Gipuzkoako errotei balioa emateko asmoaz, IV. Erroten Eguna ospatuko dute igandean, herrialdeko errotetan. Hainbat udalerrik egin dute bat ekinbidearekin, hala nola Aiak, Antzuolak, Aramak, Ataunek, Azkoitiak, Azpeitiak, Beasainek, Bergarak, Errenteriak, Ezkiok, Irunek, Itziarrek, Legazpik, Leintz Gatzagak, Mendarok, Mutiloak, Oiartzunek, Oñatik, Tolosak, Usurbilek, Zegamak eta Zerainek. Askotariko jarduerak antolatu dituzte egun horretarako. Erroten historiari eta duten funtzionamenduari buruzko bisita gidatuak eskainiko dituzte. Zenbait erakusketa ere antolatu dituzte; esate baterako, Ia 6 mendeko historia Igartzako errotan (Beasain) eta Bergarako errotak Aroztegi aretoan (Bergara). Taloak egiteko tailerrak ere egingo dituzte Igartubeitin (Ezkio), Ibaresen (Arama), Igaran (Azpeitia) eta Agorregin (Aia), besteak beste. Egitarau osoa Molinosacem.com webgunean aurkitu daiteke.
Aran Aldai Pagoetako Iturraran parketxeko ingurumen hezitzaileak gidatzen ditu bisitetako batzuk. Agorregiko errotan egiten du lan Aldaik, eta mirespen handia dio hango inguruari. "Niretzat oso garrantzitsua da nondik gatozen jakitea; izan ere, iruditzen zait gaur egun dugun bizimodua ulertzeko ezinbestekoa dela gizakiok izan dugun bilakaera aztertzea", esan du. "Gaur egun daukagun jakintza teknologikoa eboluzio baten ondorioa da".
Aldaik gaineratu du interes handia pizten diola jakiteak arbasoek lurra nola ereiten zuten eta zer prozesu egiten zuten elikagaiak prestatzeko garaian. "Lotura estua zuten naturarekin eta naturaren zikloekin. Guk, ordea, urrutitik bizi dugu hori guztia, eta Gipuzkoako Erroten Eguna bezalako ekimenek balioa ematen diote gure arbasoek zuten bizimoduari. Ezagutzak eramaten gaitu natura zaintzera, maitatzera eta errespetatzera".
Iturraran parketxeko ingurumen hezitzaileari iruditzen zaio erroten historia jakitea "ezinbestekoa" dela Gipuzkoako garapen sozial, ekonomiko eta industriala ulertzeko, errotak ondare historiko, teknologiko, antropologiko eta etnografikoaren parte direla jota. "Gure aitona-amonek eta aurreko arbasoek ogibide izan zuten errota. Ogibide hitzak dioen bezala, errota janari iturri izan zuten. Hori gogorarazi nahi du Gipuzkoako Erroten Egunak".
Antolatzaileek azaldu dute lurraldearen orografiak eta klima euritsuak modua eman zutela errotaren industria garatzeko, mendeetan energia hidraulikoa baliatzen baitzuen komunitateari zerbitzua ematen zion hainbat zereal mota ehotzeko. Dena dela, uste dute "bigarren mailan" geratu direla. "Arto amerikarra iritsi eta lurraren ezaugarrietara ondo egokitu izanaren ondorioz, izugarri ugaritu ziren errotak, eta euskal geografiako bazter guztietara zabaldu; hainbat mendez jarduerari eutsi zioten, harik eta bigarren mailan geratuz joan ziren arte".
Bertakoaren garrantzia
Aldaik esan du Agorregin bisitariek harrera "oso ona" egiten dietela. "Errotak martxan ikustea oso berezia da. Urak duen indarra aurrez aurre ikusteak arreta ematen die askori. Gainera, ingurua eta errota etxeak ere oso politak dira, eta jendeari asko gustatzen zaizkio, bai helduei, baita haurrei ere". Agorregin, igandeetako bisitez gain, antzinako lanbideei buruzko edota ogia egiteko ikastaroak eskaintzen dizkiete ikasleei aste barruan.
Aldaik azaldu du Agorregin lau errota daudela "eremu oso itxian". Gipuzkoako Foru Aldundia arduratzen da mantentze lanaz, eta Gipuzkoako Parketxe Sareak dinamizatzen ditu hango jarduerak. "XIX. mendean, 24 errota aurkitu zitezkeen Aian. Zenbaki nabarmena dela iruditzen zait, ehun biztanleko errota bat baitzegoen". Erroten inguruan lanbide asko sortzen ziren, hala nola errota martxan jartzen zutenak, berritzeaz arduratzen zirenak edota errotetako harriak altxatu eta pikatzen aritzen zirenak. "Errotak, herritarren janari iturria izateaz gain, garai hartako lanbide askoren ikurrak dira", adierazi du Aldaik.
Igandean taloak egiteko tailerra eskainiko dute Agorregin. 11:00etan hasiko da bisita gidatua, eta 12:30ean Iturraran parketxera itzuliko dira, taloak egitera. Antolatzaileek jakinarazi dute ekintzan parte hartzeko beharrezkoa izango dela aurretik izena ematea.