Egun zoragarria lagun, Asentzio Azoka egin dute goiz-eguerdi partean Aian, eta jendeak ez du aukerarik galdu nahi izan nekazaritza, abeltzaintza eta artisautza protagonista dituen festan murgiltzeko.
Ohiko moduan, nekazaritzako makineria eta lanabes azoka izan da ikusgai pilotalekuaren atzekaldean, eta horrekin batera, baserriko lanabes zaharren mostra. Gainera, ez da falta izan abereen eta hegaztien erakusketa futboleko kantxan, edozein adinetako herritarren ikusmina piztu duena. Asko eta asko argazkiak ateratzen aritu dira liluratuta.
Era berean, 40 artisau postu inguru jarri dituzte herrian zehar, besteak beste, bitxiak, arropak, gozoak edota loreak saltzeko. Hori gutxi balitz, bi zalgurdi ibili dira kalean gora eta behera bertaratu direnen gozamenerako.
Jai egunari arratsaldean emango diote segida. Hain zuzen ere, 18:00etan hasita, erromeriaz gozatzeko aukera izango da iluntzera arte, Enaitz eta Erkiziren eskutik.