Iñaki Iraeta: "Balentziagaren omenez gauza handiak xumeki egin zitezkeen"

Onintza Lete Arrieta 2013ko urr. 10a, 02:00

Azkoitiarra da Massimo Dutti arropa etxe ezaguneko zuzendaritzako kideetako bat. Iñaki Iraeta ekoizpen zuzendaria da (Azkoitia, 1967), eta 16 urte darama enpresa horretan lanean. «Bidea irekitzea» da bere lana enpresan, eta urteko zati handi bat alde batetik bestera bidaiatuz pasatzen badu ere, Arenys de Mar herrian bizi da, Katalunian, familiarekin. Tarte bat dutenean, ordea, Azkoitira edo Zumaiara etortzeko aprobetxatzen dute, azken herri horretakoa baitu emaztea. «Haurrak Katalunian jaio ziren, baina etxean euskaraz egiten dugu, eta seme zaharrenak beti esaten digu zergatik ez garen Euskal Herrira joaten bizitzera». Kirolzalea da, Anaitasuna futbol taldean ibilitakoa, baita pilotan ere, Herriarteko Txapelketan. Massimo Dutti-ko abangoardia zara. Bidea irekitzen beti, ezta? Beti bidea irekitzen, bai. Hemendik sei urtera egingo dugunari begiratzen aritzen naiz. Izan ere, urtero-urtero ekoizpena %10-15 igotzen da. Horrek esan nahi du orain modeloko 15.000 pieza egiten baditugu, datorren urtean 20.000 egingo ditugula. Gainera, horrenbeste arropa egiteko tokirik ez dago hemen behintzat. Beti kanpoan daude, azpiegitura oso handietako lantegiak direlako gureak: 500-600 langiletakoak, baita 2.000 edo 4.000 langiletakoak ere. Txinan sarri ikusi izan ditut  15.000 langiletako lantegiak ere. Kanpoko arlo hori lantzen dut, hemen bertan patroi saila eta kalitatekoa asko sendotuta ditudalako. Merkatu berria irekitzea, hori da lan gogorrena. Zer egiten duzu, zehazki? Toki guztietara denen aurretik joaten naiz. Massimo Dutti-k behar duen kalitatea egiteko tokirik egokienen bila aritzen naiz, eta guretzat interesgarriak diren lantokiak ikusten baditut, horiekin harremanetan hasi, askotan haiei erakutsi nola landu behar den arropa, zer motatako makinak behar dituzten, zer hurrenkeretan jarri... Hau da, hemen edo atzerrian gurekin lan egiten duten jantzigintza enpresa guztiak kontrolatzen ditut, eta berriak direnak, berriz, nolabait homologatu gure produktuaren kalitatea bermatzeko. Izan ere, Inditex-eko goi marka gara. 8.555.0000 pieza egiten ditugu urtean, eta, horregatik, 45 pertsona dauzkat nire agindupean; Bartzelonako egoitzan daude batzuk, eta Shanghai, Turkia, India edo Portugalgo bulegoetan, beste batzuk. Hori guztia egin ondoren, atzetik datoz merkataritza sailekoak eta gainerakoak. Egia esan, liburu bat idazteko adinekoa da lan honetan bizi dudana. Eta idazteko asmorik ba al duzu? Batzuetan pentsatu izan dut, bai. Momentuz ez dut esku artean halakorik, dena dela. Hala ere, izango duzu Hitza-ko irakurleei kontatzeko moduko gertaera edo bitxikeriaren bat. Azkena, esaterako. Pakistanen iparraldean izan nintzen, Lahore-n. Pakistandarrak eta indiarrak ez dira ondo konpontzen, eta iritsi nintzenean hornitzailea nire zain zegoen. Aireportutik irten, autoan abiatu ginen, eta ikusten nuen atzean nahiz aurrean militar mordoa generamatzala. Zer gertatzen zen galdetu nion, arazoren bat ote zegoen, eta hark ezetz, lantegiraino eskoltatuko gintuztela bakarrik. Gehiago ez itzultzea erabaki nuen, Pakistan ez da toki segurua. Baina askotan momentuan ez naiz ohartzen egon daitezkeen arriskuez. Buruan badut lantegi bat ikusi behar dudala, ikusi egin nahi izaten dut. Massimo Dutti-ren kalitatea aipatu duzu. Bai, guretzat garrantzitsua da hori zaintzea. Askotan Zara-tik ihesi ibili behar izaten dugu. Bazter guztietan dago, eta ez zait gustatzen haiekin nahastuta jardutea. Nahiz eta etxe edo talde berekoak izan biak. Talde berekoak gara, baina geure artean lehia dugu. Toki batean Zara ekoizten dutela ikusten badut, beste nonbaitera jotzen dut. Eskulana ere oso desberdina da. Gure arropak askoz minutu gehiago behar ditu, mimo gehiago ere bai lanpostuetan, eta emaitza ere desberdina da. Emaitza desberdina, baita prezioa ere, ezta? Nik beti diot orain bertan mundu mailan Massimo Dutti dela kalitate-prezio onena duen marka. Askotan lantegietan Italiako markekin nahasian aritzen gara, eta kalitatean gu askoz exijenteagoak gara haiek baino. Haiek izena dute: Armani, Dolce & Gabbana, Gucci... Izena dute, eta oihalean kalitate ona. Baina joste lana, lantegiko lana, askoz exijenteagoa da gurea. Zein herrialde ari zara begiratzen orain? Tokiaren egokitasuna, eskulanaren prezioa eta halakoak begiratzen ditut, eta momentu honetan Ukraina, Kroazia eta Polonia aldean nabil. Izan ere, ekoizpena gerturatu egin nahi dugu, erantzuna ere azkarrago izateko. Gaur egun, guri komeni zaiguna da saltokietako arropa ahalik azkarren aldatzea. Bildumak hiruzpalau astetarako izaten dira. Eskaera bakoitzak 13.000-15.000 pieza ditu, eta lantegia non kokatu, gehiago edo gutxiago behar du saltokietara iristeko. Txinan egiten badugu arropa, hilabete behar du arropak barkuz iristeko. Presazkoa bada, abioiez egiten da. Indiatik ere berdin. Horregatik ari gara gerturatzen ahalik gehien inguruko merkatuetara. Oraindik gelditzen dira lehiakorrak diren toki batzuk. Txinan, esaterako, gobernua lantegiak erregulatzen ari da, gero eta normatiba gehiago daude, eta horrek esan nahi du kostuak ere handiagoak direla. Eskulana ere garestitzen ari da, maila ertainak ere kontsumitu, gastatu egin nahi duelako. Beraz, Txina jada ez da pagotxa. Ekoizpena dago batetik, eta lan baldintzak, bestetik. Kode etikorik ba al du Massimo Dutti-k? Inditex-ek gaur egun duen kezka handiena da etikarena. Inditex talde handia da oso, eta zerbait gertatzen denean, oihartzunak areagotu egiten du gertaera bera. Atzetik ditugu Greenpeace eta kolore guztietako gobernuz kanpoko erakundeak, eta Inditex-ek ez du zerikusirik izan nahi halako kontuekin. Horregatik, neurri gogorrak ari gara hartzen gure hornitzaileekin; hau da, gurekin lan harremanak dituzten lantegietan. Zein dira garrantzitsuenak? Batetik, geure langile propioak jartzen ari gara. Lanean hasi aurretik ikuskaritza oso-oso gogorrak pasa behar dituzte lantegi horiek. Oinarrizkoenak dira umerik ez edukitzea lanean; soldata eta dokumentu guztiak legalak izatea; larrialdi irteerak legearen arabera edukitzea, eta abar. Auditoria horretan lortutako notaren arabera, lau aukera daude: haiekin negozioak egitea arazorik gabe; arazo txikiak badaude, hiru hilabeteko epea izango du arazo horiek zuzentzeko; arazoak handiagoak badira, sei hilabete izango ditu zuzentzeko; eta, azkenik, arazoak larriak badira, ez dugu haiekin lan harremanik izaterik. Inditex-eko inork ezin du haiekin harremanik izan. Zein jotzen dituzue arazo larritzat? Paperak ez edukitzea zuzen, ordu estrak ez ordaintzea eta halakoak. Zuk eskurik hartzen al duzu gai horietan? Ez, nire atzetik datozenek egiten dute lan hori guztia. Lan talde bat dugu. Indian badugu bulegoa, baita beste toki askotan ere: Vietnamen, Indonesian, Txinan eta Bangladeshen, esaterako. Korporazio gizarte ardurako langileak dira. Hala, gure hornitzaileek kode etiko bat, kontratu bat sinatu behar izaten dute gurekin lan egin ahal izateko. Lan bolumena hain handia izanik, azpikontratazioak egongo dira. Horiek ere kontrolatzen al dituzue? Bai. Alde batetik, lantegietan ezusteko kontrolak egiten ditugu. Bestetik, beti deklaratu behar dute non ekoizten duten. Zerbait presaka egiten ari direnean, 2.000 pieza ondoko lantegiari eskatzen dizkiete; askotan gertatzen da hori. Baina ondokoa gure zerrendan ez badago, guk ikuskaritzarik ez badugu egin han, hornitzaile horrekin lan harremana bertan behera gelditzen da Inditex-eko marka guztientzat. Horretan oso gogor jartzen ari gara, eta hor aurrean gabiltzanok ardura handia dugu horretan. Zentzu horretan, gainera, Inditex beste talde batzuk baino neurri zorrotzagoak ari da hartzen. Hain zuzen, lan istripu oso larriak gertatu dira azkenaldian hainbat oihal lantegitan. Hala da. Bangladeshekoan, esaterako, El Corte Ingles-en ekoizpena zegoen, Mango-koa ere bai... Inditex ez zegoen. Baina gure taldea handia denez, errazena guri aurpegiratzea da. Toki guztietan gaudenez, nola ez ginen, bada, han egongo. Baina ez geunden. Eta orain gutxi, gainera, Inditexek Indiako Gobernuarekin akordio bat sinatu du. Ez dakit zenbat milioi izan diren, baina langileen formakuntzarako izango da. Horrelako gauzei garrantzia handia ematen die Inditexek. Asko kritikatzen da arropa enpresa handien jokabidea: arropa merke eskaintzeko, dendetako langileen eta arropa egiten den herrialdeetako langileen soldatak eta lan baldintzak kaskarrak direla. Zuk zer iritzi duzu horren inguruan? Asko kritikatzen dira gauza hauek, baina merkatuak gero eta kalitate handiago eskatzen digu, ahal den prezio baxuenean. Oso zaila da hori lortzea. Massimo Dutti-rentzat aproposak izan daitezkeen lantegien bila ari zarela, inoiz beldurtu al zaitu lantegi batera iritsi eta han ikusitakoak? Denetarik ikusi dut nik, bai Indian, bai Bangladeshen... Kalkuta, esaterako, orain arte ikusi dudan toki eskasena da. Guretzat lan egiteko, berriz, itxura onena duten lantegiak aukeratzen ditut. Hor ere lan asko egoten da egiteko. Izan ere, nik ezin dut joan Massimo Dutti naizela esanez, eta indarrez. Lagun bezala ikusi behar gaituzte, eta garrantzitsua da hori. Luzera begira ekoizpen onak edukitzeko, kalitatea mantentzeko, beharrezkoa da harreman ona egotea, nire alde jartzea denak: nagusiarengandik hasi eta azken langileraino. Irakastera joan naizela azaldu nahi diet, ez inor esplotatzera. Hamabost urte daramagu lantegi berekin elkarlanean, eta horrek ere esan nahi du zerbait. Oso bestelako gaia izan arren, zeresana ematen ari da azkenaldian Getariako Cristobal Balenciaga Museoa ere. Izan ere, proiektua mantentzeko arazo ekonomikoak dituzte. Iritzirik ba al duzu horren inguruan? Egona naiz museoan. Moda munduan gaudenontzat, eta gehien bat euskaldunontzat, Balentziaga pertsonaia oso handia da, miresgarria. Nire iritziz, haundikeria izan da nagusi museoaren inguruan; ez berak merezi ez zuelako, baizik eta beste leku bitxiago edo intimoago bat ere bere izaerarekin oso ondo egongo litzatekeelako. Batik bat, gainera, ikusita Getaria ez dagoela moda zirkuituaren barruan. Adibide bat ematearren, hor dago Dior-en jaiotza etxea, Normandian. Museo modura jarri dute, eta bere aktibitatea badu, baina kokatuta dagoen lekuaren errealitateari begiratuta egin dute. Balentziagaren omenez, xumeki ere gauza handiak egin zitezkeen. Krisiaren gaiarekin jarraituz, Massimo Dutti marka nola dago momentu honetan? 634 saltoki ditu 61 herrialdetan banatuta; zein da bere estrategia aurrera begira? Guk ere sentitzen dugu krisia, baina kanpoan hainbeste saltoki edukita, gutxiago sumatzen dugu. Gure estrategia munduan zehar zabaltzen jarraitzea da, gehienbat ekialdeko herrialdeetan, Errusian, Asia aldean eta Estatu Batuetan. Zuzendaritzako kide izateak presio eta estres handia ekarriko du berekin, ezta? Bai, baina ondo jasaten dut presioa. Gainera, aurrean ez daukat inor nire erabakiak oztopatzen. Hau da, egin behar dela uste dudana egin egiten dut; horretarako baliabide guztiak ditut. Neuk erabakitzen dut dena, neuk sentitzen dut neure buruarekiko presioa, eta exijentzia ere bai: Massimo Dutti talde osoan kalitate handiko marka da, beti aurretik joan behar du, beti hobetzen eta hobetzen. Gure lan prozedurak ere beste marka batzuenak desberdinak dira. Hona iritsi nintzenean neuk egindako planteamenduak dira, eta horregatik ere gustura sentitzen naiz hemen. Modari dagokionez, zer ari zarete sortzen orain? Zer eskainiko diozue bezeroei udazken partean, eta hurrengo udaberrian? Hurrengo udaberriko lehenengo bildumak martxan daude eta, aldi berean, oraindik aurtengo neguko azken momentuko modeloen ekoizpenak ere bai. Gaur egun, oso sarri ateratzen ditugu gauza berriak, joeren eta salmenten arabera. Dena dela, gure jantziek jarraipen bat dute denboran zehar eta, nahiz eta moda joerak segi, gure estiloa mantentzen saiatzen gara. Gure bezeroa, Zara-koa baino lasaiagoa da zentzu horretan. Zuen ekoizpena handia da oso. Zer egiten duzue soberakinekin? Saltoki guztientzat zentzuzko banaketa bat egiten saiatzen gara, eta ez da soberakin askorik gelditzen. Bestetik, hor ditugu beherapenak, eta baita outlet-ak ere. Gainera, gure kontroletan gutxieneko kalitate mailara iristen ez badira, ez ditugu hartzen. Akats askokoa bada, erre egiten da. Gero, azpijokoa sortzen da hor. Gure hornitzaileek beren merkatuetan edo Internet bidez saltzen dituzte arropa horiek, gure etiketarekin. Inditex-en beste sail bat sortu da, gure marka babesteko. Hala, hornitzaile horrek ezin du halakorik egin gure baimenik gabe. Harrapatzen badugu, hor amaitu da lan harremana. Zein ibilbide egin duzu modaren munduan? Gaztetan, 21 edo 22 urte nituenean, josketa industriala ikastera joan nintzen Italiara, Milanera. Ilusio eta gogo handiarekin eman nuen pausoa, zerbait ezberdina egin behar nuelako. Han bost urte igaro nituen, ikasten eta aldi berean hango oihal enpresa batean lan egin nuen. Gogorra izan zen, baina master bat egitea ere lortu nuen. Italian oso aurreratuak zeuden industria jantzigintza mailan, eta ekoizpenak hobetzeko teknikak menperatzea erabaki nuen, hau da, ekoizpenaren optimizazioa eta kalitate kontrola. Eta ordutik modaren inguruan ari zara lanean. Bai. Italiatik bueltan Coruñan (Galizia) izan nintzen bi urtez, Antonio Pernas markan, eta modan buru-belarri sartu nintzen. Han nengoela, Bartzelonatik deitu zidaten. Massimo Dutti-k bere emakume linea berriaren proiektua eskaini zidan. Maletak egin eta beste esperientzia berri baten bila joan nintzen. Benetan, moda ekoizpenari buruz nekizkien jakintza guztiak erabiltzeko aukera izan dut azken urte hauetan. Zer toki eta zer zentzu du modak zure bizitzan? Moda mundura, pixka bat errebotez sartu nintzen. Nire emazteak du errua. Berak urte gehiago daramahonetan; Italiara diseinua ikastera bera joan zen, eta neu atzetik. Benetan gustuko lana dut, oso interesgarria iruditzen zait, eta oso dinamikoa da; ez dago aspertzeko aukerarik. Beraz, etxean moda ondo sartuta daukagu, bere ondorio guztiekin. Zer esan nahi duzu? Lanagatik asko bidaiatzen dut, nire emazteak ere azoketara eta halakoetara joan behar izaten du, eta gero nor bere kezkekin egoten gara. Aste honetan, esaterako, Txina aldean ibiliko naiz, gero itzuli eta berriz Indonesiara, Portugalera ere joan-etorri asko egiten ditut... Etxera etortzeko gogoz izaten naiz beti. Zeu nola jazten zara? Zein dira zure jantzi gogokoenak? Ni neu ez naiz oso formal jazten, nahiago ditut casual edo sport estiloko jantziak. Apur bat italiar estiloan janzten naiz, eta jaka edo amerikana dut jantzi gustukoenetako bat. Neguan, zamarra eta berokiekin ere asko gozatzen dut. Zure etxeko jantzi-gela erraldoia izango da, ezta? Arropa asko dut, egia esan. Hara eta hona ibiltzeko behar da, eta egiten duguna neuk probatzea ere gustatzen zait. Diseinatzaileei ideiak ematen dizkienetakoa al zara? Ideiak ez dakit, baina iradokizunak bai, asko. Izan ere, diseinatzailearen ideia batzuk gero ekoizteko ez dira hain errazak izaten, eta hor oreka bat bilatu behar da. Horregatik, haientzat ere pertsona garrantzitsua naiz, diseinu aldetik nahiz teknika aldetik, iradokizun koherenteak emateko. Futbolean eta pilotan ibilitakoa zara. Egiten al duzu kirolik gaur egun? Halako lana izanik, ondo etorriko da izerdi pixka bat ateratzea, ezta? Oso kirolzalea naiz, paddle-a, korrika, bizikleta estatikoa... Behar dut kirola egin, asko, gainera. Futbola da nire afizioa, eta semea ere hemengo talde garrantzitsu batean aritzen da futbolean, eta asteburuetan ari segitzen diot

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide