http://youtu.be/fs5YDclalDM
Larunbata da, eguerdia, eguraldi paregabea dago Urdaneta aldean, eguzkiak bete-betean jotzen du, eta Izeta sagardotegitik dotore ageri da Zarautz, eta bare eta urdin, itsasoa. Hondartzarako edo paseorako giro aproposa benetan. Baina bertan bildu diren Izetatarrek beste zeregin bat dute buruan: harri-jasotzen aritzeko gimnasioan sartu, eta gogor entrenatzea. Ez dira gutxi elkartu: hiru anaia, haietako baten semea, eta biloba bat. Semearen lehengusu txiki bat ere bai. Denek hartu dute harria: Agustin Iruretagoiena
Izeta I.-ak (Aia, 1964); Joxe Ramon Iruretagoiena
Izeta II.-ak (Aia, 1967; Jexux Mari Iruretagoiena
Izeta III.-ak (Aia, 1974); Hodei Iruretagoiena
Izeta IV.-ak (Zarautz, 1985, Joxe Ramonen semea); Jakes Iruretagoienak (Hodeiren bost urteko semea); eta Mikel Lopetegik (Hodeiaren lehengusu txikia). Haiei guztiei begira, aulkian eserita, lasai, etxeko nagusia: Manuel Iruretagoiena, Jakes txikiaren birraitona.
Igeldo Harria txapelketa dute buruan denek. Hurrengo astean, abuztuaren 17an jokatuko dute, Donostiako Aste Nagusian. Norgehiagoka berezia izango da aurtengoa Izetatarrentzat. Eta ez arrazoi bakarragatik. Alde batetik, Izeta II.ak hamargarren txapela izango du jokoan. Azken bederatzi urteetan bera nagusitu izan da han, eta aurten irabaziz gero, zenbaki borobila lortuko luke. Bestetik, harekin batera parte hartuko dutelako lehian beste hiru Izetatarrek ere. «Laurok izango gara Igeldo Harrian, eta uste dut aurreneko aldiz hartuko dutela parte etxe bereko lau kidek», iritzi dio Izeta IV.ak. Bera lehenengo aldiz ariko da Igeldo Harrian, eta aurten Izeta I.a ere animatu egin da. Urteak zeraman harri-jasotzetik erretiratuta, baina pixkanaka bueltan da berriz. «Guretzat polita da txapelketa batean hiru anai eta semea aritzea», dio Izeta II.ak.
Joxe Ramon Iruretagoiena 'Izeta II.'-a Jakes bilobari azalpenak ematen (Onintza Lete Arrieta/Hitza)
Hamargarren txapelaren bila
«Igeldo Harria deitzen zaio, eta harri berezia da. Arrautza tankerako bat da. Igeldoko harkaitzetatik atera zuten orain urte batzuk, eta txapelketa garrantzitsuenetarikoa da», azaldu du Izeta II.ak. 134 kiloko pisua du.
Izetatarrekin batera, beste hainbat harri-jasotzaile ariko da lehian. Izan ere, «harri-jasotzaile guztiak joaten dira norgehiagoka horretara». Aimar Irigoien, Ostolaza eta Telleriatarrak ikusteko aukera izango da, besteak beste.
Hamargarren txapela irabazi dezake Izeta II.ak, baina ez du erraza izango. Aimar Irigoienek ere hartuko du parte aurten, eta «faboritoetako bat hura da», onartu du Izeta II.ak. «Aurten zaila izango dut irabaztea. Ni adinean aurrera noa, Aimar sasoiko dago...». Orain bi urte biak aritu ziren txapelketan nor baino nor, eta aiarra nagusitu zen. Iaz, berriz, Aimar Irigoienek ez zuen parte hartu lehian.
Izeta IV.a harria probatzera joango da txapelketara. «Nahikoa beldur badut, harria ez baitut ezagutzen. Ikusita badaukat, baina ez dizute harria aurrez probatzen uzten», azaldu du. Aitarentzat ere «kezka» ematen duen harria da ezagutzen ez duenarentzat: «Etxean antzeko harriarekin ibili arren, hangoa desberdina da. Guk urteak daramagu txapelketan; nik 16-17 aldiz hartuko nuen parte. Harria ondo ezagutzen dut, baina lehenengo aldiz doazenentzat ez da erraza». Harri-jasotzaile batek lana amaitu, eta pare bat minuturako hurrengoak lanean hasi behar izaten du, eta tartean harria probatzeko aukerarik ez dagoela nabarmendu dute Izetatarrek. «Txistua jotzen dute, eta bost minutuan ahal dena egiten da. Gaizki hasiz gero, denbora segituan agortzen da, ez da erraza neurria hartzea. Guk aholkuak eman arren, norberak heldu behar dio harriari».
Ezkerretik hasita Izeta I.a, Izeta II.a, Izeta III.a, Izeta IV.a (Izeta II.aren semea), Mikel Lopetegi eta Jakes Iruretagoiena (Izeta IV.aren semea), joan den larunbatean, Izetan. (O.L.A./Hitza)
Kimu berriak atzetik
Izeta II.aren anaiek ere askotan jasoa dute Igeldo Harria. Izeta I.ak probatu zuen aurrena, 1990eko hamarkadan. Hainbat urtez plazetan ibili ondoren, lesioengatik erretiratu egin zen. «Orain, nik harri-jasotze eskola jarri dudan honetan, animatu egin da pixkanaka hasteko», dio Izeta II.ak. Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian entrenatzen ditu gazteak; beste batzuetan bera entrenatzen den toki berean aritzen dira, Izetan. «Kiroldegian ez daukat oraindik toki handirik, eta harri asko ere ez dut; pixkanaka hemendik hara eramango ditut trasteak, eta momentuz bietan aritzen gara», azaldu du.
Oraindik harri-jasotzeko eskolarik ez du hartzen, baina harriarekin jolasean ederki ibiltzen da Jakes txikia. Bost urterekin, dagoeneko erakustaldiren batean aritua da berarentzat propio prestatutako harriekin, eta bere aitak, osabek eta aitonak bezala, berak ere badu harri-jasotzaileen jantzia. Besteena baino dotoreagoa da, gainera, bularrean izebak jositako ikurrina baitu. Besteek nola entrenatzen duten begira egoten da Jakes, birraitonarekin batera, eta aitonak azalpenak ematen dizkionean, zintzo-zintzo entzun, eta saiatzen da hark esandakoa egiten. «Zortzi kilokoarekin, hamarrekoarekin... aritzen da». Laster Unax lehengusuarekin batera jardun ahalko du harri-jasotzen. Izeta III.aren semeak hiru urte ditu, eta dagoeneko hasi omen da hura ere etxekoen afizioari heltzen. «Guk zer egin, beraiek ere horixe egiten dute», dio Izeta III.ak. Bera beste lehia batetarako ere ari da prestatzen. Izan ere, Igeldo Harria baino bi egun lehenago beste txapelketa batean hartuko du parte, Mallabian. «100 kiloko zilindro zaharrarekin eta 100 kiloko bolarekin ariko naiz. Txapelketa garrantzitsua da, eta ea zer moduz moldatzen naizen», azaldu du.
Larunbateko entrenamenduan, bada seigarren lagun bat ere: Mikel Lopetegi zarauztarra. Hamazazpi urte ditu Izetatarren lehengusuaren semeak, eta badarama hiruzpalau urte harri-jasotzen. Plaza iaz ezagutu zuen, kintopekoen txapelketan parte hartuta. 16 eta 21 urte arteko gazteentzako txapelketa izaten da, eta aurten Zarautzen jokatuko dute norgehiagoka. Euskadiko Txapelketa irailaren 8an egingo dute, Euskal Jai bezperan. Harako ari da prestatzen Lopetegi. Izeta II.aren eskolan dabil. «Aurrekoan ezin izan zuen kiroldegira joan, eta horregatik etorri da hona entrenatzera. Bestela, kiroldegian aritzen da gurekin», azaldu du Izeta II.ak.
Izeta III.a entrenatzen (O.L.A./Hitza)
Lanean segitzeko asmoz
Harri-jasotzailea 30 urterekin egoten da sasoirik onenean. Hala uste dute Izetatarrek. Izeta IV.ari ez zaio asko falta adin horretara iristeko, eta hala dio: «Lesiorik ez badut izaten, beste urte batzuz segitu nahi nuke. Ondo sentitzen naiz». Helburua ere badu: «Urtez urte hobetzen jarraitu nahi nuke. Ea posible den maila txukun bat hartzea».
Aitak eta osabak, berriz, urrundu dira zenbaki horietatik. Baina denek harriarekin jarraitzeko asmoa dute. Izeta II.ak maila ona erakutsi bitartean jarraituko du harriak bizkarreratzen. «Nik oraindik beste pare bat urtez behintzat jarraitzeko asmoa badut, ondo sentitzen naiz, eta gorputzak esango du. Beheraka hasten naizela ikusten dudan momentuan utziko dut, ez dudalako horrela jarraitu nahi. Baina orain goiko mailan dabiltzan harri-jasotzaileekin hor nabil borrokan, eta horrela nabilen bitartean pena ematen dit uzteak».
Izeta III.ak ere ez du plaza uzteko asmorik. «Zenbat denboran ez dakit, baina jarraituko dut». Eta Izeta I.ak ere asmo bera du. Marka dotorea lortutakoa da, gainera: 240 kiloko harria jasotakoa da, berak 90 kilo bakarrik pisatuta. «Karrera motza baina indartsua egin zuen anaiak», dio Izeta II.ak. «Meritu handia du, bera hain arina izan eta 225 kiloko harriekin ibilita, Goenatxoren mailako harri-jasotzaileekin lehian», azaldu du ilobak. 1990eko hamarkadan aritu zen Izeta I.a, eta honela oroitzen du garai hura: «Txapelketa bat antolatzeko gutxienez hiru harri-jasotzaile behar izaten ziren, eta beti azken momentuan bateren bat falta izaten zen, eta gu tokiak betetzen joaten ginen. Gero, jendea harrituta gelditzen zen ni arina izan, eta halako harriak altxatzen ikusita. Gainera, azken momentuko hutsuneak betetzen genituenez, ia entrenatu gabe joaten ginen». Bi urte darama entrenatzen, eta hasita dago jendaurrean harria jasotzen. Urte hasieran, esaterako, marka berria jarri dute lauren
artean Zarautzen bertan. Izan ere, 100 kiloko zilindroarekin 500 altxaldi egin zituzten 26 minututan.
Harriarekin astean bitan entrenatzen dira Izetatarrak. «Asteburuetan erakustaldiren bat baldin badugu, entrenamendu gutxiago behar izaten da», azaldu du Izeta II.ak. Bestelako ariketak ere egiten dituzte: bizikletan ibiltzen dira, gimnasioan ere bai... Euren arteko lehiak, berriz, txapelketatarako eta erakustaldietarako uzten dituztela azaldu dute denek. «Entrenamenduetan ez dago pikerik, baina plazan bakoitzak berea egiten du, ondokoa anaia, semea edo Espiritu Santua izan, denok irabaztera ateratzen gara». Garrantzitsua da hori Izeta III.arentzat: «Jendeari gustatzen zaiona da zuk dena ematea, lehertu arte». Berak ere horixe egin du aurten, pisukako txapelketa batean Izeta II.a anaiari irabazita. «Gure artean, egunerokoan, giro ona dugu», dio hala ere Izeta II.ak.
Kirola, sasoi onean
Izetatarren ustez harri-jasotzea sasoi onean dago. «Okerrago egon zela uste dut», dio Izeta II.ak. «Orain berriz ere piztu egin da», gaineratu du Izeta III.ak. «Apustua galdu da beharbada», uste du Izeta IV.ak. «Azkena gure aitak eta Aimarrek egin zutena izan zen; geroztik ez da besterik jokatu. Azken hamar edo hamabost urteetan oso apustu gutxi egin dira. Hori galdu egin da, nire ustez», dio.
Aizkoran, esaterako, urtean bizpahiru apustu izaten direla adierazi dute Izetatarrek, baina harri-jasotzen jende gutxiago dabilela, eta horrek ere eragina izango duela uste dute. «Lehia handirik ere ez dago harri-jasotzaileen artean: lehen hiru postuetan beti jende bertsua sailkatzen da», azaldu du Izeta III.ak. Erakustaldiak eta txapelketak dira nagusi harri-jasotzean. Herrietako jaietan, batzuetan urtero harri-jasotzaile ber-berei deitzen diete antolatzaileek; beste batzuk, berriz, txandakatzen joaten dira, urtero kirolari berak ez egoteko. Dena dela, hor ere nabaritu dute beherakada, krisi ekonomikoaren ondorioz. «Herri askotan udalak larri dabiltza, eta zer kenduko dute, bada, festetatik: herri-kirolak. Aurten nabaritu da hori», uste du Izeta II.ak. Bere anaia gazteak gaineratu du, toki askotan kirolari profesionalen ordez herriko gazte taldeak aritzen direla herri-kirol ikuskizuna eskaintzen: «Orain modan dago herrikoek egitea herri-kirol norgehiagoka bat, eta giza probak ere modan jarri dira». Kontuak kontu, Izetatarrek sasoian jarraitu bitartean, jendeak izango du zer gozaturik.