Larunbatean Gazte Eguna ospatuko dute Aizarnazabalen, Adiskide gaztetxeko kideek antolatuta. Urteroko hitzordua izan arren, aurtengoari ukitu berezia eman nahi izan diote, eta horren erakusgarri dira antolatu dituzten hainbat jarduera; besteak beste, txupinazoaren garaian Adiskideko sokatiralariei egingo dieten omenaldia eta horren osterako prestatu dute erakusketa. "
Azken urteetan gai bat aukeratu eta horren bueltan prestatu izan dugu Gazte Eguneko egitaraua", hasi da azalpenak ematen Ihintza Gartziarena gaztetxeko kidea. Iaz, esaterako, Far Aizarnazabal West leloa aukeratu zuten, western generoa gogorarazten zuten iruditegia erabili zuten kartelak egiterako, eta egunean bertan ere gisa horretako osagarriak jantzita ibili ziren. "Aurtengoan, ordea, Gazte Eguna besteetan baino herrikoiagoa izateko helburuarekin hasi ginen lanean, ikusten dugulako azkenaldian Aizarnazabal gainbehera doala bai herri bezala, baita herrian antolatzen diren ekitaldiei dagokienean ere, eta herriko bizitza galtzen ari dela".
Horri nolabait buelta eman nahian, eta Gazte Eguna herritar guztientzat moduko festa izateko xedearekin, Adiskide gaztetxearen historia aztertzeari ekin zioten gazteek. "Eta konturatu ginen justu aurten 50 urte betetzen direla Adiskide gaztetxea sortu zutela". Gartziarenak azaldu du lehen herrian bazela gune bat Zentroa deitzen ziotena eta gaur egun gaztetxeak duen funtzionatzeko modu bera zuena. Apaiz etxearen azpian zegoen lokal hura. "Herriko gazteak han biltzen ziren, orain gaztetxean egiten dugun bezala, eta haiek ere euren gustuko jarduerak antolatzen zituzten".
Etxez etxe, ate joka
Horiek horrela, Zentroaren historia arakatzeari ekin zioten. Sorreratik gaur egunera arteko bidea etapatan banatu, eta etxez etxe ate joka eta herritarrei laguntza eske ibili dira, informazioa, argazki zaharrak eta eta abar biltzeko asmoarekin. "Esan digutenaren arabera, garai hartan Aizarnazabalen ez zegoen ezer, eta Adiskide sortzea mugarri garrantzitsua izan zen herriko bizitzarentzat. Horren erakusgarri da herriko gazteek zein helduek elkarlanean sortu zuten sokatira taldea; emakumez osatutakoa zen, eta Adiskide izena jarri zioten". Eta hain zuzen ere, talde horretako kideak izango dira larunbateko Gazte Egunean omenduko dituztenak.
Behin txupinazoa botata eta sokatiralariei omenaldia eginda, gaztetxera joango dira denak, han prestatuta izango duten erakusketa ikustera. Etxez etxe biltzen joan diren informazioarekin eta argazkiekin osatuko dute hori, eta momentuz, larunbatekoa izango da ikusteko aukera bakarra. "Oraingoz esan dezakegu larunbatean ikusgai egongo dela, baina hortik aurrera ez dakigu zer bide egingo duen; ez daukagu ezer erabakita". Herritarrek nola erantzuten duten ikusi nahi dute aurrena, ea interesik sortzen dien. "Politena izango litzateke jendea animatzea, etxean dituen argazki zaharrak-eta ekartzea, eta orain arte bildu ditugunekin eta berriekin bilduma are interesgarriagoa osatzea". Kasu horretan, bai, berriz ere ikusgai jarriko lukete erakusketa, baina ez daude ezer ziurtatzeko moduan; "oraingoz larunbateko plana bakarrik da".
Goizaldera arteko festa
Gazte Eguneko egitaraua osatzeko antolatu dituzten gainontzeko jarduerak beste urteetakoen antzerakoak izango dira: gazte bazkaria eskolapean; bingo musikatua eta Zooplost jolasa; Elektrotxufarekin elektrotxarangarekin kalejira; Manitu taldearen kontzertua; Maixa eta Malakias, Patx, Indate eta Tximas DJen saioak... Antolatzaileek nabarmendu dutenez, urteak zeramatzaten Maixa eta Malakias herrira ekarri nahian, eta gustura daude aurtengoan lortu egin dutelako.
Larunbatekoa egun ederra izango dela konbentzituta, Gartziarenak herritarrei dei egin die antolatu dituzten jardueretan parte hartzera, txupinazotik bertatik hasita. "Batez ere erakusketa ikustera joateko eskatuko nieke, eta espero dugu herritarrei gustatuko zaiela; guk, behintzat, intentzio horrekin jardun dugu".
Antolatzaileek ohartarazi dute Zarauzko triatloia dela-eta errepide mozketak iragarri dituztela larunbaterako, eta horiek, zenbait unetan, Aizarnazabalera iristeko oztopo izan daitezkeela, baina 18:30etik aurrera libre egongo dira errepideak. Bazkarirako txartelak, berriz, ostegunera arte Uztarri tabernan egongo dira eskuragai, 15 euroren truke.
Hona hemen Gazte Eguneko egitaraua, osorik:
- 12:30. Txupinazoa eta Adiskideko sokatiralariei omenaldia.
- Ondoren, Adiskideen argazkia eta trikipoteoa.
- 13:00. Adiskide museoaren irekiera.
- 14:30. Gazte bazkaria.
- 16:30. Bingo musikatua eta Zooplost.
- 18:00. Elektrotxufla.
- 20:00. Patx DJa.
- 20:30. Afaltzeko ogitartekoak.
- 22:30. Kontzertuak: Manitu Band, Maixa eta Malakias, Indate eta Tximas.
- 06:00. Gaupaseroen argazkia.