
Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak idatzi batean azaldu du: "Gure herriaren iragan historikoa ezagutzeko defentsan bere aita zen Trino de Uriak egindako bidea jarraitzen jakin zuen Juan Ignacio Uriak".
Lanbidez legelaria zen. Baina hainbat liburu ere utzi ditu idatzita:
Gentiles y Leyendas (1963),
Los Amigos del País (1975) eta
La Casa Torre de Emparan (1977).
Euskal Herrian, Espainian eta Europan foro askotan parte hartu izan du Uriak.
Hilbeila eta hileta elizkizuna
Uriaren
hilbeila Azkoitiko Santa Kutz konbentuan jarri dute, honako ordutegiarekin: gaur astelehena, ekainak 1, 16:00etatik 19:00etara. Eta bihar asteartea, ekainak 2, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era.
Gero, haren aldeko
hileta elizkizuna Azkoitiko Parrokian izango da bihar asteartea, 19:00etan. Aurretik, 18:45ean Errosaria otoitz egingo da.