Aldundiaren nekazal bulegoko langileek "zerbitzu publikoa indartzearen alde" protesta egin dute

Nerea Uranga 2026ko ekainaren 9a

Aldundiaren Azpeitiko nekazal bulegoko langileen protesta gaur. (Nerea Uranga)

Lurralde Oreka Berdeko departamentua "ahultzen" ari diren bitartean, paraleloki fundazio eta erakunde "sasi-publikoak" sortzen aritzea egotzi diote nekazal bulegoetako langileek Gipuzkoako Foru Aldundiari. "Langileen funtzioek eta betebeharrek gora egin dute, baina langile publikoen kopuruak behera egin du, eta ez da kasualitatea", salatu dute gaur Azpeitian egin duten proteestan.

Gipuzkoako landa eremuaren, mendien eta naturaren kudeaketan Gipuzkoako Foru Aldundia zerbitzuak pribatizatzen ari dela salatu dute aldundiaren nekazal bulegoetako langileek. Azpeitiko bulegoan lan egiten dutenek kalejira zaratatsua egin dute Julian Elorza kalean dagoen bulegotik herriko plazaraino. Behin plazara iritsitakoan, Nekazal bulegoetan lan baldintza duinak leloa zuen pankartarekin elkarretaratzea egin dute.

Langileek protestan adierazi dute "urtetik urtera ahultzen" ikusi dutela aldundiaren Lurralde Oreka Berdeko Departamentua. "Langileen funtzioek eta betebeharrek gora egin duten bitartean, langile publikoen kopuruak behera egin du, eta ez da kasualitatea izan", salatu dute elkarretaratzean. Haien arabera, administrazio publikoaren egitura "desegin" duten neurrian, inguruan fundazio eta antzeko erakunde "sasi-publikoak" sortu dituzte: "Eratu dituzten erakunde horiek (Basotik, Etorlur....) egun administrazio paralelo bat dira. Aspaldian hasitako ezkutuko pribatizazioa orain agerian eta denon aurrean ari da gertatzen, zerbitzu publikoaren eta herritarren interesen kaltetan".

Departamenduaren barne finantzazioak "etengabe" behera egin duela, eta kanpoko empresei eta fundazioei bideraturako diru partidak gero eta handiagoak direla kritikatu dute nekazal bulegoko langileek. "Pribatizazio bidean ez dago estrategia hoberik ordezkatu nahi duzuna ahultzea eta kaos batera eramatea baino", erantsi dute protesta egin duten langileek, eta Xabier Arruti diputatuak zuzentzen duen departamentuari "okerreko erabakiekin, politikoki erraz kontrolatuko duen administrazio paralelo bat" sortzen aritzea leporatu diote.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide