Zarautz izan da Banaezinak. Natura eta gizakia: historia partekatu bat erakusketa ibiltariaren lehen geltokia, eta aurreko asteko asteazkenean inauguratu zuten, eta atzo eguerdian mostran izan ziren Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatua, Gloria Vazquez Aldundiko Ingurumen Administrazioko zuzendaria eta Paul Minguez Olaondo Aranzadi Zientzia Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko idazkaria. Gaur izango da erakusketa ikusteko azken eguna Merkatu plazan, 18:00etatik 20:00etara.
Banaezinak. Natura eta gizakia: historia partekatu bat erakusketa gizakiak naturarekin duen harreman historikoan zentratzen da. Nabarmendu zuten "naturak bizirauteko oinarrizko baliabideak" eman dizkigula eta baita "espezie gisa gaur egunera arte iristeko aukera" ere.
Aranzadiko ordezkariak azaldu zuenez, "erakusketaren helburuen artean honako hauek daude: gure ikertzaileen lan zientifikoari balioa ematea; Gipuzkoako natura- eta kultura-ondare aberatsaren bitxikeriak eta balioak nabarmentzea; eta fokua zientzian jartzea, garapenaren funtsezko elementu gisa".
Erakusketa material zientifiko ugari duten bitrinek eta diskurtsoa indartzen duten material etnografikoek osatzen dute. Esaterako, Mutrikuko leize batean berreskuratutako bisonte garezur baten erreplika, mikroskopioak, historiaurreko aizkora edo Aranzadi Zientzia Elkartearen Etnografia eta Ondare Bildumako bestelako pieza etnografikoak.
Bestalde, Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko Diputatuak azpimarratu zuenez, erakusketak "funtsezko zerbait gogorarazten digu: gizakiak eta naturak beti aurrera egin dutela eskutik hartuta, eta gure ingurunea babestea ez dela ingurumen-betebeharra soilik, etorkizuneko belaunaldiekiko erantzukizuna ere badela".
Halaber, Aranzadiren lana goraipatu zuen: "hamarkadak daramatza gure lurraldea, biodibertsitatea eta natura-ondarea hobeto ulertzen laguntzen. Jasangarritasun Departamentutik zientziaren, ezagutzaren eta iraunkortasunaren arteko aliantza bultzatzen jarraitu nahi dugu, Gipuzkoa erresilienteago bat eraikitzeko ". Nabarmendu zuen naturari begiratu behar diogula berriro, ez arrotza den zerbait bezala, baizik eta geure parte bezala, eta baita erakusketak "gogoeta kolektibo horretara gonbidatzen gaituela: nondik gatozen ulertzea, gure lurraldea eta etorkizuna nola zaindu nahi dugun hobeto erabakitzeko ".
Erakusketak datozen hilabeteetan Gipuzkoa zeharkatuko du, hainbat herritatik pasaz, hala nola Tolosa, Irun eta Zumarraga.