(Ane Olaizola/Hitza)
Juan Murillo (Lora del Rio, Espainia, 1958) karateka azkoitiarrak eta Anaitasuna Kanku Klubeko irakasleak Euskal Herri mailan karaten lor daitekeen maila altuenetarikoa lortu du: Seigarren Dana. Azterketa gaindituta, otsailaren 8an jasoko du titulua.
Euskal Herriko maila altuenetakoa lortu duzu.
Esperientziaren bidez eta maisu izanez lortzen da titulu hau. Bizitza guztian aritu izan naiz karate egiten, eta urte asko daramat eskolak ematen. Klub honetatik 60 lagun baino gehiago atera dira gerriko beltzarekin, eta ikerketari eta formakuntzari ere denbora asko eskaini diot. Federazioak horren guztiaren berri izan zuenean, nire curriculuma eskatu zuten. Doktoretza baten gisakoa da titulu hau; tesi bat egin dut, eta Espainiako Kirol Federazioa izan da epaimahaia. Karatea defentsa eta erasoa da, eta hori oinarri izanda, lan fisiko eta tekniko bat aurkeztu dut. Rita Juaristi eta Maite Larrañagaren laguntza izan dut horretarako. Oraindik orain matxismo asko dago arlo askotan, eta emakumeak karatean jarduteko ere gai direla erakutsi nahi izaten dut.
Nire ikerketa emozioen inteligentziaren ingurukoa da. Gizakiaren emozio primarioak honakoak dira: amorrua edo haserrea, poza edo histeria, gehiegizko hausnarketa, antsietatea eta beldurra. Bost emozio horiek kontuan hartuta, nire ikasleak aztertu ditut, eta tesia gauzatu dut. Hala nola, enpatia, besteenganako harremana edota autoestimua jorratu ditut. Hau guztia formazioaren barruan dago.
Zer ekarri dizu titulu hau lortzeak?
Azken 30 urteetan egindako lanaren aitortza da titulu hau. Kluba txikia da, eta karatea gutxienen kirola da. Eskaintza asko jaso ditut, baina izan ditudan ikasleen formazioaren erantzulea sentitzen naiz. Badago halako lotura bat guztion artean; bizitzeko filosofia bat da hau.
Noiz hasi zinen titulua lortzeko prestatzen?
Aurreko urtean Akilesen tendoia hautsi nuen, eta orduan ekin nion ikerketari. Emozioak eta haurren motrizitatea ikasten hasi nintzen, besteak beste, eta horren emaitza izan da tesia. Ikerketa garrantzitsua izan da, eta asko gustatu zaio epaimahaiari. Ordu asko sartu behar izan ditut maila hau lortzeko.
Nola hasi zinen karate egiten?
Azkoitian duela 25 urtetik nabil honetan, baina Eibarren hasi nintzen karate egiten, oso gazte nintzela. Gaztetan oso bihurria nintzen, eta nire koinatuak boxeo eskola bat zuen. Hark bultzatu ninduen kirol hartara. Ondoren, 70eko hamarkadan, karateko saio bat ikusi nuen, eta ezustekoa izan zen niretzat. Gehien gustatu zitzaidana inor ezin nuela jo izan zen. Halaxe hasi nintzen honetan, eta gero eta gehiago murgildu nintzen, gaur egunera arte.
Karatea filosofia bat dela diozu. Zergatik?
Karateak oinarrizko bost zutabe ditu: nortasunaren heziketa, zuzentasuna, ahalegina eta iraunkortasuna, besteenganako errespetua eta indarkeria erreprimitzea. Balio horiek guztiak bizitzako alor guztietan ezar daitezke. Karatean umiltasuna eta errespetua uneoro erakusten dira.