Ibai Makazaga eta June Agirrezabalaga nagusitu dira beste behin Talai Mendi Trailen

Enara Ariznabarreta 2026ko maiatzaren 23a

265 korrikalarik parte hartu dute VI. Talai Mendi Trailen. Gizonetan, Mikel Usandizaga iritsi da bigarren, eta Patrick Laquechek eskuratu du hirugarren postua.

Beroa izan da nagusi VI. Talai Mendi Trailen, eta sufrimenduz zein gozamenez beteriko lasterketa izan da gaurkoa. Guztira, 265 lasterkari atera dira lehen postuaren bila, 189 mutil eta 76 neska. Pasa den urteko parte-hartzeari erreparatuta, bai gizonezkoen eta baita emakumezkoen zifrak gora egin du.

14 kilometrotako ibilbidea egiten azkarrenak Ibai Makazaga oriotarra eta June Agirrezabalaga zarauztarra izan dira, beste behin. Makazaga 01:02:03ko denboran helmugaratu da, Talai Mendi Trail lasterketan bere bosgarren garaipena eskuratuz. Beraz, lasterketako errekorrak Gontzal Murgoitio elorriarrarenak izaten jarraitzen du: 58:37ko denboran amaitu zuen ibilbidea berak, 2023. urtean. Mikel Usandizaga aiarrak (01:04:08) eskuratu du bigarren postua, eta Patrick Laqueche irundarrak (01:05:08) hirugarrena.

Agirrezabalagak, berriz, 01:14:42ko denbora egin du. Bigarren postua Irune Lertxundi oriotarrak (01:19:46) eskuratu du, eta hirugarrena Garazi Artola zumaiarrak (01:25:16). Izerditan iritsi dira hirurak helmugara, baina izugarrizko poztasunarekin.

Halaber, berrikuntza bat egon da lasterketan. Aurtengo edizioan bi urdaiazpiko ezkutatu dituzte. Jon Beldarrain (01:28:53) eta Libana Taboada oriotarrak izan dira zortedunak. Azkena helmugaratzen Gorka Arriola donostiarra izan da (02:10:23). Garaikurra jaso du, eta VII. Talai Mendi Trailerako itzuli beharko du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide