Azkoitiko Auzoko taldeak, Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen eta udalaren laguntzarekin, Euskal Harria, munduko harriak ekimena antolatu du larunbaterako. Jatorri desberdinetako herritarrak elkartu, eta munduko hainbat herrialdek eta komunitatek dituzten jolasak ezagutaraziko dituzte ekimenaren bidez, guztietan ere harria oinarri hartuta. Elkargunean egingo dituzte munduko jolasak, 17:30etik 19:30era, eta lagunarteko saioa izanik, merienda ere egongo da. Interesa duten herritar guztiek hartu dezakete parte.
Herrialde desberdinetan jolas antzekoak errepikatzen direla ohartuta, harria kohesiorako tresna hartu eta munduan egiten dituzten jolasak egingo dituzte. Izan ere, jolasek harremanak egiteko balio izaten dute, eta hain zuzen, antolatzaileek ekimenarekin jatorri desberdinetako herritarrak batu eta elkar ezagutzea dute helburu. «Auzoko euskara ikasteko eta kultura desberdinak batzeko zubia da. Bide horretan, konturatu gara jolas batzuk han eta hemen jolasten direla, eta herrialde guztietan daudela harriekin lotutako jolasak. Guztionak diren gauzak topatu, eta ez garela horren desberdinak adierazi nahi dugu. Hau da, bakoitzak bere nortasuna erakutsi eta besteena errespetatuta, funtsean guztiok antzekoak garela uste dugu», adierazi du Auzoko taldeko dinamizatzaile Tere Aldalurrek.
Euskal Herrikoari dagokionez, Aldalurren umetako jolas bat gogoratuko dute. «Harria eskuan hartu, eta abesti bat kantatuz, eskutik eskura pasatuko dugu, norbaiten eskuan geratu arte». Beste hainbat herrialdeetakoak ere egingo dituzte; hala nola, Kolonbia, Mexiko, Pakistan, Senegal eta Saharakoak. Aldalurrek esan du konturatu direla, ohituraz, batez ere emakumeek jolasten dituztela jolas horiek, eta askotan, gainera, herrialde bakoitzak dituen ezaugarrien araberakoak izaten dira: Saharan, esaterako, hondar artean harria ezkutatu eta hura aurkitu behar dute. Pakistango eta Senegalgo Gitey eta Teengo jolasak, berriz, antzekoak direla adierazi dute. Senegalen, esaterako, lurreko bi harri eta airera botatako beste bat hartu behar dute, azken honek lurra jo baino lehen.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide