Aldundiko Diputatuen Kontseiluak Azkoitian egin du geldialdia

Andoni Elduaien 2026ko ekainaren 9a

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Azkoitian egin duen bilera aprobetxatuta, Ana Azkoitia alkateak eta Eider Mendoza diputatuak bilera egin dute udaletxean, herriko zenbait proiekturi buruzko ideiak partekatzeko. 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Diputatuen Kontseiluak Intsausti jauregian egin du bilkura gaur, asteartea. Diputatuek astero egin ohi dute batzarra, eta gaur Azkoitian elkartu dira horiek. Eider Mendoza diputatu nagusia buru, bere gobernu taldeko beste zazpi diputatu izan dira Azkoitian –Maite Peña eta Jose Ignacio Asensio ez dira izan Intsaustin–. Ana Azkoitia herriko alkatea izan dute diputatuek bidelagun gaurko hitzorduan. 

Erakundearen egitekoa Gipuzkoa osora eta herritarrengana zabaltzeko asmoz egin dute bilkura diputatuek gaur. Mendoza diputatu nagusiak azaldu du Gipuzkoak "sustrai sakonak" dituela, eta Intsausti jauregiaren historiari egin dio hark erreferentzia: "Arrazoimenaren, aurrerabidearen eta zientziaren aldeko balioak oso errotuta daude gurean, baita gure hizkuntzaren eta kulturaren aldeko jarrera ere. Intsausti jauregiak badu sinbolismo berezi bat, eta Diputatuen Kontseilua Azkoitian eginda, balio horiek elkarlanaren bitartez sendotzen jarraitzeko konpromisoa berresten dugu". 

Diputatuen Kontseilu ibiltariaren bidez, Gipuzkoako udalerrien erronkak eta proiektuak ezagutzea, horiek gauzatu ahal izateko elkarren arteko lankidetza indartzea eta erakundeen egitekoa herritarrengana hurbiltzea du helburu aldundiak. Diputatuen batzarraren aurretik, hain justu, udaletxean elkartu dira Azkoitia alkatea eta Mendoza diputatu nagusia, eta biek elkarrekin aztertu dituzte Azkoitiko nahiz Gipuzkoako hainbat proiektu. "Erakundeok elkarrekin lan egiten dugunean, gai gara gure komunitateari zuzenean mesede egiten dioten eta haren garapena indartzen duten neurriak eta proiektuak bultzatzeko. Azkoitia oso herri dinamikoa da ekonomia, gizarte eta kultura mailan, eta lankidetzaren bitartez, proiektu komunetan sakontzen jarraituko dugu", esan du Mendozak. 

Azkoitia alkateak ere Mendozaren esanei eutsi die, eta aldundiarekin elkarlanean jarraitzeko asmoa erakutsi du hark. "Desafekzio politikoa horren nabarmena den garaiotan, garrantzitsua da gure instituzioak herritarrei hurbiltzea eta balioestea. Eta, gainera, non hobeto Euskal Herrian ilustrazioaren sehaska den Intsausti jauregian baino. Duela ia 300 urte, hemen korronte berritzaileak bilatzeko lan egin zuten, aurrerapen ekonomikoaren eta sozialaren alde, egun gure erakundeek egiten duten bezala", esan du hark. Alkateak, gainera, erakundeek "indarrak batu" eta "norabide berean lan egin" behar dutela azpimarratu du. "Gaur egungo erronkei ezin zaie banaka heldu. Horregatik, herrian ditugun proiektu nagusiak diputatu nagusiarekin partekatzeko aukera aprobetxatu nahi izan dugu gaur". 

Bilera amaitu ondoren, Azkoitiko zenbait puntutatik igaro dira diputatuak Azkoitia alkateak gidatuta, hala nola Balda plazatik, Plazaberritik, Floreaga auzotik, plazatik eta Berdura plazatik. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide