«Agintaldi honetan ez dugu agindu, baina nahiko erabakiorrak izan gara»

Nerea Uranga 2015ko ots. 19a, 00:00

Ia 16 urte egin ditu Azkoitiko Udalean zinegotzi Julen Garate Azpitartek (Azkoitia, 1968). Kargua utzi du, baina Azkoitia Bain segituko du talde lanean. Datozen udal hauteskundeetarako Ahal Dugu-Podemosekin hizketan ari dira.Azkoitia Bai koalizioaren z...

Ia 16 urte egin ditu Azkoitiko Udalean zinegotzi Julen Garate Azpitartek (Azkoitia, 1968). Kargua utzi du, baina Azkoitia Bain segituko du talde lanean. Datozen udal hauteskundeetarako Ahal Dugu-Podemosekin hizketan ari dira.

Azkoitia Bai koalizioaren zinegotzi kargua utzi duzu. Eta esan duzu horretarako arrazoi nagusietako bat hondakinen inguruko herri galdeketan irtendako emaitza izan dela. Bai, arrazoi bakarra hori izan da. Bakarra, baina esan duzu hondakinen inguruan orain abiatuko den prozesuan zeure burua ez duzula ikusten. Uste dut hondakinena asmatu dugun gauza bakarrenetako bat izan dela: %80 birziklatu da. Ordea, ikusten dut, beste batzuen interesa birziklatzea baino gehiago, gai hau politikoki hauteskundeetarako erabiltzea dela. Behin honaino iritsita, uste genuen oso garbi zegoela, baina dirudienez herritarrek ez dute horrela ikusi. Badakigu ez dela gehiegizko parte hartzea egon herri galdeketan; erroldaren %18. Baina, herri galdeketa bat galdu da. Beti herri galdeketaren defendatzaile izan gara, eta iruditzen zait kargua lagatzeko nahikoa arrazoi potoloa badela. Herri galdeketek nahi ez bezalako emaitza izateko arrisku hori ere badute. Bai, baina gu inoiz ez gara kexatuko herri galdeketa egiten delako. Pena da, parte hartzea pixka bat txikia izan dela. Agian, politikoen arteko zarata gehiago izan da, herritarrena baino. Herritarrak jada moldatu samartuta zeuden sistema mistora. Guk beti defendatuko dugu herri galdeketa, eta iruditzen zaigu arrazoi gehiago ere badaudela egiteko, eta ea hau abiapuntua besterik ez den. Espero dut hurrengo agintaldian agintzen duenak agindu, herri galdeketaren dinamikarekin segituko duela. Araudi bat ere onartu duzue herri galdeketaz. Beno, orain berri bat onartzea nahi dugu. Adibidez, Donostiakoa aho batez onartu dute, eta oso interesgarria ematen du. Azkoitian ere zerbait antzekoa onartu nahi da, baina agintaldi bukaera ere bada. Esan bezala, agintaldia bukatzen ari da. Zuk utzitako zinegotzi kargua besteren batek hartuko al du? Bai, oraintxe sartu dugu eskaera udaletxean. Jose Antonio Hidalgo Beltza izango da ordezkoa. Azkoitiko Udalean ia 16 urte egin dituzu zinegotzi. Azken lau urte hauek Batera, Equo eta Ezker Anitzarekin Azkoitia Bai koalizioan. Desberdina izan al da? Desberdintasun handia ez da izan. Interes berak partekatzen genituelako egin genuen koalizioa. Kontu batzuek zuzeneko lotura dute Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin, eta atzetik Equo eta Ezker Anitzaren babesa edukitzea garrantzitsua da kontsultak eta egiteko. Bestela, gure barne funtzionamendurako eraginik ez du eduki: hilero egin ditugu talde bilerak, eta behar denetan maiztasun gehiagorekin ere bildu gara. Barne bozkaketa dugu eztabaidako gaietan erabakitzeko, eta ez dugu erabili, beti kontsentsuz atera ditugu gaiak. Funtzionamendu aldetik ez, baina kanpora begira eragin digu, alderdi bat gara eta sinadurak bildu beharrik ez genuen izan hauteskundeetarako. Batera hautesle elkartearekin aldiko-aldiko 500 sinadura biltzea pisutsua zen akaberako. Koalizioa ondo joan zaigu guri, eta prest gaude errepikatzeko. Bateraren sortzaileetako bat zara. Zein helbururekin sortu zenuten? Beno, orain modan dagoen Ahal Dugu-Podemosen tankerara esango genuke. Dirudienez, haiek ere zirkulu independenteetan funtzionatzen dute herrietan. Alderdikerietatik kanpo, herrian dinamika bat sortu genuen, herritarren parte hartzea sustatzeko eta goiko agindurik gabekoa. Oraindik ere, guri ez digu eragiten Ezker Anitzak eta Equok Gasteizen edo Donostian erabakitzen duenak. Hau da, erabakigunea beti Azkoitia izan da, hortik goragokorik ez dago. Ahal Dugu-Podemosi buruz esaten dute Madrilen hartzen direla erabakiak. Herri mailan, zirkuluetan funtzionatze horretan, dugu antzekotasuna. Orain modan dauden horietan, goikoek zer esaten duten ere erabakiorra da behekoentzat, eta guk horretan ikusten dugu desberdintasun handiena. Hala ere, Ahal Dugu-Podemosekoekin hitz egiteko ahalegintzen ari gara, Azkoitian akordioren bat lortzeko. Orain egin dituzte barne hauteskundeak, eta hori bukatu zain egoteko esan ziguten. Azkoitian ba al dago jenderik Ahal Dugu-Podemosekoa? Guk ezagutzen dugunik ez, baina koordinatzaile bat zarauztarra da, eta harekin ari gara. Hortik aurrera, ezin dut gehiago esan, ez dakigulako. Batera sortu zenetik zein helburu bete ditu? Gaur egun inork ez du eztabaidan jartzen parte hartzea. Orain, komunikazio aldetik udalak azalpen gehiago eman behar izaten ditu, komunikazioari garrantzia handia emanez. Guregatik bakarrik ez da izango, baina horretan eragin dugu. Udalera sartu ginenean udaleko batzordeetako aktarik ez zen egiten; kanpotik ikusita tentelkeria eman dezake, baina barne funtzionamendurako garrantzitsua da. Gu bezalako taldeak egoten diren herrietan pixka bat azalpen gehiago eman beharra izaten dute alderdi politikoek, eta bereziki erabakiorrak garenean. Azken agintaldi honetan, ez dugu agindu, baina nahiko erabakiorrak izan gara. Herri guztietan gu bezalako talde bat egotea interesgarria da, alderdiak mugiarazi egiten dituelako. 16 urteotan Baterak zer nolako ibilbidea izan du udalean? Bi agintalditan bi zinegotzi eduki ditugu, eta batean lau, baina legez kanporatzearen garaia izan zelako; orduan, egokitzen zitzaizkigun hiru eduki genituen, laugarrena hartu eta gero utzi egin genuen. Hor oso haserre nago garai bateko ezker abertzalearekin: Euskal Herrian bakarrak izan ginen ofizialki zinegotzia eman eta utzi genuenak, baina oraindik eskerrak jasotzeko zain gaude. Guk ere presio handia jaso genuen, zinegotzi kargua hartu genuenean sekulakoak entzun genituen, eta gero egin beharrekoa egindakoan ez genuen esker handirik jaso. Baina, bestela, ibilbidea beti antzekoa izan da. Nire ustez, orain berriro herrian talde dinamika indartsu bat sortzen ahalegindu behar dugu, eta horregatik aipatzen dut Ahal Dugu-Podemos moda hau. Nire ustez, orain arte nire irudiarengan zentratu da gehiegi, eta orain ni falta naizela, jendeak ikusi beharko du talde bezala segitu ala ez. Udaleko kargua utzita, Azkoitia Bain segituko al duzu? Kargu publikoa utzi dut, baina barne dinamikan berdin-berdin segituko dut. Udalean sartu berriari pixka bat lagunduko diot, eta gero posible baldin bada hurrengo hauteskundeetarako zerrenda prestatzen jardungo dugu. Hondakinen gaiagatik dimititu duzu, baina udalean beste zein gai nabarmenduko zenituzke zuk? Askotan jendeak kanpotik zarata bakarrik ikusten du, baina ez dakit Espainian eta Euskal Herrian beste kasurik izango den, baina Gipuzkoan 10.000 biztanletik gorako herririk ez da izango 2015eko udal aurrekontuak, hauteskunde garaikoak, ia aho batez onartu dituenik: Bilduk, Azkoitia Baik eta EAJk baiezkoa eman dugu; eta, PSE-EEkoa abstenitu egin da. Gure ustez, gu bezalako taldeak egotearen eragina da hori. Guretzat proposamena zein alderdik egiten duen baino garrantzitsuagoa da helburua. San Jose Egoitzaren kudeaketa aldundiaren eskura pasatzea ere orain oso-oso garrantzitsua da guretzat. Alderdiek askotan zeinek aurkezten duenaren arabera jokatzen dute, baina guk horrelako arazorik ez dugu: agintaldi batzuetan PP egon da, eta harekin adostu behar bazen inolako arazorik ez genuen; ez ziren asko izan, baina. Zure ustez Azkoitian zer gai daude zintzilik? Azkoitia Lantzen-en egoera bere horretan mantentzea, edo behintzat Azkoitiko Udalarentzat ez dezala eragin kaltegarririk izan. Barne bileretan eta zinegotzi kargua uzterakoan ere esan nuen. Jende arrunt bati gertatu zaiona pasatu zaio Azkoitiko Udalari; bereziki aurreko agintaldian, espekulazioaren munduan sartu zen, lurrak erosi eta ia promotore lanean sartu zen. Noski, dena ondo ateratzen zenean, denak ondo. Baina, Azkoitiko Udalari promotore askori gertatu zaiona gertatzeko arriskua dago, eta espero dugu ez pasatzea. Oñederko gaia ere hortxe dago. Kontu horretan ere, gure ustez gauza asko oker egin ziren eta nolabait moldatzen ari gara, baina oso gai korapilatsua da, azaltzeko ere zaila. Horrek azken agintaldi honetan udalean asko eragin al du? Kanpora begira igoal ez, baina barrura begira ahalegin handia eskatu du. Azkoitia Lantzen-en gaiak niri pertsonalki buruko min handiak eman dizkit, eta lorik egiteke ere gelditu naiz horregatik. Jende askok hondakinak esango du, baina hor %70 birziklatzea jarri genuen helburu bezala, eta lortu egin da. Gero, beste kontu bat da nola egin behar den edo ez, orain eztabaida hori bukatu da. Inork ez du eztabaidatzen kopuruagatik, beste toki batzuetan 2016an %60 birziklatzera iristeko helburuarekin ari dira, hori delako zoragarria. Dagoeneko guk hori gaindituta daukagu. Azkenengo gaia San Jose Egoitzarena da. Ez al zaudete ba ados San Jose Egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzearekin? Neurri handi batean Foru Aldundiaren eskumena da, eta guk berak kudeatzea defendatu dugu. Baina, Azkoitian egoitzaren eraikina udalarena da, eta herritarrek hori eraikitzen lagundu zuten, diru zatitxo bat jarriz, eta herritarrek beren parte bezala sentitzen dute. Beraz, orain hartu den erabaki garrantzitsu hori herritarrekin partekatu behar zen gure ustez, eta ez da egin. Bertako langileek eta udalean gabiltzanok dakigu han zer gertatu den, eta bada gai potolo bat. Udalak etxe tutelatuak egin nahi zituenean, eta azpikontratatzea aurreikusten zuenean, ezker abertzaleak eta Azkoitia Baik 1.600 sinadura lortu zituzten hor beste zerbait egiteko. Oraingo kontu hau desberdina da, baina epe luzerako erabakia da, eta garrantzitsua. Helburuekin ados gaude, baina ez egin den moduarekin. Udalak egindako proiektu onak ere izango dira urte hauetan, ezta? Musika Eskola berria eta DBHrako ikastetxe berriarentzako lehenengo lur mugimenduak hasita egotea. Horrelako gai garrantzitsuak ere izan dira. Orain, zintzilik daukaguna da, Nagusia 80-tik herriko aldamio historiko hori kentzea. Etxea bera baino, ia aldamioa bihurtu zaigulako historikoa. Eraikin historiko bat da, ezin dena bota, eta ia zortzi urte emango ditu hor aldamioak. Herriko toki onenetako bat horrela egotea lotsagarria da. Ez da gure zuzeneko kontua, baina udala ari da horrekin lanean. Orain, EAJko Azkoitiko hautagaiak esan du udal gobernuak gai horri buruz ez duela ezer egin, eta ez zait batere gustatu, denok dakigulako eta alderdi guztiok gaudelako ados horrekin zerbait egin behar dela. Aurreko agintaldian EAJ eta orain Bildu hori konpontzeko ahalegintzen ari dira. Gainontzean, zer moduzkoa izan da egin duzun azken agintaldi haua? Azken osoko bilkuran esan nuen, gogorrena baina interesgarriena ere izan dela. Udal gobernu batek gehiengo bat ez edukitzeak bere trabak izango ditu, baina niretzako aberasgarriagoa da. Oposizioan zirikatzaileak izan garela esan zigun alkateak, eta guri ez zaigu adjetibo txarra iruditzen, oposizioak zirikatzailea izan behar du, baina baita eraikitzailea ere. Udaleko kargua utzita, orain orduan datozen udal hauteskundeetarako lanean hasiko zara? Bai, pixka bat. Zaila izaten da, ordea, zerrendarako hautagaiak aurkitzea. Herritarrak animatuko nituzke politikan parte hartzera. Hor gauden askok hanka sarri sartzen dugu, eta gero eta gehiago izan hor gabiltzanak, hobe. Normalean gaizki hitz egiten da politikaz, baina akaberan horren arabera bizi gara. Bestetik, EAJko Azkoitiko alkatetzarako hautagaiari esan nahi diot oraindik denboraz dagoela, eta independiente joatea nahi baldin badu, Azkoitia Bain aulki batetarako aukera paregabea daukala, benetako independienteak guregana etortzen direlako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide