Serrano, Mendizabal eta Etxaniz, Intsausti Jauregiaren aurrean. (Ane Olaizola/Hitza)
Juan Bautista Mendizabal Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko kidea Gipuzkoako saileko lehendakaria izango da datozen hiru urteetan, gutxienez. Azkoitiko kronista izanik, eta elkartearen egoitza nagusia, Intsausi Jauregia, herrian egonik, «emozio handiz» hartu du azkoitiarrak Maria Asun Urzainkiren lekukoa. «Azkoitiar batentzat elkarteko lehendakari izatea ohorea da», dio. «Ardura handiko» zeregina izango du, ordea, Mendizabalek, eta postu berria «apal-apal» hartu duela dio. Gainera, hurrengo urtean elkartearen sorreraren 250. urteurrena izango da, eta Espainiako Estatuko lehen kultur elkartea izanik, «zirrara bereziarekin» ekingo dio jardun berriari.
Elkarte honen helburua Euskal Herriak zientziarekiko, arte eta letra ederriko duen joera eta zaletasuna lantzea, ohiturak zuzentzea eta euskaldunen arteko batasuna gehiago sustatzea da. Hala dio 1764ean elkartea sortu zuteneko estatutuen lehenengo puntuak, eta Mendizabalek berretsi du puntu horixe izango duela oinarri bere lanaldian.«Helburu horiek mantenduko ditugu, elkartea oraindik bizirik dagoelako». Mendizabalek alboan izango ditu, besteak beste, Julian Serrano idazkaria eta Harbil Etxaniz diruzaina, orain arte zuzendari albokoa izan dena. Helburu horiek, ordea, egungo testuingurura moldatuko dituzte, eta ahalegin horretan, teknologia berrietara salto egitea izango dute erronketako bat. «Zalduntxoena aspaldiko titulua izan arren, aurrerakoiak izan gara beti, eta egun punta-puntan jartzen ari gara teknologia berriei dagokienean».
Ondarea herriratu
Mendizabalen arabera, «elkartean jakinduria asko dago, eta jakinduria hori herrira zabaltzea» da euren asmoa. Azkoitiko Intsausti Jauregian dute egoitza nagusia, eta bertan duten «altxorra guztien esku» jartzea izango da bere erronketako bat, eta horretarako erakundeekin elkarlanean arituko direla aurreratu du. Bere lehendakari jarduera, gainera, «lagun artean» eramango duela aurrera adierazi du. «Hori da niretzako garrantzitsuena».
Euskalerriaren Adiskideen Elkartea gizartearentzat «ondare handia» dela nabarmendu du. Hain zuzen, ondare hori plazaratzeko, liburutegia katalogatzen ari dira egun Intsaustin. 3.000 liburu baino gehiagok osatuko du liburutegia, Euskal Herriko gai anitzei buruzkoak. Azken mendeetan idatzi diren liburuek osatuko dute, historiaren, artearen, pentsamenduaren edota politiko foralaren ingurukoak. «Ilustrazioaren mundua ezagutzeko aukera izango da». Liburu horiek digitalizatu egin dituzte, eta sarean ikusteko aukera izango da. Liburuak espezializatuak dira, eta asko emandakoak dira. Mendizabalek adierazi du liburutegiak ez duela ohiko funtzionamendua izango, baina interesa dutenek eskura izango dituzte.