Noiz eta nolatan hasi zinen bizikletak egiten?
Betidanik gustatu izan zait mundu hori, eta iazko otsailean bizikletak egiten ikasteko kurtso bat topatu nuen Madrilen. Astebete iraun zuen ikastaroak, eta egunean bederatzi orduz bizikleta bat fabrikatzen ikasi genuen. Ofizioz ingeniari teknikoa naiz, beraz, marrazten ondo moldatzen naiz eta geometria ere kontrolatzen dut. Horrez gain, 12 urte nituenean, txirrindularitza lasterketetan lehiatzen hasi nintzen. Hori guztia dela eta, bizikleten inguruan zerbait badakidala iruditzen zait.
Biraka Cyclesen Twitterreko kontuan «txirrinduaren artisaua» zarela diozu.
Bai. Bizikletak eskuz egiten ditut, beraz, artisaua naizela esan daiteke. Gainera, bizikleta artisauak ez dira seriean egiten diren bizikletak bezalakoak, pertsona bati erabilera konkretu baterako egindakoak baizik. Merkatuan dagoen bizikleta baten oso antzekoa izan daiteke eskuz egindakoa ere, baina nik erabiltzaileen neurrira eta erabilerara egokitzen ditut. Orduan, oso esklusiboa da, orri zuri batetik abiatzen naiz bizikleta bat egiteko orduan. Iruditzen zait lana horrela egiteak merezi duela estandarretatik kanpo dauden bizikletak egiteko.
Zein teknika erabiltzen dituzu?
Lehengo urratsa erabiltzailea ezagutzea da, jakitea norentzat ari zaren bizikleta egiten. Hor bi kontu oso garrantzitsu daude: pertsonaren neurriak eta hark bizikleta zertarako nahi duen jakitea. Izan dezakezu bizikleta bat koxka guztietan dar-dar egin baina kurbak azkar hartzeko balio duena, baita justu kontrakoa egiten duena ere. Bizikletaren erabiltzailearen arabera, geometria on bat topatzea da gakoa, eta horren guztiaren arabera diseinua egokitzea. Hori guztia jakin ostean, hodiak erosten ditut eta bizikleta fabrikatzeari ekiten diot; hodiak muntatzen ditut eta horiek zilarrarekin soldatu.
Zein material dira egokiak bizikletak egiteko?
Altzairuzko hodiak erabiltzen ditut nik eta horren barruan gama desberdinak daude. Altzairu herdoilgaitza ere erabiltzen da, apur bat garestiagoa den arren. Biak ala biak erresistentzia aldetik nahiko antzekoak dira.
Txirrindulari ohia ere bazara. Zeuk egindako bizikletak erabiltzen al zenituen orduan?
Txirrindularitza probetan lehiatzen nintzenean ez nituen nik egindako biziketak erabiltzen, iazko otsailean hasi bainintzen gailu horiek egiten. Orain, ordea, nik egindakoak bakarrik erabiltzen ditut. Une honetan bi bizikleta ditut: Gravel bizikleta bat eta errepideko beste bat. Horrez gain, epe laburreko nire intentzioa da niretzako mendiko bizikleta bat egitea, oraintxe ari naiz horretarako tutuak aukeratzen. Hainbat kategoriatan lehiatu izan naiz urte hauetan guztietan: ziklokrosean, pistan, triatloian… Era guztietako bizikletak erabili izan ditut, eta geometriari dagokionez antzematen ditut bizikleta batetik besterako desberdintasunak.
Lan handia eskatzen al du bizikleta bat egiteak?
Bai, lan dezente eskatzen du. Afizio honetaz gain, lan ere egiten dut, beraz, normalean hilabete inguru pasa ohi dut bizikleta bat egiten. Diseinua bera egiteak ere denbora asko kentzen du; jendeak, normalean, hodiak fresatzailearekin estutzen dituen arren, nik limarekin egiten dut, eta horrek lan gehiago eskatzen du. Hodien eskari handiagoa eginez gero, merkeagoa ateratzen da, baina nik nahiago dut katalogoan dauden tutu guztiekin lan egin, garestiagoa izan eta denbora gehiago eskatzen dizun arren. Lan hau afizioz egiten dudanez, ez dut mugarik nahi bizikletak egiteko orduan.
Bizikleta egileen erreferentziarik izan al duzu inguruan?
Nire inguruan ez asko, baina Interneten bai. Kaliforniako [AEB] bizikleta egile bat jarraitzen dut sarean. AEBn eta Erresuma Batuan oso aurreratuta daude lan horretan, eta artisau lana beste era batera baloratzen dute. Hemen egiten ez dituzten gauzak egiten dituzte han. Inguruan oso jende gutxi dago bizikletak eskuz egiten dituena, Bilbo inguruan badago artisau bat, baina hark vintage estiloko bizikletak egiten ditu gehienbat.
Erraza al da merkatuan eskuz egindako bizikletak saltzea?
Ez, merkatua oso txikia da. Egia da bizikletak eskuz egiten dituen jende oso gutxi dagoela, beraz, badago oreka bat. Jendeak bizikleta bat erosten duenean ez dio haren geometriari begiratu ere egiten, eta ez dira ohartzen askoz garrantzitsuagoa dela geometria bera bizikletaren pisua baino. Txirrindularitzan lehiatzeko erabiltzen diren bizikletak ondo egokitzen dira normalean, beraz, eskuz egindakoak zerbait esklusiboa bilatzen duen jendearentzako dira. Trajeekin ere gauza bera gertatzen da, merkataritza-gune batean eros zenezake trajea edo jostun bati neurrira egiteko eskatu. Ez da gauza bera.