Juan Bautista Mendizabal: «Zabaldu beharra dugu daukagun ondarea»

Ane Olaizola 2013ko ira. 5a, 12:24

(Ane Olaizola/Hitza) Eusko Jaurlaritzako Turismo Zuzendaria izandakoa eta Azkoitiko kronista ofiziala da Juan Bautista Mendizabal. Goitik behera dakizki herriko historia, pasarteak eta honek utzi duen ondare zabala. Haatik, Azkoitian egiten diren bisita gidatuetan Mendizabalek du ardura bisitariei herriaren nondik norakoak azaltzekoa. Udan zehar lau saio izan ditu, eta larunbatean izango du hurrengoa. Erreserbak 943-15 18 78 telefono zenbakira deituta egin daitezke, bi euroren truke, eta txartelak unean bertan eskuratu ahal izango dira. Dena den, zortziko taldea osatuz gero ere eskaintzen ditu bisitak, Azkoitian zein Azpeitian. Zer motatako turistak dira bisitetara joaten direnak? Gehienak herrikoak izan dira. Horrez gain, Herrialde Katalanetako eta Andaluziako bisitariak ere izan ditugu. Zer moduzko harrera izan dute? Saio guztiak atera dira aurrera, eta beste bi bisita gidatu ere egin ditugu, zortzi lagun baino gehiago elkartu baitira horretarako. Etorri direnak oso gustura egon dira; batzutan hiru orduko saioak ere egin ditugu, pentsa. Jendeak gehiago jakin nahi izaten du, eta asko estimatzen dut hori. Hala ere, esan beharra dut harrera hobea espero nuela. Zergatik? Bisita gehinetara herritarrak etorri dira. Beraz, horiek badute interesa. Gainera, ahoz aho asko zabaltzen da herrian. Baina kanpora begira gehiago hedatu behar dela uste dut. Erakunde publikoetatik harago, erakunde pribatuek ere sustatu behar dute turismoa, eta ostalariek lan handia dute horretan. Zergatik ez banatu bisita gidatuen inguruko papertxoak tabernetan? Pauso bat izan daiteke turistek herria ezagutu dezaten. Herritarrek ere sinetsi egin behar dugu herrian ondare handia dugula, eta turistak erakarri nahi baditugu, zaindu egin behar dugu herria. Asko al dago egiteko turismo alorrean? Guztia dago egiteko. Orain gutxi Ipar Euskal Herrian egon naiz, eta makarroiak saltzen zituen denda batean hamabost metroko ilarak ikusi nituen. Jakiarekin haren inguruko historia saltzen zuten. Hemengo gastronomia sustatuz, turismoa indartuko genuke. Kaleak ere beste modu batera ikusten dira han, txukunagoak, eta horrek kalitatea ematen dio herriari. Guk ere norabide horretan joan behar dugu. Turismoa geure egin behar dugu. Bisitariek Azkoitia ezagutzeko interesa erakusten al dute? Bai, asko. Azkoitiak erakusteko leku asko ditu. Ez dagoen lekuan ere, garai batean zer zegoen kontatzen diet. Esaterako, Plaza Berriko eraikin batean jesuitak eta beren ikastetxea egon zela esaten diet, eta horrekin azaltzen diet Jesuiten eragina, Zalduntxoen etorrera, horien iraultza... Beraz, historia guztia lotzen joaten naiz. Erdi Arotik hasten naiz azaltzen, XIX. gizaldira arte. Asko jokatzen dut Azkoitiko pertsonaiekin eta anekdotekin. Jendeari asko gustatzen zaio halako gauzak entzutea. Ez diot ikuspegi historikoa eman nahi bisitaldiari, kontuan hartu behar baitut bisitetara etortzen direnak askotarikoak direla; gazteak, helduak edota historiaz asko ez dakitenak. Historia, kultura, arkitektura... guztia lotzen dut. Bisitarien galderei eta nahiei irekita nago; batzuk gauza jakin bat ezagutu nahi dute, eta horren arabera bisitak norantza jakin bat har dezake. Herria eta honen nortasuna ezagutarazten diet turistei. Esaterako, herri honen ezaugarri nabarmenenetakoa da euskara. Daukagun ondare nagusietakoa d. Turistei gaztelaniaz hitz egiten diet, eta kalean goazela herritarren berriketaldiei arreta jar dezaten eskatzen diet. Bestalde, bisitak larunbatean egiten dira, eta larunbatak Azkoitian oso bereziak dira, giroa halakoa izaten delako eta azoka eguna izaten delako. Beraz, azokaren historia kontatzen diet... Izarraitz ere asko gustatzen zaie. Beraz, hango mitologia kontatzen diet. Gauza asko dago kontatzeko, guztia bere testuinguruan. Harrituta geratzen dira Azkoitiak zer historia duen jakitean. Ez du besteak baino gehiago, baina zabaldu egin behar dugu. Askotan kanpora joateko joera dago, bertakoa ezagutu aurretik, ezta? Bai, eta herriak asko du ezagutzeko. Kontuan hartu behar da Ekaingo kobazuloak, kostaldea, Gipuzkoako barneko herriak... inguruan ditugula. Leku oso onean gaude. Arkeologikoki ere gauza interesgarriak ditugu, eta azalpenak ematerakoan garai batean zer etxebizitza zeuden esaten diet. Hori arkeologiari esker dakigu. Hori guztia balioan jarri behar dugu, eta etorri den jendea berriro etor dadin lortu behar dugu. Herria erakargarria izatea lortu behar dugu. Zentzu horretan, herritarrok badugu egitekorik; herria txukun mantentzean, kasu. Harrera ona izatea ere beharrezkoa da, ostalarien aldetik, batez ere. Zer leku erakusten dituzu? Saioak ezberdinak izan daitezke. Eliza atarian hasten dugu bisita, eta parrokia erakusten diet lehenengo; hango historia, arkitektura... Ondoren, Etxe Beltzera, Plaza Berri ingurura eta Itsausti Jauregira joaten gara. Dena den, beste batzutan Oteiza frontoien inguruetara jotzen dugu. Zer moduz sentitzen zara gidatze lanean? Oso ondo, neure saltsan. Emandako produktua gustukoa dela jakitea beti da pozgarria. Hori hala, Azkoitiak izugarrizko produktua duela uste dut, eta saldu beharra dagoela. Bisitetan azaltzen dituzun lekuetatik zer leku duzu gustukoen? Parrokiatik hasi, San Martin ikusten dela, eta Izarraitz parez pare dagoen Balda Plaza arteko bidea gustatzen zait; batez ere, Plaza Berri ingurua. Ehun metroen barruan ondare izugarria dugu. Ingurua ere halakoa dugu, eta hori guztia harrera onarekin, herria zaintzearekin eta kalitatearekin saltzen badugu, beste pauso bat emango genuke, eta ekonomia bera suspertuko genuke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide