Ondarea Orain programaren barruko saioetako bat Zarautzen izango da

Intza Trula 2026ko maiatzaren 24a

Santa Klara komentua. (Intza Trula)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak antolatutako programa da, eta kultura ondarearen gaurkotasuna herritarrei hurbiltzea du helburu. Zarautzen amaituko da, ekainaren 10ean, Birgaitzea eta ondare-balioak: Zarauzko Santa Klara komentua hitzaldiarekin.

Ondarea Orain kultura ondarearen gaurkotasuna herritarrengana gerturatzea helburu duen egitasmoak Zarautzen geldialdia egingo du. Programako azken saioa egingo dute herrian, ekainaren 10ean, Santa Klara komentuan. Birgaitzea eta ondare-balioak: Zarauzko Santa Klara komentua hitzaldia emango dute bertan.

UR arkitektura estudioko Xabier Urangak eta Zarauzko Udaleko bulego teknikoaren arduradun Iratxe Garcia de Vicuñak hartuko dute parte hitzaldian. 19:00etan hasiko da, eta euskaraz zein gaztelaniaz izango da.

Hala, saioak aukera emango du komentuaren beheko solairuaren birgaitzean aplikatzen diren esku hartzeko irizpideak zuzenean ezagutzeko. Birgaitzearen helburua da ondare balioak kontserbatzea eta ekipamendu publiko sozial eta kultural gisa egokitzea bateragarri egitea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura departamentuak sustatutako programa da Ondarea Orain, eta horren aurkezpenean izan ziren Goizane Alvarez Kulturako diputatuarekin batera, Josue Susperregi, Arkeolan Fundazioko dendrokronologoa eta Xabier Uranga, Zarauzko komentuko arkitektoa.

Donostian eta Errenterian ere bai

Zarautzen ez ezik, Donostian eta Errenterian ere izango dira saioak. Maiatzaren 27an, Donostiako Santa Teresa eraikinean 100 adibide. Gipuzkoako Erdi Aroko zurezko ondarearen zifra biribila hitzaldia emango dute. Hilaren 21ean eman zuten lehen hitzaldia bertan, programari hasiera emanaz: Ipuscuako agiriak, adimen artifizialaren erabilera artxiboko dokumentuak zabaltzeko: Disrupzioa?

Ekainaren 3an, berriz, Diego Garate Kantabriako Unibertsitateko irakasleak eta Ainara Rodriguezek taldeko kideak Paleolitoko garaiko labar artea Aizpitarteko muinoan liburua aurkeztuko dute Errenteriako Reina aretoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide