Gaztetatik plazaz plaza ibili izan da Ramon Zubizarreta Landakanda. Eskuan panderoa hartuta, eta ondoan Iñaki Garmendia Laja duela, erromeria saio kontaezinak eskaini ditu azkoitiarrak hamarkadaz hamarkada. Euskal Herriko hamaika txoko girotzen egin du bizitzaren zati handi bat, eta orain plazetatik erretiratzeko unea iritsi dela uste du pandero-jotzaileak. «Laster 81 urte egingo ditut; 81 urte ez da plazetan ibiltzeko moduko adina». Landakandak aitortu du «oso erabaki zaila» izan dela, eta sasoiko badago ere, adinak eraman du erabakia hartzera, buruari hamaika buelta eman ondoren. «Oraindik jarrai nezake, joaten naizen lekura joanda ondo erantzuten baitut. Kanturako oso eztarri ona dut oraindik, baina nekagarria egiten zait plazaz plaza ibiltzea».
Oro har, ekitaldi ofizialetatik urrunduko da pandero-jotzailea, baina ez du baztertu ekitaldiren batean edo bestean parte hartzea. «Saioren bat egingo dut oraindik, baina lan gutxi eskatzen duena, eta lagunartean ere panderoa jotzen jarraituko dut», adierazi du. Izan ere, plazak uztea ez dela «batere erraza» izango esan du azkoitiarrak. «Urte askotan lagun mordoa egin dut hainbat herritan, eta haietara joan eta saioa eskaintzeko eskatzen didate. Askotan konbentzitzen naute, eta agindutakoa bete egin behar izaten dut gero».
Erritmoa azkenaldian jaitsita bazuen ere, erromeria saioak nekagarriak izan ohi direla adierazi du azkoitiarrak, ordu asko eskaini behar izaten dielako halako ekitaldiei. «Panderoa jotzeaz eta kantatzeaz gain, etxetik kanpo ordu asko egotea eskatzen du. Zenbait lekutara joateko autoan ere denbora pasatu behar da».
Igandean, omenaldia
Orain arteko jarduna aitortuko diote igandean Azkoitiko Aittola auzoan, Otaba jaietan, eta taula gainean lagun izan duen Lajarekin batera omenduko dute. «Aurreko urtean esan nien erretiratzera nindoala, lana astuna egiten zitzaidalako. Orduan esan zidaten omenaldia egingo zidatela. Baina merezi al dugu halakorik? Gutxienez debalde egin izan bagenu... Baina Aittolara joan garen bakoitzean kobratu egin izan dugu, eta kobratzen duenak ez du merezi halakorik». Izan ere, urte gutxi batzutan baino ez du egin huts Landakandak Aittolan, eta ohikoa izan da hango festetan erromeria eskaintzen ikustea.
Gaztetatik plazaz plaza
1932an jaiota, txikitatik hasi zen Landakanda panderoa jotzen, eta gaztetan ekin zion plazetan ibiltzeari. Ezkondu zenean, 26 urte zituela, jendearen aurrean jotzeari laga zion. Eta hamalau urtez plazak zapaldu gabe egon ostean ekin zion berriro jendaurrean jotzeari. «Maltzetak deitu zidan omenaldi baterako panderojolea falta zuela, eta hara joan nintzenean, batera eta bestera joan nedin eskatu zidaten». Batera eta bestera, halaxe ibili da ordutik azkoitiarra. «Ez dakit izan ez garen herririk izango al den Gipuzkoan».