Bizenta Juaristi Egino: «Heroiaren» sustraiak

Ane Olaizola 2013ko eka. 20a, 04:00

Bastarrika, Almendras, Mendizabal eta Garitano, Bizenta Juaristik idatzitako jatorrizko dokumentuak ikusten, Itsausti Jauregian. (Ane Olaizola) Hogeita hamahiru komunitate, hizkuntza eta historia / biltzen dituen herri batetik zaitugunez etorria / 200 urte atzera egin beharko genuke ia / herri aske bat izatearen izerdi eta ausardia/eman zituen emakumeak hemen zuen jatorria / Azkoitiraino zure bisitak du norabide garbia/zaindu dezagun herri arteko elkartasun irudia / kantatuz gora Euskal Herria eta Jaiaia Bolivia. Eneritz Artetxeren bertsoekin egin zioten ongietorria herenegun Mari Carmen Almendrasi, Boliviako enbaxadoreari. Latinoamerikako herrialdeko horretako independentziaren alde jardundako Bizenta Juaristi Eginoren jatorria ezagutzera heldu zen Almendras Azkoitian; aita azkoitiarra zuen Juaristik. Udalak harrera berezia egin zion enbaxadoreari, eta udaletxe azpian aurreskuarekin eta txistu doinuekin agurtu ondoren, ekitaldia egin zuten udaleko eta Foru Aldundiko ordezkari politikoek eta bertaratu ziren dozenaka herritarrek. Besteak beste, han izan ziren Azkoitiko alkate Pello Bastarrika, Gipuzkoako ahaldun nagusi Martin Garitano, Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatu Iñaki Errazkin, Gipuzkoako Foru Administrazioko eta Funtzio Publikoko diputatu Garbiñe Errekondo, eta Azkoitiko Udaleko ordezkari politikoak. Almendrasek Boliviako kitxua hizkuntzaz agurtu zituen bertan bildutakoak, Evo Morales presidentearen izenean. «Egia esanda, enbaxadorea naizenetik parte hartu dudan ekitaldirik hunkigarriena da honakoa», adierazi zuen. «Gure heroiak, Simon Bolivarrek, Bolivia zer zen galdetzen zuen. Askatasunarekiko maitasun kutuna eta ulertezina zela zioen. Horren adierazgarri da bere bizitza eta aberastasun osoa gure askatasunaren alde eman zuen Boliviako alaba». Juaristik komunitate indigenen eta emakumeen alde egindako lana nabarmendu zuen enbaxadoreak. Era berean, Juaristi Eginok bezala «modu anonimoan» borroka egin zuten emakumeen jarduna aitortu zuen. «Urte askotan alboratu izan dira nekazariak eta indigenak gure herrialdean, baina guztiontzako estatua sortzea aukeratu dugu boliviarrok». Bizenta Juaristiren argazkia (Ane Olaizola/Hitza) Ekitaldian hitza hartu zutenek «heroitzat» jo zuten Juaristi Egino. «Oso harro gaude gure herriko historian azkoitiar batek halako alaba izan zuelako», adierazi zuen Bastarrikak. Honek gogoratu zuen XIX. mendean Espainiaren aurka egin zuela borroka:  «Emakume iraultzailea eta independentziaren aldeko borrokalaria izan zen». Juaristik hartutako bidea Euskal Herrian oraindik orain ikus daitekeela adierazi zion alkateak enbaxadoreari. «Duela 200 urte zuen Bolivia independente izan zedin borroka egin zuen bezala, gaur egun gizonek eta emakumeek Euskal Herriarentzat independentzia lortzeko borrokan jarraitzen dute». Emozioz beteta azaldu zuen Juan Bautista Mendizabalek Juaristiren biografia. Vicenta Juaristi 1783an jaio zen, Bolivian. Bere aita, Francisco Xabier Juaristi Egino, Azkoitian jaio zen, eta 1773. urtean umezurtz geratu ondoren, Perura joan zen. Ama Antonia Diez de Medina zuen, eta alaba erditzean hil zen. Gaztea zela hil zitzaion aita Juaristiri. «Buru-belarri ekin zion independentziaren aldeko borrokari», gaineratu zuen. Jasotako herentzia guztia garai hartako borroka logistikora bideratu zuela nabarmendu zuen kronistak. Hego Ameriketako herrialdeak Espainiarekiko independentzia lortzeko prozesuaren bultzatzaile nagusia, Simon Bolivar, ezagutu zue Juaristi Eguinok, eta, Mendizabalen hitzetan, orduan aintzatetsi zuten emakumea. 1857an hil zenean, dolu nazionala izendatu zuten Bolivian. Zuhaitz genealogikoa ere egin zuen Mendizabalek, eta aipatu zuen herrian Juaristi abizena duten «gehienak» Bizenta Juaristi Eginoren ondorengoak direla. «Ohore eta aukera handia» Azken asteetan Bizkaira eta Gipuzkora egindako bisitaren baitan izan zen enbaxadorea Azkoitian herenegun arratsaldean. Garitanok nabarmendu zuen «aukera handia» izan dela Almendro Gipuzkoan izatea, «bi herrien arteko elkarlanak fruituak eman dituelako». Ahaldun nagusiaren ustez, Euskal Herriko gizartearentzat «ohorea behar du izan halako figura batek euskal jatorria izatea, justizia sozialean askatasunaren aldeko borrokan eta gizon eta emakumeen arteko berdintasunean» oinarritu zuelako bere bizitza. Ekitaldiaren ondoren Azkoitian Bizenta Juaristi Eginoren omenezko plazara joan ziren ordezkariak, eta Hego Ameriketako herrialdeko banderaren koloreekin osatutako lore sorta jarri zuten han. Intsausti Jauregira joan ziren handik, eta bertan Egino Juaristiren irudiak eta harekin lotutako dokumentuak eta hark idatzitakoak ikusteko parada izan zuten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide