Briana Mow eta Joanes Goitisolo nagusi Getariako Triatloian

Aritz Mutiozabal 2026ko maiatzaren 23a

Triatleta australiarrak hasiera-hasieratik jarri da buruan, eta indartsu eutsi dio lasterketa osoan; Ainhoa Murua zarauztarra hirugarren sailkatu da. Gernikarrak, berriz, iazko garaipena berretsi du, eta probako marka ondu du. 

Eguzkiak ederki jotzen zuela jokatu dute gaur arratsaldean Getaitrik antolatutako Getariako X. Triatloia, eta ia 380 kirolarik bero galdatan egin diote aurre sprint distantziako zirkuitu azkarra bezain zorrotzari. Joanes Goitisolo gernikarrak eta Briana Mow australiarrak ongi kudeatu dute egoera hasieratik, eta nagusitasunez irabazi dute lasterketa. Goitisolok iazko garaipena berresteaz gain, probako marka berria jarri du, 57:19ko denbora eginez; 58:59 egin zuen aurreko urtean. Australiarrak, berriz, iazko arantza kentzea lortu du; izan ere, hirugarren sailkatu zen, baina amaieran deskalifikatu egin zuten, txirrindularitzan alboko erreia inbaditzeagatik. Aurten, podiumeko lehen postura igo eta txapela janztea lortu du.

Getariako hamargarren edizioak hainbat berritasun izan ditu. Alde batetik, bizikletako ibilbidearen hasierako zatiak Alde Zaharra zeharkatu du, ikusgarritasuna ageratuz. Bestetik, emakumeen parte hartzea %29 izan dela kontuan hartuz, eta parekidetasunari balioa emate aldera, aurten emakumeak izan dira lehenak Malkorbeko hordartzatik irteten. 16:00etan abiatu dira, eta 25 minutu geroago, gizonak.

Igeriketako zatian jada erdi erabakita geratu da emakumeen sailkapena: Briana Mow australiarrak izan da lehena box eremura iristen, eta haren atzetik, Isla Watson australiarra eta Ainhoa Murua zarauztarra. Hurrenekera horretan osatu dute proba osoa, bai bizikiketako bai korrikako zatia, eta 01:06:54ko denbora eginez zeharkatu du Mowek helmugako arkua; Watson ia minutu batera heldu da (01:07:51) eta Muruak minutu eta erdi gehiago behar izan ditu (01:08:22).

Gizonezkoetan, bizikletako zati hasi bezain pronto jarri da buruan Goitisolo, eta ez du amore eman lasterketa amaierara arte. Aratz Aizpurua lekeitiarrak gertutik jarraitzen saiatu da, baina gernikarrak alde nabarmena atera du azkenerako, eta aise gailendu da, marka hobetuz. Aizpuruak 58:13ko denboran amaitu du proba, bigarren postuan –iaz hirugarren izan zen–, eta Josu Etxeberria izan da hirugarren, 01:00:01koarekin.

Garate gainera igotzen bizkorrenak Maddi Marquet eta Aratz Aizpurua izan dira, eta getariar onenak, berriz, Ainere Tolosa eta Ibon Aranguren. Hauek guztiek maillot berezi bana jaso dut sari gisa, baita probako bi txapeldunek ere. Hori ere aurtengo beste berritasunetako bat izan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide