Giro paregabea, Fundizio Fest jaialdiaren itzuleran

Iraia Oteiza 2026ko maiatzaren 24a

Lau urteren ostean, Fundizio Fest jaialdian murgildu zen atzo berriro Zestoa. Euskal Herriko musikarien emanaldiez eta herriko taldeen nahiz musikazaleen zuzenekoez gozatzeko aukera izan zen atzo herrian, goizean hasi eta gauera arte prestatu zuten egitarauan. 

Lau urteko etenaren ostean, Fundizio Fest jaialdia egin zuten atzo Zestoan, Fundizio kultur elkarteak eta Zestoako Gazte Asanbladak elkarlanean antolatuta. Zuzeneko musikaren jaialdia izan zen atzokoa, eta jende ugari bertaratu zen Euskal Herriko musikarien emanaldiez eta herriko taldeen nahiz musikazaleen zuzenekoez gozatzera. 

Arima, Mihise, Argizulo Dub Station eta Eira, Beñaranks, Fundizio Crew, Min, Burutik, HGS, Costmix eta 3re taldeen emanaldiak izan ziren atzokoan. 17:30etik aurrera eskaini zituzten kontzertuak, Zestoako plazan zein Gaztetxean. 

Aurretik, baina, goizean eta eguerdi partean, XI. Laiak Ardo Dastaketa eta Fundizio elkartearen entsegu lokal eraberrituetan ate irekierak egin zituzten. Duela urte eta erdi inguru, tren geltoki zaharreko lokala handitzeko lanetan hasi ziren, eta ondorioz, entsegu lokal bat edukitzetik, bi lokal izatera pasatu dira orain. Fundizioko kideen arabera, "espazio irekia eta anitza" sortu dute, eta musika sortzeko gogoa duen edozein herritarrek izango du lokaletara joateko aukera.

(Argazkiak: Iraia Oteiza eta Oier Arregi)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide